'Reset' egiteko euskaraldi bat

Datorren urteko maiatzaren 15etik 25era eginen dute laugarren Euskaraldia, ‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelopean. Iruñean egin dute aurkezpena, eta berrikuntzak iragarri dituzte, «herritarrengan ilusioa pizteko».

Euskaraldia 2025eko udaberrian egingo dela jakinarazteko ekitaldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Euskaraldia 2025eko udaberrian egingo dela jakinarazteko ekitaldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko urriaren 24a
19:30
Entzun

Berrabiarazi, mugitu, eragin. Euskaraldiaren kontzeptua aldatu nahi dute antolatzaileek, ariketa sozialaren laugarren aldian, ilusioak berritzeko. «Euskaraldia bera ulertzeko, ikusteko eta bizitzeko modua» aldatzea da gakoa. Reset botoia sakatzea, aurrera egiteko. 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean eginen dute egitasmoa, eta gaur azaldu dituzte laugarren aldiaren nondik norakoak Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Euskalgintzaren Topaguneko antolatzaileek ez ezik, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan hizkuntza politikaz arduratzen diren ordezkari nagusiek ere: Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok; Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak; eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behotegik. Enpresen, gizarte erakundeen eta euskalgintzaren esparruetako ordezkariak ere batu dira aurkezpenera.

Euskaraldiko koordinatzaile den Goiatz Urkijok hartu du hitza lehenbizi, eta gogorarazi du Euskaraldia dela «euskararen erabileran eragiteko tresna, bide eta modu masiboena». Izan ere, eta eman dituen datuen arabera, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartu dutenak. Kopuruez harago, baina, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa ere Euskaraldiak eraginkortasun «aski frogatua» duela gaineratu du Urkijok. Eta, hala ere, baditu mugak: «Euskaraldia ez da kanpaina huts bat, ariketa sozial bat baizik. Euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa». 

Horregatik, uste dute garaia heldu dela proiektua berrabiarazteko. Ez da bat-bateko ateraldia edo gauetik goizera hartutako erabakia izan: azken aldiaren ostean, Euskaraldiko antolatzaileek gogoeta prozesua abiatu zuten gizarteko dozenaka eragilerekin eta norbanakorekin batera, eta hori da bilera sorta horretatik ateratako ondorioetako bat: «Euskaraldiak berrikuntza behar du, herritarrengan, berriz ere, ilusioa era masiboan piztuko badu». Esan eta egin: erronkari «gogoz eta ausardiaz» heldu diotela azaldu dute Topaguneko kideek, «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia» lortzeko xedez.

Dinamika zabaldu, herritarrak aktibatu

Euskaraldiaren laugarren aldiak gainditu eginen ditu aurreko urteetako dinamikaren mugak. Urkijoren esanetan, ez dute nahi Euskaraldia izatea «egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala». Zabaldu egin nahi dute, bai denborari bai eraginari dagokionez, «nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denek batera» egiteko dinamika izan dadin. 

Horretarako, euskaltzale aktiboen mugimendu bat sortuko dute propio: Euskal Herri osoan, euskararen erabilera pizteko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika indartuko dute. «Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiaraziko ditugu», esan du koordinatzaileak. Helburu horrekin lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko horrek hainbat gako ematen ditu «mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko».

Aktibazio horri erreferentzia eginen dio 2025eko Euskaraldiaren leloak ere: Elkar mugituz egingo dugu. «Mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia», azpimarratu du Urkijok. «Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz». Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, «mugitu» egiten dira solaskideak, eta gizartea bera. «Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonak batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da», azaldu du. 

Jarreretan ez ezik, emozioetan ere eragin nahi du Euskaraldiak. Ariketaren «sakontasun emozional kolektiboa» nabarmendu dute antolatzaileek gaurko aurkezpenean: «Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik». Izan ere, Euskaraldia festa bat ez den arren, «gozamenetik» ere egin daitekeela azpimarratu du Urkijok: «Emozioek eta umore onak eramangarriagoa egingo dute estres linguistikoa».

Aldatuko ez dena

Berritasunak berritasun, antolatzaileek esan dute Euskaraldiaren oinarria eta «esentzia» mantenduko dituztela: partaideek ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatu beharko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita eginen dute ariketa. Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Urkijok: «Txapak ahalbidetzen du ariketa bera, eta norberaren hizkuntza portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere ingurukoei mezu argia bidaltzen die: 'Nirekin egizu euskaraz, lasai'». 

Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute, halaber, Euskaraldiak berekin dakartzan hizkuntza portaerak gizarteratzeko; hala nola lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak sustatuz); eta euskaldunak, beste euskaldun batzuekin ari direnean, euskaraz egitea beti.

Euskaraldian parte hartuko duten herriak hasiak dira jada izena ematen, eta entitateek ere aukera dute www.euskaraldia.eus webgunean izena emateko. Herritarren txanda, berriz, martxoan izanen da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi gisara izena emateko aukera.

Elkarlana erakundeekin

Euskaraldiaren antolaketaren oinarrietako bat elkarlana izango da laugarren aldian ere. Hori dela eta, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijorekin batera, ekinaldiaren Koordinazio Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Han izan dira Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iziar, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behotegi. 

Ariketaren baliagarritasunaz solastatu da Behotegi.Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria euskara ikasten ari da, eta azaldu du «belarriprest hasiberri gisa» arituko dela: «Zuen aitzinean naiz, euskararen aktibazioan parte hartzeko, ikasle eta hautetsi gisa». Euskaraz «lasai» aritzeko gune eta uneen garrantziaz mintzatu da Behotegi, eta behar horretan kokatu du Euskaraldia ere: «Garrantzitsua da presentzia emendatzea eta euskara erabiltzeko tokia zabaltzea, urduritasunik gabe egiteko. Euskaraldia bezalako egitasmoak euskarari gizartean behar lukeen tokia emateko baliosak dira».

Ollo kontseilariak, berriz, elkarlanari erreparatu dio. «Edizioz edizio errotuz joan da, eta esan daiteke aro berri bati hasiera eman zaiola. Denek parte hartzen dute, denok parte hartzen dugu, bakoitzak bere esparruan asko eskaini baitezakegu. Erakutsi dugu, beraz, dikotomietatik haratago, bata ala bestea baino gehiago, biak direla garrantzitsuak. Batez ere, lankidetza horren ondorioz sortzen denak gizarteari bikoitza eskaintzen diolako», azaldu du.

Bengoetxea sailburuak, berriz, aipagai izan ditu azken urteetan eragile, herritar eta erakunde publikoek egin dituzten urratsak. Haren ustez, ezinbestekoa da lanean jarraitzea, «batez ere, lan munduan eta aisialdian euskaraz aritzeko», baita euskararekin loturarik ez dutenak euskarara hurbiltzeko ere: «Euskarak denok behar gaitu, eta Euskaraldia aukera aparta izango da helburu horri bultzada emateko».

Azkenik,Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak esan du euskarak nazio mailako ekinaldi jendetsuak behar dituela, denak «batzen eta mugitzen» dituztenak, eta, horrekin batera, euskarak «gizarte mugimendu indartsu bat» behar duela. Erronka horri begira dago Euskaltzaleen Topagunea: «Egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei bide emango dien mugimendu bat nahi dugu. Herrigintzatik eta komunitategintzatik euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzeko moduak berrasmatu nahi ditugu, eta ahalegin horretan kokatzen dugu Euskaraldiaren laugarren aldia», azaldu du Iziarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.