Azken mugimenduek baieztatu dute Repsol parke eoliko bat eraiki nahian ari dela Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lurretan. Hernaniko, Berastegiko eta Elduaingo mendi aldeak hartuko lituzke Gipuzkoan, eta Arano eta Goizueta arteko inguruak Nafarroan. Proiektuak ia ehun megawatteko (MW) potentzia izango luke gauzatuz gero, eta hamalau aerosorgailuk osatuko lukete: Euskal Herriko parke eoliko handienetakoa bihurtuko litzateke. Espainiako Gobernua ari da proiektua aztertzen, aldez aurreko baimena eman ala ez erabakitzeko.
FE Energy enpresako ordezkariak Aranoko Udalarekin jarri dira harremanetan azken hilabeteetan, proiektua lantzen ari direla jakinarazteko. FE Energy parke eolikoen eta fotovoltaikoen garapenean aritzen den enpresa bat da, eta, haren ordezkariek udalari azaldu diotenez, Repsolentzat ari dira ontzen egitasmoa.
Aste honetan, haize errotentzat aurreikusten duten kokapenari buruzko xehetasun batzuk eman zituzten. Hasieran, FE Energyk sei aerosorgailu aurreikusten ditu Hernanin, bi Aranon, hiru Hernani eta Arano arteko mugan, bat Arano eta Goizueta artean, eta bi Goizueta, Berastegi eta Elduain arteko muga inguruan.
Kokapen horiek aztertuta, instalazioa «oso inbaditzailea» dela uste du Joxan Ruiz Aranoko alkateak. «Hasieran, uste genuen Arano eta Gipuzkoa arteko mugan jarri nahi zituztela [haize errotak], herriaren pare-parean, baina ikusi dugu badirela beste bi edo hiru, bueltan-bueltan herriraino etortzen direnak ia». Herria inguratuta geldituko litzateke.
FE Energyko ordezkariak uztailean joan ziren lehen aldiz Aranora, eta «azpiegiturak» eskaini zizkioten udalari, egitasmoa onartzearen truke, Ruizek azaldu duenez. «Loteria tokatu zitzaigula esan ziguten». Alkatea ez dator bat iritzi horrekin, eta udalak proiektuari alegazioak aurkeztuko dizkiola iragarri du. Ruizen iritziz, parke eolikoak eragin nabarmena izango luke Aranoren inguru naturalean, eta herriaren altxorrik handiena horixe dela ziurtatu du. «Ez daukagu besterik».
«Hasieran, uste genuen Arano eta Gipuzkoa arteko mugan jarri nahi zituztela haize errotak, baina ikusi dugu badirela beste bi edo hiru, bueltan-bueltan herriraino etortzen direnak ia»
JOXAN RUIZAranoko alkatea
Proiektuaren ebaluazioa ez dagokio Eusko Jaurlaritzari. Espainiako Trantsizio Energetiko eta Erronka Demografiko Ministerioak egin behar du, parkearen potentzia 50 MWetik gorakoa delako eta autonomia erkidego bat baino gehiagoren eremuak hartzen dituelako. Espainiako Gobernuak egitasmoaren hasierako azterketa egin ostean, kontsulta publikorako argitaratuko du, eta 30 eguneko epe bat zabalduko du alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Aranon kezka eragin du parke eolikoaren proiektuak, eta bizilagun batzuek Urumeako Mendiak Bizirik plataforma sortu dute. Alegazioak prestatzeko informazioa aztertzen ari da sarea. Erramun Galparsoro plataformako kideak ezinbestekotzat jotzen du Aranoko inguru naturala kontserbatzea, herriak berak bizirik iraun dezan, baina kalteak Aranotik haragokoak izango liratekeela nabarmendu du. «Gure ibarra iturburu bat da, hemen errekak jaiotzen dira, eta hankaz gora utziko dute». Gaineratu du horrek ondorioak ekarriko lituzkeela beste herri batzuetan ere. «Erreka hauek ez dira gureak, hernaniarrenak ere badira, donostiarrenak ere bai, eta datozen belaunaldienak».
Inguru bertsuan, bada beste parke eoliko bat eraikitzeko proiektu bat ere, Hernaniko lurretan Repsolen egitasmoari gainjarriko litzaiokeena. Enigma Green Power enpresak aurkeztutakoa da —FE Energy bezala, proiektu energetikoen garapenean aritzen da hura ere—. Instalazioak bost haize errota izango lituzke, eta 33 MWeko potentzia. Ikatz Gane izena jarri diote egitasmoari, eta sustatzaileek aldez aurreko baimena lortzeko eskaria egin zioten Eusko Jaurlaritzari joan den maiatzean. Aranoko Udalak azaldutakoaren arabera, FE Energyk adierazi die bi egitasmoak ez direla bateragarriak, eta batak aurrera egiten badu bestea bazterrean geldituko dela.
Ingurumen eragina
Bi proiektu horiek ingurumenean eragingo lituzketen kalteei buruzko txosten bat ondu du Mikel Alvarez ekintzaile ekologistak, eta Urumeako Mendiak Bizirik plataformakoek hura hartu dute oinarri alegazioak prestatzen hasteko. Dokumentuan, ohartarazi du parke eolikoak ingurumen eragin nabarmena izango lukeela Urumea ibaiaren haranean, zeinak «Leitzarango Haranaren antzeko biotopo bat» osatzen duen, «zabalera eta sare hidrografikoaren kalitatea» aintzat hartuta.
Alvarenez esanetan, Repsolen eta Enigma Green Powerren egitasmoak ez datoz bat Gipuzkoako Foru Aldundiak Urumeako mendi alderako ezarrita dauzkan helburuekin «baso birnaturalizazioari eta berreskurapen ekologikoari dagokienez». Gogorarazi duenez, inguru hori Gipuzkoako Azpiegitura Berdea osatzeko lehentasunezko eremuetako bat da. Funtzionaltasun ekologikorako intereseko gunetzat jotzen du aldundiak Aiako Harriko, Urumeako ibaiko eta Leitzarango eremu babestuak lotzen dituelako.
Nafarroako aldean, Mandoegiko mendilerroaren zatirik handiena kontserbazio maila handia duen onura publikoko mendi eremua dela ohartarazi du Alvarezek txostenean. «Zentral eolikoak instalatzea bateraezina da mendi babesle gisa dituzten ezaugarriak gordetzearekin eta basorako lurzoru urbanizaezin gisa duten kalifikazioa mantentzearekin».
Horrez gain, gune megalitiko aberatsa dago Arano, Goizueta eta Hernaniko Ereñotzu auzoaren arteko ingurunean, eta Repsolen proiektu eolikoak hari ere eragingo liokeela ohartarazi du Aranoko alkateak. «Parke megalitikoaren gailurreria osoa harrapatzen du bete-betean». Ruizek azaldu orain 66 megalito daudela; cromlechak, tumuluak eta trikuharriak. «Baina nork daki lurrak pixka bat mugituz gero beste bat aterako den. Aerosorgailuak gailurreria horretan jartzeak kalteak ekar ditzake ondarearentzat».
Urumeako Mendiak Bizirik elkarteak jendea mobilizatu nahi du Arano haize errotaz inguratuta gelditu ez dadin, eta proiektuari buruz dituzten kezkak lantzen ari dira inguruko udaletako herritarrekin. «Trantsizio energetikorantz jo behar da, baina ez dugu uste hau denik eredua». Haren esanetan, parkea egiteak «herria desagertzea» ekarriko du.