«Hau al da trenaren azkeneko geldialdia?». «Pasaiara noa; non hartu behar dut autobusa?». «Autobus hau Irunera al doa?». Horiek izan dira Renferen Donostiako tren eta autobus geltokian gehien entzun diren esaldietako batzuk. Zalantzaz jositako goiza izan da treneko erabiltzaileentzat. Donostian bezala, trenak lotzen dituen Gipuzkoako beste hainbat herritan ere ezjakintasuna nagusitu da goizean goizetik.
Minutu gutxi batzuk falta dira goizeko 08:38rako. Donostiara doan trena ordu horretan iristea espero da Ordiziako geltokian. 08:38 dira, baina ez da trenik ageri. 4 urteko semea eskutik helduta duela, beste eskua altxatu du ama batek, ordulariari begiratzeko. 08:43 direla dio erlojuak. Etorri da trena. «Tira, azkenaldian nahiko puntual dabil», dio barrezka erretiratu batek.
Tren barruan, bidaiaren noranzkoaren inguruan galdezka dabil Agustin Lasa. Aste bukaerako mozketen eraginez, Hernanira arte eraman zituzten bidaiariak, eta han ibili zen Lasa, «alde batetik bestera». Makulu bat darama ezkerraldean, eta esan du hala daudenentzat ez dela «gustu onekoa» horrela ibiltzea. Atzoko bidaia gogora ekarrita, argi utzi du ez duela errepikatu nahi: «Erotuta ibili ginen; izugarrizko kaosa zegoen Hernaniko tren geltokian». Lasak ez zuen trenaren azkeneko geldialdiaren inguruko informaziorik; adinez nagusia dela dio, eta geltokira joaten ez bada, ez duela aldaketen berri izaten. Trenaren azkeneko geltokia Donostia dela jakin bezain laster, hasperen egin du.
AHT abiadura handiko trenaren obrak egiteko, Donostia eta Irun lotzen dituen trenbidea itxi zuten abuztuaren 3an, eta horrela egongo da hilaren 25era bitarte. Tarte horretan Renfek eskaintzen duen tren zerbitzua ordezkatzeko, autobusak jarri dituzte. Autobusen ordutegia trenen berdina izango dela azaldu du Renfek webgune ofizialean, baina bidaiariek egiaztatu dute praktikan hori ez dela hala.
Zalantzaz jositako goiza Donostian
Martutene, Loiola… «Hurrengo geltokia, Donostia», entzun da bozgorailuetatik. 09:35 dira, eta jende andana jaitsi da trenetik Donostiako geltokian. Denak jaitsi dira, batzuk izan ezik. Eli Perez Donostiako Gros auzoko geltokian jaisten da egunero, lanera joateko. Gaur ere, martxa berean jarraitzeko asmotan, trena Donostian gelditu ostean ez da eserlekutik zutitu, trena berriz martxan noiz jarriko esperoan.
Ez da tren barruan geratu den bidaiari bakarra izan; erretiratu bat eta Zurriolako hondartzara zihoan ama bat eta haren semea ere bertan gelditu dira. Ez zuten aldaketaren berri, eta inguruko bidaiariek ohartarazi behar izan diete trenak ez zuela aurrera jarraituko. «Obrek ez didate kalte gehiegi eragiten, baina geltokietako informazio faltak gogaitu egiten nau», adierazi du Perezek.
«Obrek ez didate kalte gehiegi eragiten, baina geltokietako informazio faltak gogaitu egiten nau» ELI PEREZRenferen erabiltzailea
Renfe enpresako hainbat langile dabiltza Donostiako tren geltokian, erabiltzaileei laguntzen. Errenteriara joan behar du emakume erretiratu batek, eta langile batek azaldu dio autobus geltokira joan behar duela, hamazazpi eta hemezortzi nasetara, zehazki. «Hamar minutu dituzu zubia zeharkatu eta autobusa bilatzeko. Han esango dizute zein autobusetara joan behar duzun», azaldu dio langileak.
09:51n abiatu da autobusa Donostiako autobus geltokitik, Irun aldera doan jendez beteta. Grosen egin du lehen geldialdia, Mirakruz kalean. Kanpoan, txaleko horidun langile bat dago, jendearen zalantzak argitzeko. Bi pertsona igo dira, eta bere bideari jarraitu dio autobusak. Ategorrieta, Intxaurrondo, Altza, Pasaia, Errenteria. Azken horretan jaitsi da jende gehien. Donostiara joan nahi duten hamar pertsona inguru daude Errenteriako tren geltokiaren parean, Renfeko langile batekin. 10:13an iritsi behar zuen autobusak, 10:17an azaldu da, baina, jendearen zalantzen eraginez, atzeratu egin da.
Normaltasuna gazteen artean
Autobus bidezko zerbitzua aste bukaeran jarri zenez martxan, gaur autobusa «arazorik gabe» hartu duela dio gazte batek. Irundik dator, eta egunero hartzen du trena Hernanira joateko. Larunbatean zalantza gehiago zeudela esan du, baina gaur jendea lasaiago zebilela.
«Aldaketa horiek guztiak enpresaren webgunean azaldu beharko lituzkete, eta geltokiak non dauden zehaztu» AINHOA MARTINEZRenferen erabiltzailea
Ainhoa Martinez egunero joaten da Donostiatik Irunera, lanera. Egoeraren berri bazuela azaldu du, eta, sakelakoan instalatua duen Renferen aplikazioaren bitartez, trenaren ordez autobusa izango zuela jakin du. Hala ere, ordutegietan «gabeziak» daudela dio, eta, autobusek izango duten ordutegia trenen bera izango dela esan duten arren, adierazi du hori ez dela egia: «Trafikoa dela eta, autobusak denbora gehiago behar du geltokietara iristeko, eta, trena Donostiara iristen denean bidaiariek hamar minutu badituzte autobus geltokira iristeko, ordutegiak ez dira berdinak izango. Aldaketa horiek guztiak enpresaren webgunean azaldu beharko lituzkete, eta geltokiak non dauden zehaztu».
Irunen, 10:18an autobusik ez
Donostia ez da izan kaosa nagusitu den leku bakarra. Irunen, 10:18ko autobusaren zain dago gazte bat; gero, Donostian trena hartu eta Andoainera joan behar du, lanera. Donostiara doan jende gehiago ere bada geltokian, distantzia ertaineko trenerako txartelekin. Baina denbora aurrera doa, ez dator autobusik, eta, geltokiko langile bati galdetuta, «ez dakit etorriko den» erantzun dio gazteari. Euskotrenera joatea aholkatu dio. Tren horrekin ezin da garaiz heldu Donostiako geltokira, baina, Amara auzoan jaitsita, Donostia erdia zeharkatu beharko luke oinez.
Autobusaren egoeraz informazio gehiagorik ez dutenez, Irungo geltokian dauden beste bidaiariei taxi bat eskatu diete enpresako langileek. Distantzia ertaineko trenerako txartelak dituztenez, «lehentasuna» dutela argudiatu dute. Andoainera lanera joan behar zuen gazteari, baina, ez diote argibiderik eman. Geltokiko langile batek «nik ez dakit ezer» erantzun dio, eta etxera bueltatu behar izan du gazteak.