Renfe eta Adif enpresetako sindikatuak akordio batera iritsi dira, eta biharko aurreikusia zuten greba bertan behera utzi dute. 30.000 langile inguru zituzten deituak lanuztera, ERCren eta PSOEren arteko negoziazioen ondorioz hartutako erabakiarengatik: Kataluniako Generalitateak Rodaliesen (Kataluniako aldirietako eta eskualdeko tren sarea) kudeaketa bere gain hartzea zen asmoa. Sindikatuek, baina, uste dute «erabaki okerra» izan dela, eta «zerbitzu publikoentzako, langileen eskubideentzako eta trenen funtzionamenduarentzako galera» izango dela.
Sindikatuek diote akordioa ez dutela sinatu oraindik, baina «enpresak bere horretan mantentzeko konpromisoa dagoela, eta negoziazio mahai bat eratzekoa ere bai». Dena den, ez dago argi zein izanen den akordio hori, ERCren eta PSOEren artean adostu baitzuten tren azpiegitura guztiak Kataluniako Generalitatearen esku geldituko zirela. Deitutako lanuzteengatik distantzia erdiko eta luzeko 1.500 tren geratuko lirateke bertan behera, eta bertze 990 salgaienak. Biharkoaz gain, bertze hiru greba egun ere deituak zituzten.