Pepe Rei

Reik izandako istripuari buruzko susmoak berretsi dituzte eskertza eskutitzean

Pepe Rei kazetari hilberriaren senideek gutun bat plazaratu dute, eskerrak emateko azken egunetan euren ondoan egon direnei eta babes mezuak bidali dizkietenei.

Pepe Rei, 2013. urtean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko martxoaren 21a
10:41
Entzun

Joan den martxoaren 9an hil zen Jose Benigno Rei (Cenlle, Galizia, 1947 - Donostia, 2021), Pepe Rei, 1990eko hamarkadan ikerketa kazetaritzaren aitzindaria izan zena Euskal Herrian. Ordutik igaro diren egunetan jasotako babesa eskertzeko gutun bat helarazi du haren familiak, eta, besteak beste, adierazi du 2002an Reik izan zuen ezbeharra ez zela trafiko istripu soila izan. Gutuna, osorik:

Pepe Reiren familiaren eskertza

Gure eskerrik eta maitasunik zintzoena adierazi nahi dizuegu egunotan gure ondoan egon zareten guztioi, maitasun eta babes mezuak era partikularrean, sare sozialetan eta prentsaren bidez bidali dizkiguzuenoi.

Ohartuta geunden Pepek sortzen zuen ezagutzaz eta estimuaz, pertsona moduan eta kazetaritzaren profesional moduan; ez Euskal Herrian bakarrik, baita Herrialde Katalanetan, Galizian, Asturiasen, Andaluzian, Argentinan, Kuban, Portugalen, Erresuma Batuan… eta adierazi diguzuenak berretsi egiten du uste hori, aurrera segitzeko behar dugun animorako indarra ematen digu.

Askok galdetu diguzue Euskal Herriari horrenbeste lagundu zion galiziar horrek egindako lana aitortzeko edo omentzeko ekitaldirik antolatuko ote den. Begi bistakoa da osasun egoerak ez duela uzten. Hala ere, lagunek eta lankideek adierazitako nahia hori bada, zuen esanetara jartzen gara egin ahal izateko.

Bukatzeko, familiak adierazi nahi du susmo hutsa baino zer edo zer gehiago daukala Pepek eduki zuen istripuaz. Istripu hark egiten ari zen hainbat ikerketa moztu zituen, testuinguru soziopolitiko jakin batean gertatu zen, eta ezin izan zen argitu. Beti segituko dugu lanean argitu ahal izateko.

Donostia, 2021eko martxoaren 20a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.