REE goi tentsioko linea N-1 ondotik egiteko prest dagoela dio PSEk

Txarli Prietok uste du egitasmoa aurrera eramateko adostasun zabalagoa lortuko dela bidea aldatuz gero

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroa eta Araba arteko goi tentsioko linearen inguruan aldaketak egon daitezke datozen asteetan. Linea Estellerritik eta Arabako Mendialdetik igaro beharrean iparralderago egiteko aukera babestea erabaki du PSE-EEk,N-1 autobidea doan tokitik. Egitasmoaz arduratzen den Red Electrica de España (REE) enpresako ordezkariekin bildu da egoera aztertzeko, eta PSEk iragarri du «datorren astean» aldaketak gerta daitezkeela.

«Goi tentsioko linea N-1eko errepidearen korridorean egiteko konpromisoa datorren astean lortzeko aukera asko dago», laburbildu zuen Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak atzo, Eusko Legebiltzarrean. Bidea aldatuz gero, goi tentsioko lineak ingurumenean eragin ditzakeen kalteak handiagoak izango direla onartu zuen Prietok. Dena den, egitasmoa gauzatzea lehentasuna dela nabarmendu du Prietok eta hori lortzeko PSE-EEk lan egiten jarraituko duela gaineratu.

REEko presidentea Luis Atienza, Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea, Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua, Arabako Biltzar Nagusietako ordezkariak eta Espainiako Gobernuko Ordezkaritzako ordezkariak asteazkenean bildu ziren Gasteizen, eta goi tentsio linea egiteko asmoa berretsi zuten. Ordea, egitasmoa «blokeo egoeran» dagoela ikusita, linea beste toki batetik eramateko aukerak indarra hartu du PSE-EEn, adostasun zabalagoa lortzeko ahaleginean.

PSE-EE izan da REEk orain arte hobetsi duen bidea babestu duen alderdi bakarra. Estellerria, Arabako Mendialdea, Trebiñu eta Gasteizko Mendietatik doa bide hori. Arabako Biltzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra eta Espainiako Kongresua bide horren kontra agertu diren arren, REEk aukeratutako jatorrizko bidea defendatu izan du PSE-EEk. Jarrera aldatzea erabaki du ordea.

Nafarroan, kalte gehiago

Arabako Foru Aldundiak hainbatetan gogorarazi du Sakanatik eta Arabako Lautadatik doan goi tentsioko linearen bidea REEren lehen aukera izan zela. Dena den, Arabako Mendialdetik igarota baino ingurumen kalte handiagoa egingo luke lineak N-1eko korridoreari jarraituta; bereziki, Nafarroan pilatuko lirateke kalteak. Hori dela eta, goi tentsioko linearen aurkako plataforma linearen ibilbidea aldatzearen aurka agertu da. Arazoa lekuz mugitzea dela argudiatu du, eta gaur egun dagoen goi tentsioko lineen azpiegitura erabiltzearen aldeko jarrera berretsi du, berririk egin gabe.

Txarli Prietok atzo egin zituen adierazpenak harriduraz hartu ditu plataformak. Baieztapen hori gauzatuz gero proiektuen izapideen zilegitasuna kolokan geldituko dela azaldu du Alberto Friasek, plataformako kideak: ingurumen eraginari buruzko txostena, egitasmoari buruzko informazio publikoa... Hain zuzen ere, behin-behineko egitasmoari zuzenketak aurkezteko epea indarrean dago.

Bestalde, kalte gehien eragiten duen bidea aukeratuz gero, REEk azalpenak eman beharko dituela azaldu du Friasek. Ingurumen kaltea neurtzeko izapide guztiak kolokan geldi daitezkeela zehaztu du Friasek, eta eztabaida teknikoa izan behar zuen horretan joko politikoak duen eragina nabarmendu du. «Goi tentsioko lineak Natura 2000 sarean kalte gehiago eragingo du Sakanako bidetik, Arabako Mendialdetik baino», gogorarazi du.

Datorren igandean Herri Alegazio Eguna egingo du plataformak, goi tentsioko lineak egin ditzaketen herrietako biztanleek egitasmo horren kontrako jarrera berrets dezaten. Atzoko adierazpenek irekitako testuinguru berria ikusita, Agurainen (Araba) egingo duten ekitaldiak are garrantzi handiagoa izango du, Prietoren adierazpenak gauzatuz gero, Arabako Lautadako herri horretatik igaroko baita linea.

UAGA nekazari sindikatuko ordezkariak, Arabako Kontzeju Elkarteko kideak eta hainbat udalerritako alkateak bilduko dira Agurainen, goi tentsioko linearen aurkako jarrera adierazteko, REEk aukeratzen duen bidea aukeratzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.