Pastor

Rebeka Martxoaren 8an

2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Rebecca filma, Alfred Hitchcock-en maisulana, eman dute aste honetan telebistan: thrillerra, misterioa, tentsioa eta maitasun eredu itxuraz zaharkitua, baina oraindik bizirik dagoena. Rebecca, Maxim de Winter aristokrataren lehen andrea, garaiezina zen —heriotzak baino ez du makurraraziko—, argia, azkarra, boteretsua, gaiztoa. Eta «munduko kreaturarik ederrena», senarraren lagun batek deskribatzen duenez.

Rebeccak txotxongilo bihurtzen zituen gizonak. Liluratu, engainatu edo menderatu egiten zituen. Gorrotagarria zen, baina ez soilik halakoa izateagatik. Bada besterik: gizonezkoenak baizik ez omen diren izaera eta portaeren jabe zen Rebecca. Gizon bati gustura edo gogoz kontra onartzen dizkiogun ezaugarriak zituen. Hori barkaezina zen lehen. Eta barkaezina da orain.

Guztiz bestelakoa da bigarren De Winter andrea —emakumeak ez du izenik, hala deitzen diote filmean: De Winter andrea—. Senarrari plazer egitea beste helbururik ez du. Bere burua sakrifikatzeko prest egongo litzateke gizona zoriontsu egiteko. Maitasunaren ikuspegi tradizionalak goresten duen irudia gorpuzten du De Winter andreak. Gizon barik babesgabe ikusten du bere burua. Etxerako modukoa da, antzina esaten zen moduan.

Rebecca 1940. urtean filmatu zuten. Telebista bazegoen orduan, zuri-beltzean, baina ez oso garatua eta are gutxiago hedatua. Egun, teknologia berriek gobernatzen gaituzte. Adimen artifiziala gure hainbat funtzio ordezkatzen hasi baino ez da egin. Aldatu da mundua, baina arlo batzuetan ez hainbeste: mutil gazteak feminismotik gero eta gehiago urruntzen ari direla esan zigun EAEko Arartekoak iaz. 15 eta 19 urte bitarteko mutil gazteen ia laurdenek jarrera eta pentsaera matxistekin bat egiten dutela jakinarazi berri du Emakundek.

Zergatik hori? Ez da batere erraza mendeetako tradizioa eta joerak goizetik gauera apurtzea, nahi izanda ere —eta nahi ez baduzu, are gutxiago—. Beste alde batetik, orain arteko botere posizioa eta pribilegioak kolokan ipintzeak asaldatu egiten ditu gazte horiek. Oraindik ez omen daude rol berrietara egokitzeko prestatuta. Hirugarren arrazoia: sare sozialek azaleko komunikazioa bultzatzen dute, mezu erraz eta merkeen arrakasta. Berehalako inpaktua bilatzen dute erabiltzaile askok, hausnarketa pausatuaren kalterako.

Gainera, sare sozial horiek genero rolak indartzen dituzte, La Vanguardia egunkariak Martxoaren 8aren harira argitaratutako artikuluan azaltzen denez: neska gazte batek hauxe esan die bere jarraitzaileei TikTok-eko bideo batean: «Nork nahi du gizon baten parekoa izan, jainkosa bat bezala zaindu, babestu eta tratatzen duten pertsona izan ahal badu?». Eta mutil batek, beste grabazio batean: «Esan ziguten emozionalagoak, sentikorragoak edo adeitsuagoak izanez gero askoz erakargarriagoak izango ginela emakumeentzat. Orduan, zergatik segitzen dute aukeratzen halakoak ez direnak?». Ikusleek barre egin dute.

Eta De Winter andre gutxiago eta Rebecca edo Rebeka gehiago beharko bagenitu, sorry papi, yo no soy tu mami esatetik harago joango direnak? Zabaltzen ari den izurriteari aurre egiteko. Konpentsatzeko, geroak ez baitu oso itxura ona. Izan ere, gazte horiek bigarren De Winter andrearen bila ari dira, autoestimu eskasa duena, buruan haiei atsegin ematea besterik ez duena. Mundua haien modura ikusten duena, Louis Aragonek idatzi eta Jean Ferratek kantatu zuen poeman esaten denaren kontrara.

Hori gura dute: neska bat, zerbitzaria izango dena; eme bat, emeki mintzatuko zaiena, Hitchcocken pelikulan legez: «Mesedez, esango zenidake, De Winter jauna, zergatik eskatu didazu zurekin irteteko? Bistan da atsegina izan nahi duzula, baina zergatik aukeratu nauzu, karitateagatik?». Itsu-itsu maitatuko dituena, «munduko edozer gauza baino gehiago maite zaitut. Oh, mesedez, Maxim, musu emadazu, mesedez» esango diena. Menekoa eta esanekoa izango dena. Izenik gabekoa, Rebecca pelikulako protagonista bezala: bigarren De Winter andrea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.