Anoeta inguruko trafikoa moztu dute Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak

Reala eta PSGren artekoa «arrisku handiko» norgehiagoka izendatu dute. Realak zaleei eskatu die «ahalik eta goizena» joateko Anoetara. Ertzaintzak jakinarazi du «erabilera debekatuko objektu arriskutsu ugari» atzeman dizkietela bi taldeen jarraitzaileei.

Reala
Amara auzoan ezarritako segurtasun perimetroa. REALA
2024ko martxoaren 5a
09:20
Entzun

Realaren eta PSGren arteko Txapeldunen Ligako partida «arrisku handikotzat» jo dute Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak, eta, egoera horri erantzuteko, segurtasun operazio berezia prestatu dute. Eragin nabarmena izango du Anoeta inguruetako trafikoan, baina haratago ere antzemango da. Horiek hala, Realak zaleei eskatu die garaiz joateko Anoetara: «Zale askok gaueko partidara garaiz joateko izan ditzaketen zailtasunak ulertuta, ahalik eta goizena etortzea gomendatzen dizuegu».

Aurretik iragarri bezala, segurtasun neurri ugari eta polizia asko daude inguruetan.

19:00etatik aurrera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak moztu egin dute Amara Berri auzoaren parte zabal bat. Donostiako Udalaren esanetan, «Anoeta estadioaren ingurua bakartuta geldituko da». Zehazki, eremu hauetan itxiko dute ingurua: hegoaldean, Zorroaga pasealekua, Aita Donostia plaza eta Errondo pasealekua; iparraldean, Pio XII.aren plaza eta Eustasio Amilibia kalea; mendebaldean, Karlos I.aren hiribidea; eta ekialdean, Felipe IV.aren hiribidea, Irun plaza eta Baleazaleen kalea.

PSGko zaleak Alderdi Ederretik atera dira 19:00etan, Anoetarantz. Kantuan doaz, bengala ugarirekin. Poliziaz inguratuta egingo dute zelairanzko bidea. Connemara tabernan, Amara auzoko Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren kalean, PSGko ehun zale miatu ditu Ertzaintzak. Zaleak 20:30ean heldu dira Anoetara.

PSGren autobusa arazorik gabe iritsi da futbol zelaira.

Ertzaintzaren oldarraldia

Realeko autobusa ere heldu da Anoetara. Autobusak igaro ahala, tentsioa sortu da. Bertan hesiak jarri ditu Ertzaintzak. Realeko autobusa Olaeta kalearen ingurutik pasatu denean, ehunka realzale zeuden autobusa agurtu nahirik. Bengala ugari piztu dituzte, eta gauzak bota dituzte poliziak zeuden tokirantz. Tentsio handia egon da, hainbat zalek hesia hautsi dute eta. Azkenean, Ertzaintza oldartu egin zaie, eta lasterkaldiak egon dira.

Segurtasun neurri horien aurrean, aurretik, udalak garraio publikoa erabiltzeko deia egin die Anoetara joatekoak direnei, eta estadiora «denborarekin» joateko eskatu. Inguruetako bizilagunei, berriz, eskatu diete ahal dela autoz ez ibiltzeko inguruetan. Izan ere, larrialdietako ibilgailuek, garraio publikoak eta mugitzeko arazoak dituztenak daramatzaten ibilgailuek soilik izango dute perimetroan sartzeko aukera. Garraio publikoari dagokionez, baina, Madrilgo hiribidetik egingo du bidea, eta ez du geldialdirik egingo Isabel II.aren hiribidearen eta Aita Donostia plazaren artean.

Segurtasun perimetroaren barruan bestelako neurriak ere hartuko dituzte. Donostiako Udalak jakinarazi du hor barruan dauden 30 taberna ingururi agindu diela 15:00etan terrazak jasotzeko.

Gipuzkoako gainerako udalerrietatik iristen diren autobusek, berriz, Illunben aparkatu beharko dute, eta ohi baino ordu erdi lehenago iritsi beharko dute Donostiara.

Realeko jokalarien autobusa Errondo pasealekutik iritsi da Anoetara, 19:25 aldera. Hartara, taldeak jakinarazi du zaleek espaloiak hartu ahal izango dituztela Podavineseko biribilgunetik topo geltokiraino.

PSGren 1.800 zale

Realzaleez gain, PSGren 1.800 jarraitzaile espero dituzte gaur Anoetan, eta litekeena da horietatik 730 inguru «ultrak» izatea, Frantziako segurtasun indarren arabera. Realak azaldu duenez, kopurua kontuan izanda, Poliziak ohi baino eremu zabalagoa ezarri du zale horientzat, eta eragina izango du zaleak Anoetara sartzeko garaian. PSGko zaleak 7. atetik sartuko dira Anoetara. Beraz, 8. eta 16. ateen artetik sartzen diren realzaleei eskatu diete horretarako ezarritako bidetik sartzeko.

Miaketak

Ertzaintzak jakinarazi duenez, bi taldeen 150 jarraitzaile arriskutsu inguru identifikatu ditu bart gauetik. Zehazki, Realaren 50 jarraitzaile identifikatu ditu, eta hogei ibilgailu miatu.

Halaber, atzo gauetik, PSGren ehundik gora jarraitzaile arriskutsu identifikatu dituzte. Goizean, jarraitzaile horietako batzuen autobusa mugan geldiarazita izan dute. Miaketan, debekatutako beste hainbat objektu arriskutsu atzeman dituzte.

Gainera, partidarako antolatutako segurtasun operazio berezi horretan, goizaldetik detektatu ditu Ertzaintzak bi taldeen jarraitzaileen artean «elkarri eraso egiteko adostutako elkarretaratzeak». 

Segurtasun Sailaren arabera, miaketa horietan hainbat objektu arriskutsu atzeman dituzte poliziek: hala nola golfeko hamabost makila, metalezko barra bat, hiru piolet, lau aho babes, metalezko bi hatz koskor pare, aizto bat, bi labana, makila luzagarri bat, bihurkin batzuk, mailu bat eta bengala bat, bai eta bi tiradera errail, metalezko hiru bisagra, buru berokiak eta eskularruak ere.

PSGko eta Realeko jarraitzaileei Ertzaintzak atzemandako arrisku handiko objektuak.
PSGren eta Realaren jarraitzaileei Ertzaintzak atzemandako objektuak. ERTZAINTZA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.