Euskal presoak

Raxoik Fernandez Diaz defendatu du Uribetxebarriaren auzian

Gaixo dagoen presoaren auzian Bildu indartzea aurpegiratu dio Mayor Orejak gobernuari PPren nazio batzarrean

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarria presoaren auzian hartutako erabakiak azaldu behar izan ditu Espainiako Gobernuak PPren nazio batzarrean. Jaime Mayor Orejak gaizki aritzea egotzi dio Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari, hark azalpen luzeak eman ostean. Mariano Raxoi gobernuburuak hartu behar izan du hitza gobernuaren jarrera aldezteko: legea bete dela eta Barne Ministerioak ondo jokatu duela esan du. Batzarrean agerikoa izan zen desadostasuna.

ETAren kontrako borrokaren nondik norakoekin azalpen luzeak eman zituen Fernandez Diazek, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, Mayor Orejak argi erakutsi zuen bere desadostasuna. ETA garaituta dagoela esan zuen Barne ministroak, eta hauxe erantzun zion Mayor Orejak: «Ez dago garaituta, eta, gainera, lehendakaritzara iristeko aukera du EH Bilduren eskutik».

Mayor Oreja Barne ministro izan zeneko garaiak ekarri zituen gogora Fernandez Diazek, Uribetxebarriarekin izandako jarrera justifikatzeko, Mayor Orejari esanez, berak hartu zituen neurrien antzekoa dela. «Beste egoera batean geunden orduan», erantzun zion hark. Esperanza Aguirre ere Mayor Orejaren aldean kokatu zen, eta esan zuen Uribetxebarriarekin hartutako erabakia legearen barruan dagoen arren legeak beste zirrikitu batzuk ere uzten dituela presoa ez askatzeko, eta bere iritzian horiek baliatu behar direla kasu honetan.

Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak ere hartu zuen hitza, «batasunerako» deia egiteko eta indarrak abertzaletasunak bozak irabazi ez ditzan baliatzeko eskatu zuen. Hark herenegun esan zuen euskal presoak ez zaizkiola «piperrik» axola PPri.

Helegitea laster argituko da

Herrira-ren iritzian euskal gizartearen gehiengoak ez ditu hitz horiek «ulertzen eta ezta bere egiten ere». Herrira-ko kide Beñat Zarrabeitia Espainiako Gobernuari zuzendu zitzaion Bilbon egindako elkarretaratzean, eta Uribetxebarriarekin gertatu dena berriro gerta ez dadin «mekanismo guztiak» martxan jartzeko eskatu zion.

Gainera, epailearen erabakia aplikatu eta Uribetxebarria berehala aske uzteko eskatu zuen Zarrabeitiak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak erabaki zuen presoa baldintzapean aske uztea. Baina fiskalak helegitea jartzeko aukera duenez, epaia irmoa izan arte ez dute libre utziko.

Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusiak atzo jakinarazi zuen helegitea jartzeko epea ostegunera arte daukaten arrenlehenago jakinaraztea espero duela. Helegiterik jartzen ez badute, ostegunean askatuko dute presoa, baina helegitea jartzen badute, hari buruz erabaki arte gutxienez, preso jarraitu beharko du. Fernando Grande-Marlaska buru duen Lehenengo Zigor Salak hartu beharko du helegiteari buruzko erabakia.

Torres-Dulcek gogora ekarri zuen presoa hirugarren graduan zegoenez hura giltzapean edukitzearen alde dagoela Espainiako Fiskaltza. Orain, autoa aztertu, eta helegitea jartzeko «nahikoa datu» ba al dagoen aztertzen ari direla gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.