Ratioak jaistea eta irakasle gehiago kontratatzea galdegin dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko legebiltzarrean. Indar subiranistak salatu du Iruñeko Udalak ez dituela hiriko eskola publikoak COVID-19aren egoerara egokitu. 

Oridiziako ikastetxe bat, artxiboko irudian. JON URBE/FOKU
2020ko abuztuaren 31
14:00
Entzun

Ostiralean itzuliko dira haurrak eskolara Nafarroan, eta astelehenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Itzulera bertantxe egon arren, hainbat zehaztasun airean daude oraindik, eta adostasun falta agerikoa da agintarien eta hezkuntza komunitatearen artean. Baita oposizioko kideen artean ere. EH Bilduk gaur bertan aurkeztu du legez besteko proposamen bat Gasteizko legebiltzarrean, hezkuntzarako hainbat proposamenekin.

Ikotiz Arrese parlamentariak adierazi du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragan ostiralean aurkezturiko protokoloa «hutsala, lausoa eta inprobisatua» dela. Cristina Uriarte sailburuak iragarri zuen mila irakasle kontratatzeko asmoa dutela ikasturte honetan lantaldeak indartzeko neurri gisa, baina, indar subiranistarentzat, kopuru horrek «ez du ezer konpontzen».

EH Bilduk 10.000 irakasle kontratatzeko proposamena egin du, Arreseren esanetan, hori baita proportzio egokia. Halaber, nabarmendu du prest daudela hezkuntza komunitatearekin ados jartzeko eta beste kopuru bat ezartzeko. Irakasleen kontratazioak ez ditu aurkezturiko proposamenean txertatu indar subiranistak; bai, ordea, ratioak murrizteko eskaria. EH Bilduren ustetan, irakasle bakoitzeko hamabost haurrekoak izan beharko lukete ratioek.

Iruñeko eskola publikoetan, egokitzapenik ez

Iruñeko eskola publikoen egoera ere gaitzetsi du EH Bilduk. Indar subiranistak azaldu du ekainean plan bat zehaztu zutela Iruñeko eskola publikoak COVID-19ak eragindako egoerara egokitzeko. Halaber, salatu dute Iruñeko Udalak oraindik ez duela bete plan hori: «Bi hilabetean ez dute ezer ere egin. Argi geratu da eskuineko hiru alderdiek arlo honetan duten interesa hutsaren hurrengoa dela».

Ostiralean, Iruñeko Udalak iragarri zuen 72.000 euroko laguntza emango ziela hiriko 27 eskola publikoei, eta, indar subiranistaren ustez, «lotsagarria» da kopuru hori. Laguntza hori urtero ematen den berbera dela azaldu dute EH Bildukoek, eta eskolek zer behar dituzten jakin gabe harturiko erabakia dela. «Barregarri» eta «iraingarritzat» jo dute erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.