Raquel Marti (UNRWA): «Segi Gazari buruz hitz egiten, ez normaldu han gertatzen ari dena»

Nafarroako Gobernuak omenaldia egin dio NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari, erakunde horrek Gazan egiten duen lanagatik.

Raquel Marti, UNRWA agentziako zuzendaria, Tuteran, gaur. MIGUEL OSES / NAFARROAKO GOBERNUA
Raquel Marti, UNRWA agentziako zuzendaria, Tuteran, gaur. MIGUEL OSES / NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 21a
15:30
Entzun

«Ez gaitezen ohitu Gazan gertatzen ari den horretara. Ez ditzagun onargarri bihurtu gizarte zibilaren, ospitaleen, eskolen, aterpeen eta giza laguntzako langileen aurkako erasoak». Raquel Martiren hitzak dira, UNRWA Palestinar iheslariei laguntza emateaz arduratzen den Nazio Batuen Erakundearen agentziako zuzendariarenak. Tuteran izan da gaur, Nafarroako Gobernuak omenaldia egin baitio UNRWAri, Bakearen Nazioarteko Egunaren karietara. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteren eskutik jaso du diploma Martik, eta aurrerantzean ere Palestinako sarraskiaz hitz egiteko deia egin die ekitaldian parte hartu dutenei: «Segi Gazari buruz hitz egiten. Segi Palestinari buruz hitz egiten. Ez ezazue begirada aldendu, min eman arren. Segi ezazue, nire lankideek bezala, han bizitza ematen dutenak babesten».

Tuterako Castel Ruiz kultur etxean egin dute ekitaldi instituzionala, gaur goizean. Txibite lehendakariaz gain, han izan dira Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde, Tuterako alkate Alejandro Toquero, eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko kontseilari Ana Ollo.

Ekitaldian, oroigarri bat eta diploma bat eman dizkio lehendakariak Martiri, gobernuaren izenean. UNRWAko buruak saria onartu du, «Gazan erail dituzten 222 lankideen izenean», eta gaineratu du Israelek agentziako langile horiei eraso egin izanak frogatzen duela «UNRWAk egiten duen lana norabide onean doala».

Martik, halaber, Nafarroako Gobernuari eta herritarrei eskerrak eman dizkie, NBEren agentziari urteetan emaniko babesagatik, eta gogorarazi du iazko urriaren 7az geroztik 41.000 pertsona baino gehiago hil direla Gazan; «eta, ziurrenik, milaka gehiago izanen dira». Agentziako zuzendariaren arabera, UNRWA «giza laguntzaren bizkarrezur» bihurtu da Gazan, «langileen, eraikinen, baliabideen eta etxeen aurkako erasoek etenik izan ez duten arren».

Eskola gehienei eraso

Martik adibidetzat jo du, besteak beste, Israelek UNRWAren eskolei eraso egin izana: «Israelen oldarraldi militarrak ondorio latzak izan ditu Gazako neska-mutilen artean. Milaka eta milaka hil dira, eta beste asko elbarri utzi dituzte. UNRWAko eskolen %70 ingururi eraso egin diete, eta, gaur egun, babesleku gisa erabiltzen dira».

Maria Txibitek, bestalde, Nafarroako Gobernuaren babesa agertu nahi izan dio Martiri, «tentsio handiko garai honetan». Lehendakariaren esanetan, UNRWAk egiten duen lanak erakusten du «ilun beltzean ere itxaropenaren argi printzak ikus daitezkeela». Horrez gain, esan du Bakearen Nazioarteko Egunak «garrantzi berezia» duela aurten, eta hainbat gatazka aipatu ditu: «Mundua arnasari eusten ari zaio, AEBetan hil ala biziko hauteskundeak dituztelako; Venezuelan eskubide zibilak umiliatzen ari direlako; Mendebaldeko Afrikan gatazkek eta idorteak ez dutelako etenik; Europako bihotzean eskuin muturra gorantz doalako; eta Ukraina ez dagoelako gerra amaitzetik gertu, inbasioa hasi zenetik bi urte eta erdi joan diren honetan». «Mundua ilunagoa eta basagoa da gaur, duela urtebete baino; gerrak amaitu ez, eta gizateriak fronte gehiago zabaldu ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.