Eusko Jaurlaritza berria egituratzen ari dira Imanol Pradales lehendakaria eta haren lantaldea. Kargugabetzeen eta kargu hartzeen aldia da, beraz. Besteak beste, Bizikidetza bulegoaren gidaritza eta 2030erako Agendaren bulegoarena aldatuko ditu. Jose Antonio Rodriguez Ranz izan da Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetzako idazkari nagusia Iñigo Urkulluren azken agintaldian. Jonan Fernandezen bulegoa izan zen hura 2020ra arte, eta Lehendakaritzan txertatua zegoen. 2020an, Urkulluk 2030erako Agendaren idazkari izendatu zuen Fernandez, Bizikidetzatik aterata, baina Fernandezen idazkaritza horrek Lehendakaritzan jarraitu zuen.
Ranzek akademian eta irakaskuntzan egina zuen ibilbide profesionalaren parterik handiena. Historialaria da, Filosofia eta Letretako doktorea, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean errektoreorde izana, eta zenbait ikerketa eta libururen egilea ere bai. 2020an itzuli zen arlo politikora. Haren agintaldian, Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zen, 2021. urteko ekainean. Eta Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz ekitaldi bat egin zuen arrazoi politikoekin lotutako torturak jasandakoei erreparazioa emateko; Donostian izan zen.
Bulego horren ardura Jonan Fernandezek izan zuen 2013tik 2020ra. 2013an izendatu zuen Urkulluk Bake eta Bizikidetza arloko idazkari nagusi. 2017tik 2020ra, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza izena hartu zuen bulegoak, eta Fernandezek jarraitu zuen buru. 2020ko urrian, Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkari nagusi izendatu zuten. Fernandez Jaurlaritzan egon den aldian, Lehendakaritzan egon dira haren egitekoak. Ranzek Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetza hartu zuenean, idazkaritza hori Lehendakaritzatik ateratzea erabaki zuen Urkulluk, eta 2030erako Agendarena Lehendakaritzan txertatu zuen.
Fernandez Lurraldea taldearen koordinatzailea izan zen 1985etik 1992ra. Leitzarango autobiaren aurkako plataforma izan zen hura. 1987 eta 1991 bitartean Herri Batasuneko zinegotzi izan zen Tolosan, Gipuzkoan. Zinegotzi izateari utzi zionean utzi zuen HB. 1992an Elkarri eratu zuen, giza eskubideen eta elkarrizketaren aldeko koordinakundea. Gerora Lokarri izan zen. Halere, Elkarri desegin zenean, Baketik izeneko elkartea sortu zuen Fernandezek, bizikidetza sustatzeko.
Fernandezen esku zegoen bulegoa, 2030erako Agendarena, Ion Muñoa Errastik hartuko du aurrerantzean. Eta Ranzena, hau da, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetza, Alfredo Retortillo Paniaguak.