Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalea izanen da Ahetzeko auzapeza

EH Bai koalizioak babestutako zerrendak bozen bigarren itzulia irabazi du, boto paperen %44,39 lortuta. Parte hartzea %63,15ekoa izan da.

Ramuntxo Labat-Aramendi —eskuinaldean—, bozak irabazi berritan. GUILLAUME FAVEAU
Ramuntxo Labat-Aramendi —eskuinaldean—, bozak irabazi berritan. GUILLAUME FAVEAU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 13a
08:45
Entzun

Ramuntxo Labat-Aramendi hautagai abertzalea izanen da Ahetzeko (Lapurdi) auzapeza, udalerri hartan atzo eginiko behin betiko bozketan gailenduta. Bozen bigarren itzulian, boto paperen %44,39 eskuratu ditu Labat-Aramendik (471 boz); Ahetze Zuekin hautagaitzako buru Ramuntxo Goihetxe, berriz, bigarrena izan da, botoen %37,42 lortu baititu (397). Azkenik, Laetitia Guesdon-Michaudek, Ahetze Bihotzetik hautagaitzaren ordezkariak, 193 boz eskuratu ditu: %18,19.

Labatek euskaraz egin zituen lehen hitzak, eta eskerrak eman zizkien harekin batera zerrenda osatu eta kanpaina egiten aritu diren lagunei. «Sekulako garaipena da guretzat, ez nuen espero», aitortu zuen txalo artean, eta garaipen hori «euskararen garaipena» dela baieztatu zuen. 

Maiatzean eman zuen dimisioa Philippe Elizalde Ahetzeko auzapezak, Goihetxe orduko bere lehen axuantak bozketa batean kontra egin ondotik gutiengoan gelditu zelako. Lehenagotik hasiak ziren hautetsien arteko desadostasunak. Urrian, gehiengoko beste lau hautetsik eman zuten dimisioa, eta gauza bera egin zuten oposizioko hiru hautetsi abertzaleek ere. Ondorioz, hauteskundeak berriz antolatzera behartua izan da Pirinio Atlantikoetako prefetura.

Hiru zerrenda aurkeztu ziren: Goihetxerena, Elizalde auzapez ohiaren babesa zuen Guesdon-Michaudena eta Labatena. Iragan asteko igandean egin zuten bozen lehen itzulia, eta, orduko hartan, Goihetxe gailendu zen, zortzi botoren aldearekin. Atzoko bozketan, ordea, Labatek aurrea hartu zion, eta hura izanen da Ahetzeko auzapez, 2026ra arte. Santiago Kapendegi abertzalea izanen da elkargoko ordezkaria.

Parte hartzeak gora egin du oraingo honetan: urtarrilaren 5ean, hautesleen %59k eman zuten botoa; atzo, berriz, %63,15ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.