Sortuk eta EH Bilduk atzo eginiko adierazpenak PSOEri begira jarri zituen bat baino gehiago, baina ez dirudi hark barkamena eskatzeko asmorik duenik. Hala ulertarazi du gaur Ramon Jauregik Catalunya Radion: «Estatuari ez dagokio GALengatik barkamena eskatzeko ardura». Jauregi Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1982 eta 1987 artean, GALen urterik gogorrenetan; Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Espainiako ministro ere izan zen geroago.
Jauregik bai aitortu du «kontraterrorismoa» kaltegarria izan zela bake prozesurako, nahiz eta esan duen biolentziak ez direla sekula alderatu behar. XXI. mende hasierako ilegalizazioak ere defendatu ditu; esan du «ETAren inguru sozialaren ilegalizazioak» erraztu egin zituela «azkenean bakea lortzeko balio izan zuten elkarrizketak».
Aurretik, irrati kate berean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du garrantzi handia izango lukeela Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak GALen jarduna onartzeak. Horri buruz, Jauregik esan du «legez kanpoko ekintza» horiek «momentu oso berezien ondorio» izan zirela: «Demokrazia ahul eta bakartu baten ondorio izan ziren, bere indarrak kontrolatzeko gai ere ez zena». Jardun haiek «behar bezala epaituak» daudela azpimarratu du.
Lasaren eskaria
Atzo fokua PSOErengana bideratu zutenetako bat Maixabel Lasa izan zen, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargun eta Jaurlaritzaren Biktimen Bulegoko zuzendari ohia: «Orain nire galdera da ea zer egingo duen Alderdi Sozialistak; bere hausnarketa egin beharko luke, bere etxean dituen trapu zaharrak astintzeko. Inplikatuta zeuden gauzak argitzeko: GAL eta abar».
Lasaren iritziz, PSOEk «aukera ezin hobea» du «hausnarketa» egiteko: «Ausartak izan behar dute hori argitzeko. Orain ezin dute esan besteek egin ez dutenik. Ezinbestekoa da; Juan Mari oso ausarta izan zen egin zituen gauzekin, eta ausardia hori eskatzen diot PSOEri; ez nuke bestela ulertuko».