Ramiro Gonzalezek zalantzan jarri du Solariak Araban egin nahi dituen hiru parke fotovoltaikoren egokitasuna

EH Bilduk ahaldun nagusiari eskatu dio argitzeko zer urrats egingo dituen tentsio handiko linearen proiektua geldiarazteko. Herritarrak hasiak dira proiektuen aurkako alegazioak aurkezten.

Arabako Erriberabeitia herriko eguzki parkea. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Arabako Erriberabeitia herriko eguzki parkea. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 21a
15:40
Entzun

Solariak, energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren promotoreak, Araban proiektatu dituen azpiegitura fotovoltaikoek herritar asko haserrearazi ditu, eta EAJ eta EH Bildu mugiarazi. Koalizio abertzalearen Arabako Batzar Nagusietako taldeak prentsaurrekoa eman du gaur, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari eskatu dio argitzeko zer urrats egingo dituen Solariaren proiektuak geldiarazteko. Bada, Gonzalezek adierazi du ez duela zentzurik energia Araban ekoitzi eta Bizkaian kontsumitzeak, bioaniztasunari beharrezkoa ez den kaltea eragingo diolakoan.

Izan ere, Solariak eguzki plakez osatutako hiru parke egin nahi ditu Araban, Zierbena 2, 3 eta 4 izenekoak, eta bertan sortutako energia Zierbenaraino (Bizkaia) garraiatu nahi dute, 100 kilometro baino gehiagoko tentsio handiko lineen bidez, hango azpiestazioan sareratzeko. Horregatik esan du Gonzalezek, ahal dela, kontsumo puntutik gertuen ekoitzi behar dela energia. EH Bilduk bi galdera egin dizkio ahaldun nagusiari: lehenik eta behin, zer neurri hartuko dituen eguzki plakak «balio handiko lurretan» ez eraikitzeko, eta, bigarrenik, «zer asmo duen» argindarra garraiatzeko azpiegitura horiek geldiarazteko. Halaber, EH Bilduk Gonzalezi eskatu dio Eusko Jaurlaritzari jakinarazteko zer egingo duen Arabako Foru Aldundiak.

EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako taldearen bozeramaileak, Eva Lopez de Arroiabek, adierazi du «zentzugabekeria» dela Araban ekoitzitako energia Bizkairaino garraiatzea, Aragoin (Espainia) sortutako argindarra Arabara garraiatzea bezala. Gauza bera adierazi du Gonzalezek prentsaren aurrean. Adierazpen horiek erreferentzia egiten diote azken urteetan onartu diren hainbat proiekturi, zeinei esker Aragoiko parke fotovoltaiko eta eolikoetan sortutako argindarra Gasteizera garraiatuko den.

Aragoiren eta Nafarroaren artean ere aurreikusiak daude antzeko proiektuak, Forestalia enpresarena esaterako, eta Nafarroako Gobernuak helegitea jarria dio Espainiako Gobernuak proiektuari emandako baimenari.

Batzarrak herrietan

Maiatzaren 2an, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jendearen jakinaren gainean jarri zituen Solariaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuen aurretiazko administrazio baimen eskaria eta ingurumen inpaktuaren adierazpena, eta, azpiegiturek eragina izango duten herrietan, hasiak dira mugitzen haien aurka egiteko. Gasteiz iparraldeko herrietan piztu da haserrea gehienbat, hango udalerrietatik pasatuko baitira tentsio handiko lineak.

Bada, Zigoitian, Zuian eta Urkabustaizen batzarrak egin dituzte, eta Zuian alegazio bat prestatzen hasiak dira; Murgiko hainbat establezimendutan sinadurak biltzen hasi dira. Alegazio horren arabera, Solaria Argindarraren Sektorearen Legearen filosofiaren aurka egiten ari da, 100 kilometrotik gorako tentsio handiko lineak egin beharko direlako; alegazioak dio halakoetan gutxitan gainditzen dituztela hamar kilometroko distantziak. «Azpiegitura horien helburua [tentsio handiko lineena] gertueneko azpiestazioarekin konektatzea da normalean»; horri erantzunez, Solariak dio Gasteizko azpiestazioak beteta daudela.

Alegazioak dio enpresak dioen horrek berak baieztatzen duela leku asko saturatuta daudela jada energia berriztagarri gehiago ekoizteko, eta, horregatik, uste dute justifikatzeko zaila dela proiektu hori lehenestea, kontsumo puntutik gertuagoko ekoizpen azpiegituren alternatiben gainetik: «Kostu-onura logika aplikatuz, proiektu hau baztertu beharko litzateke beste alternatiba batzuen alde».

Solariaren proiektuak

Hiru parke fotovoltaikoek Gasteiz inguruko udalerrien lurrak hartuko dituzte: Erriberabeitia, Iruña Oka, Zigoitia eta Gasteiz bera. Soilik eguzki plakek 374 hektarea hartuko dituzte —310.000 eguzki panel inguru—, eta 49,9 megawatteko (MW) gehienezko potentzia izango du bakoitzak. Lurra Sareak proiektua kritikatu du, eta salatu du Solariak 50 MW-etik beherako hiru parke egingo dituela Espainiako Gobernuaren esku sartzea eragozteko; izan ere, langa horretatik gorako azpiegiturei baimena ematea estatuaren eskumena da, eta ez Eusko Jaurlaritzarena.

Lurra Sareak salatu du 374 horiei bestelako azpiegitura batzuek hartuko duten espazioa gehitu behar zaiela, hala nola azpiestazio elektrikoena, energia garraiatzeko tentsio handiko lineena eta bestelakoena. Egin dituzten kalkuluen arabera, azpiegitura guztiek balio estrategiko handiko 1.525 hektarea hartuko dituzte soilik Araban. Bizkaian ere espazio handia beharko du tentsio handiko lineak. Plataformaren arabera, ingurumen inpaktuaren txostenak berak onartzen du azpiegiturek lehen sektorean «eragin handia» izango dutela, baina plataformaren arabera garrantzia kendu diote horri, eta esan «ahal den heinean eskualdeak errespetatzen» saiatuko direla. UAGAk ere salatu du eguzki plakek balio ekologiko handiko lurrak hartuko dituztela, eta alegazioak aurkeztuko dituela aurreratu zuen duela bi aste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.