Arabako Foru Aldundia

Ramiro Gonzalez jeltzalea aukeratu dute Arabako ahaldun nagusi, EAJren eta PSEren babesarekin

Hirugarren legealdia jarraian izango du Ramiro Gonzalezek. PPk, Elkarrekin-ek eta Voxek zuri bozkatu dute «Ziklo aldaketa» egon dela esan du Lopez de Arroiabek.

Ramiro Gonzalez ea Eva Lopez de Arroiabe ahaldungai nagusiak gaurko saioan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko ekainaren 29a
10:45
Entzun

Bigarren itzulian eta gehiengo soilarekin aukeratu dute Ramiro Gonzalez jeltzalea Arabako ahaldun nagusi. 24 batzarkideen babesa izan du —bere taldeko hamabostenak eta PSE-EEko bederatzienak— gehiengo osotik bi batzarkideren faltan. PPk zuri bozkatu du, eta oposizio «eraikitzailea» agindu du, gobernuari akordioetarako eskua luzatuta. Elkarrekin-en hiru batzarkideek eta Voxeko ordezkariek ere zuri bozkatu dute. Hirugarrenez jarraian hartu du Gonzalezek Arabako aginte makila.

Ahaldun nagusi izateko bi hautagaitza aurrez-aurre izan dira inbestidura saioan: Gonzalez bera, eta Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko hautagaia. Lehen indarra izan ziren jeltzaleak maiatzeko bozetan, hamabost batzarkide erdietsita, baina orpoz-orpoz geratu zen EH Bildu, hamalau eserlekurekin. Koalizioko zerrendaburu Lopez de Arroiabek bere hautagaitza aurkeztu du ahaldun nagusi izateko, «erantzukizunagatik». Gonzalezek eta Lopez de Arroiabek bi eredu zeharo ezberdinen defentsa egin dute bilkuran, hala nola, gizarte zerbitzuetan, trantsizio energetikoan, fiskalitatean edota lehen sektorean. Maiatzeko bozen emaitzen inguruko irakurketan ere ez dira ados jarri.

Lopez de Arroiabek adierazi du hauteskundeetako emaitzak «ziklo aldaketa baten hasiera» direla; aldaketa ez dela «koiunturala» azpimarratu du EH Bildukoak: «Egiturazko aldaketa da, ageriko joera baten isla». Uste du horrek erakusten duela Arabako gizartea «ahaldunduta» dagoela, «ezkerrera» egin duela eta «aldaketarako gogoz» so egiten diola etorkizunari. Gainera, iritzi dio herritarrek «belarritik tira» egin diotela EAJ-PSE gobernuaren kudeaketari.

Alde horretatik, salatu du foru gobernuak ez duela elkarrizketarik izan oposizioko taldeekin, eta elkarlanerako gobernantzarik ez dela egon gobernuko kideen artean. Lopez de Arroiaberen ustez, agintaldi berrian akordioak egitea eta «bidelagun egokiak» aukeratzea ezinbestekoa izango da: «Eskuinak eta eskuin muturrak ez dituzte herri honen interesak defendatzen», ohartarazi du.

Datozen lau urteei begira, hainbat erronka identifikatu ditu EH Bildukoak: gizarte zerbitzuak, energia trantsizioa, fiskalitatea eta trantsizio sozioekonomikoa, lurralde oreka eta lehen sektorea. Arlo sozialari dagokionez, «pertsona guztien bizitzak erdigunean» jartzeko erronkari heldu behar zaiola azpimarratu du.

Besteak beste, egoitzen kontzertazio araua, zaintzarako etxe publikoak sortzea eta udalekin hitzarmenak egitea aipatu ditu. Trantsizio energetikoan, berriz, ekoizpen eta kontsumo ereduaren «aldaketa sakona» eskatu du, eta uraren kudeaketan tokiko entitateen autonomia defendatu. Eredu aldaketa galdegin du industria alorrean, Arabako enpresa ehunaren kanpoko mendekotasuna murrizteko.

Halaber, enpresa txiki eta ertainak babesteko mahai sozioekonomiko bat eratzea proposatu du, eta, horrekin batera, zerga erreforma «bidezko» bat egitea. Lurralde oreka bultzatzea eta nekazaritza eta abeltzaintza «biziberritzeko» apustua ere egin du. Gazterian, feminismoan, hizkuntza politikan, kulturan, memoria historikoan eta gobernantza ereduan aurrera egiteko proposamenak aletu ditu, era berean.

Gonzalez, akordioen alde
EH Bilduko hautagaiaren ostean hartu du hitza Gonzalezek. Maiatzeko bozetan EAJ alderdi bozkatuena izan zela gogoratu du, nahiz eta aitortu duen herritar batzuen babesa galdu dutela, eta, horregatik, konpromisoa hartu du «urruntze» hori eragin duten esparruak «zuzentzeko». Autokritika egitetik harago, gobernatzeko zilegitasuna duela adierazi du Gonzalezek, horretarako behar den babesa lortu duen hautagai bakarra dela gogoratuta. «Gobernatzeko eskubidea lortzen du gehiengoa duenak. Horrela ulertzen dut nik politika: guztientzako gobernatu behar da, ez gizartearen zati bat baztertuta». Uste du arabarrek ongi ikusten dutela EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa, eta «elkarlanerako gobernantzaren» bidetik jarraituko duela hitzeman du, Vox ez gainerako alderdiekin akordioa eta elkarrizketa sustatuta. «Arabak ezin du hutsera salto egin; ezin du konfrontazioan oinarritutako gobernu bat izan», ohartarazi du.

Gobernu formula «kontinuista» izango dela azaldu du, eta baztertu egin du «norabide aldaketa erradikalak» egitea, herrialdearentzat «atzerapausoa» izango liratekeela eta. «Populismoa eta konfrontazio politika nagusi diren garai hauetan, uste dut politika egiteko modu hau defendatzea bereziki garrantzitsua dela. Guztientzat gobernatzea dagokit».

Legealdirako erronkak zerrendatu ditu ondoren Arabako ahaldungai nagusiak. Besteak beste, garapen «bidezkoagoa» eta «orekatuagoa» lortzea erronka globala dela azaldu du, eta hor kokatu du industriaren «eraldaketa» egitea. Fiskalitateari dagokionez, azpimarratu du «adostasun politikoa» beharrezkoa dela erreforma fiskala egiteko, eta konpromisoa hartu du fortuna handiko zergari lotutako araua egiteko.

Zaintza alorrean, berriz, etxeko arreta hobetuko duela hitzeman du, eta, besteak beste, zaharren egoitzetan plaza publiko gehiago sortzea eta «zaintza eredu» berri bat ezartzea agindu. Bestalde, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko lanean jarraituko du gobernuak, eta berdintasunerako bosgarren foru planean jasotako irizpideak ardatz izango ditu, Gonzalezek jakinarazi duenez.

Energia berriztagarrietan «adostasun politiko eta sozial handiena» lortzeko deia egin du EAJko hautagaiak, lurralde plan sektoriala oinarri hartuta. Uste du ezinbestekoa dela klima larrialdiaren aurkako borrokaren eta energia berriztagarrien inguruan «itun handi» bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.