Ramirezen hautagaitza atzera botata, Blanco da EAko idazkarigai bakarra

Maiorga Ramirezek salatu du baldintzak bete dituela baina hautagaitza baliogabetu dioten lau kideak beste hautagaiaren aldekoak direla

joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Aizto hotsa EA barruan. Oraintxe,Eva Blanco Eusko Legebiltzarreko lehendakariorde lehena da Pello Urizarren lekukoa hartzeko hautagai bakarra. Blancok, Maiorga Ramirezek eta Juan Luis Cristobalek beren hautagaitzak aurkeztu zituzten urriaren 25ean egitekoak ziren hauteskunde primarioetarako: Blancok 60 abal zituen, Maiorga Ramirezek 400 eta Cristobalek bat ere ez. Atzo, hauteskunde batzordeak soilik Blancoren hautagaitza onetsi zuen. Batzordearen arabera, Ramirezek ez du bete herrialde bakoitzean gutxienez bost abal lortzeko baldintza, eta aurkeztu dituen abalen artean 21 irregularrak dira—nortasun agiririk gabekoak, bikoiztutakoak, erroldan ageri ez direnak...—.

Atzo, Ramirezek ohar bidez iragarri zuen helegiteak aurkeztuko dituela EAko berme batzordearen aurrean eta hauteskunde batzordean bertan. Ramirezen arabera, lurralde guztietan gutxienez bost abal aurkezteko baldintza bete du, Iparraldeko afiliatuen artean zazpi aurkeztu dituelako. Berme batzordeak ez du zehaztu ea irregulartzat jotako abalak dauden zazpi horien artean.

Ramirezen esanetan, batzordeko lau kideak Blancoren aldekoak dira, eta «benetako eskandalu bat» gertatu da. «Automatikoki Eva Blanco idazkari nagusi izendatzeko», EAko afiliazioari primarioetan parte hartzeko eskubidea ukatu diotela salatu du. «Aurrekaririk gabeko gehiegikeria da». Ramirezen ustez, «erabat irregularra» den egoera kudeatzea egokituko zaio oraintxeBlancori.

Azken egunetan egindako elkarrizketetan, Blancok nabarmendu du alderdi barruan tentsioa baretu behar dela. Izan ere, hauteskunde primarioetarako hautagai izendatzeko araudiak zalaparta handia piztu du azken asteetan. Ekainean onartutako araudi aldaketak eskatzen zuen herrialde bakoitzeko bost abal gutxienez lortu behar zirela. EAk Ipar Euskal Herrian hogeiren bat afiliatu dituenez, baldintza hori betetzeko zailtasunak izan zitzakeen Ramirezek. Iragan astean EAko berme batzordeak herrialdekako baldintza hori kendu zuen, baina asteazkeneko Nazio Batzarrak araudia bere horretan utzi zuen, aldeko 55 botorekin eta kontrako 39rekin. Alderdiko 39 kidek salatu zuten Batzar Nazionala derrigortuta zegoela berme batzordearen erabakia errespetatzera. Aldiz, batzar nazionalak azpimarratu zuen alderdiaren organo gorena dela.

Alderdiaren etorkizunari begira, alderdiko bi sektoreen arteko ikuspegi diferenteen talka dago guztiaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.