Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin noiz batzartuko zain dago Iñigo Urkullu. Bilera eskatu dio, baina ez du erantzunik jaso. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Loiolako santutegiaren atarian egindako adierazpenetan. Espero du batzarra egingo dutela, baina ez daki noiz. Dena den, ez da hori gehien «kezkatzen» duena, bileran landuko diren gaiak baizik. Hiru azpimarratu ditu: suspertze ekonomikoa, langabezia eta bakegintza.
Espainiako gobernuburuarekin hitz egin beharreko gaiek ez dute zerikusi handirik asteazkenean Artur Mas Kataluniako Generalitateko gobernu buruak harekin landutako gaiekin. Urkulluk ez du autogobernuaz hitz egiteko asmorik, baina jakinarazi du estatus berri batean «sakontzeko» mezua bidali nahi diola. Lehendakariaren ustez, baina, Eusko Legebiltzarra da gai hori jorratzeko lekua:«Eusko Legebiltzarrean alderdi politiko guztiak dute aukera iritzia eta ideiak emateko». Bat etorri da horrekin Borja Senper EAEko PPko legebiltzarkidea. Hark ez du uste Rajoyrekin hitz egin beharreko gaia denik autogobernuarena, eta horretarako legebiltzarra dagoela esan du. Dena den, Senperrek uste du «laster» bilduko direla bi agintariak; iraila baino lehen batzartuko direla adierazi du.
Asteazkenean bildu ziren Mas eta Rajoy, eta erabakitzeko eskubidea eta herri galdeketa izan zituzten mintzagai. EAEko lehendakariak atzo jakinarazi zuenez, bileraren aurretik hitz egin zuen Masekin hari bere «babes osoa» adierazteko eta autogobernuaren kontuan «hausnarketa bateratua» egiteko eskatzeko.
Kataluniako prozesuari errespetua zor diola esan duen arren, «kezkatuta» azaldu da Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren ustezko ustelkeria kasuarekin; uste du horrek «nahasi» egin dezakeela prozesua.
Munilla, askatasunaz
Urkulluren adierazpenez gain, erabakitzeko eskubideari buruzko bere iritzia azaldu du Jose Inazio Munilla Donostiako Gotzainak, atzo Loiolako basilikan irakurritako homilian. «Idealen krisia bizi du egungo gizarteak, eta horrek erabakitzeko eskubidea egia unibertsal bihurtu du», salatu du gotzainak. Gaineratu du ez garela gizaki bakartiak, sozialak baizik; haren ustez, horrek esan nahi du erabakitzeko eskubidea bukatu egiten dela ontasun objektibo batekin topo egitean: «Zertarako duzu askatasuna, amildegira eramaten bazaitu?».
«Ideal objektiborik» ez egotearen arriskuez ohartarazi du, halaber, Munillak, eta iragarri du halakoetan norberaren askatasuna «sasijainko» bihurtzen dela. «Gure askatasuna ez da erabatekoa» azpimarratu du Donostiako gotzainak.
Rajoyri deia Loiolako santutegiko ataritik
Mariano Rajoyrekin noiz batzartuko zain dago Iñigo Urkullu. EAEko lehendakariak esan du autogobernua ez, suspertze ekonomikoa, langabezia eta bakegintza izan nahi dituela mintzagai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu