«Zer herritan bizi zara, presidente?», galdetu zion herenegun Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari Kongresuan, Espainiaren egoerari buruzko saioan. Ez zen ari Rajoyk ETAren armagabetzeaz-eta hitzerdirik esan ez zuelako; ekonomiaren egoeraz hark emandako azalpenez ari zen. Berak ere, gainera, ez zuen aipamenik egin euskal gatazkaz.
EAJko eta Amaiurreko diputatuek Rubalcabaren antzeko galdera zuten Rajoyren hitzaldia entzun zutenean, baina buruan euskal auzia zutela. Atzo arte ez ziren mintzatu Kongresuko saioan bi taldeok; biek galdegin zioten Rajoyri Espainiako Gobernua inplika dadila Euskal Herriko bakegintzan. Erantzuna: ez da mugituko. Ezta armagabetuta ere. «Zergatik egin behar dut nik zerbait?».
EAJri iruditzen zaio Rajoy beti ihesean bezala dagoela bakegintzean. Osvaldo Farresen musika hitz batzuk gogoratu zizkion Aitor Esteban eledunak: «Galdetzen dizudan bakoitzean noiz, nola eta non, zuk beti erantzuten didazu: agian, agian, agian. Presidente jauna, aurre egin behar diegu erronkei, hemen eta orain».
Jeltzaleen bozeramaileak hitzaldiaren bukaerarako utzi zuen bakegintza. «ETAk egin duena [arma batzuk erabileratik at uztea] ez dela nahikoa? Hala da. Bide onean doala baina azkartu beharra duela? Hori ere bai. Baina hortik nazioartean izen bat duten pertsona independente batzuk iraintzera eta gutxiestera, pusketa bat dago».
Erantzukizunak argitu nahian
Herenegun, Amaiurrekoek ikusi zutenean Rajoyk ez zuela aitatu ere egin euskal auzia, pentsatu zuten gaia «saihestu» egin nahi izan zuela. «Ondorioz, gaurko [atzoko] saioan gure helburua izan da garbi uztea zein den bakoitzaren erantzukizuna», zioen Xabier Mikel Errekondo diputatuak. Amaiurrek ere izan zuen hizpide egoera sozioekonomikoa, eta egoera politikoaz ere mintzatu zen.
«Nik uste gobernua oso deseroso dagoela, tokiz kanpo. Euskal gizarteak eta nazioarteko pertsona garrantzitsuek pausoak eskatzen dizkiote gatazkaren ondorioen arloan. ETAk armagabetzeko neurri bat hartu du, eta Espainiako Gobernuak gaia saihestu egin nahi du. Agerian geratzen ari da ez duela pausorik eman nahi». ETAri desegiteko eska diezaiola galdegin zion Rajoyk Errekondori.
Desegiteari buruz, EAJko bozeramaileak Barne ministroaren izena atera zuen: «Fernandez Diazek dio 'edo ETAk armak uzten dituedo guk kenduko dizkiogu'. Bada, Fernandez Diaz, oraindik ez dizkiozu kendu».
Estebanen arabera, «bakerako politika baten garaia da hau». Abisu bat bota zion Rajoyri: «Aspertu gara pazientzia handiz bi urtez zain egoteaz, inolako trabarik ez jartzeko diskrezioa izateaz... Presidente, honaino iritsi gara».
Amaiurrek gatazka politikoaren konponbidearen beharra ere nabarmendu zion Espainiako gobernuburuari. Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak, berriz, Nafarroako egoera izan zuen hizpide.
ETAren desarmatzea. Ondorena
Rajoyk EAJri eta Amaiurri erantzun die ez dela mugituko
Espainiako gobernuburuak Aitor Estebanek eta Xabier Mikel Errek0ndok gaia atera diotenean baino ez du hitz egin ETAri buruzEAJk ohartarazi dio pazientzia amaitu zaiola; Amaiurren ustez, deseroso dago exekutiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu