RACVNk helegitea jarri du Bilboko emisio gutxiko eremuaren aurka

Arautegiak «diru gehiago» duten horiei egiten die mesede, automobil klubak EITBri adierazi dionez. Bilboko Udala «lasai» dago, «dena» aztertu duelako.

Emisio gutxiko eremua adierazten duen seinale bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emisio gutxiko eremua adierazten duen seinale bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko irailaren 19a
11:15
Entzun

RACVN Hego Euskal Herriko Automobil Klubak helegitea jarri du Bilboko emisio gutxiko eremuaren kontra. Astelehenetik, guztiz indarrean dago arautegia; horrek esan nahi du hemendik aurrera isunak jarriko dizkietela Bilbo erdigunera sartzen diren auto kutsatzaileei.

Mario Garcia klubeko bozeramaileak EITBri adierazi dionez, arautegiak «diru gehiago» duten horiei egiten die mesede: «Diru gehiago edo kaudimen handiagoa dutenek haien autoekin posible izango dute sartzea, eta trafiko gutxiago jasango dute, baina periferietan trafiko gehiago egongo da». Hori dela eta, epaitegietara jotzea erabaki dute.

Nora Abete Bilboko Mugikortasun zinegotziaren hitzak ere jaso ditu EITBk. Haren arabera, «lasai» daude, Bilbon «dena» aztertu baitute: «Inpaktu ekonomikoa, inpaktu soziala eta ingurumenean izango duen inpaktua; eskakizunak bete ditugu, eta, beraz, gu lasai gaude».

Donostian eta Irunen ere bai

Donostian eta Irunen gauza bera egitea aztertzen ari da RACVN. Horretarako, baina, araudiak irakurri nahi dituzte lehenengo. Erabaki horren kontra agertu zen Eneko Goia Donostiako alkatea abuztuaren erdialdean; kritikatu egin zuen «oraindik indarrean ez dagoen» ordenantza bati helegitea jarri nahi izatea.

Goiak argi utzi zuen emisio gutxiko eremu bat ezartzeko ordenantza bat onartuko dutela, 50.000 biztanletik gorako udalerri guztiei eragiten dien Espainiako lege batek hala behartzen dituelako. Hortaz, haren hitzetan, RACVNk «helegitea legeari» jarri beharko lioke lege horren aurka baldin badago, eta ez, ordea, ordenantzari. Are, salatu zuen RACVNren jarduna «bere interesek baldintzatzen» zutela; hau da, «aseguruen salmentak».

Adierazpen horiek «adarjotzetzat» jo zituen RACVNk. Onartu zuen legeak behartu egiten duela Donostia emisio gutxiko eremu bat ezartzera, baina erantsi zuen udalari dagokiola irismena zehaztea, eta «nahikoa» litzatekeela Parte Zaharra emisio gutxiko eremu izendatzea. Neurri horrek «diskriminatu» egingo lituzke inguru horietan mugitzeko autoa erosteko baliabide nahikorik ez duten herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.