Etxebizitza krisia

Putre funts baten etxebizitza okupatu dutenak kanporatu ditu Ertzaintzak, Donostian

Azora funtsaren etxean sartu direnei sostengua adierazteko bildu diren herritarren kontra jo dute poliziek

Ertaintzaren operazioaren irudi bat. IRUTXULOKO HITZA
Irutxuloko Hitza
2022ko azaroaren 2a
16:50
Entzun

Ertzaintza Donostiako Gros auzoan etxe bat okupatu duten bi pertsona kanporatzeko operazioa egiten hasi da 15:30 aldera. Azora putre funtsak erositako etxean sartu dira okupatzaileak, eta 20 bat herritar bildu dira haiei sostengua emateko.

Hainbat ertzain etxebizitzan zeudenekin hitz egitera igo dira, eta kalean bilduriko herritarretako bat identifikatu dute, argazkiak egiten ari zelakoan.

Ondoren, Ertzainek istiluetan erabiltzen dituzten kaskoak eta ezkutuak jantzi dituzte, herritarrak jarrera baketsuan bazeuden ere. Gero, herritarren kontra jo dute ertzainek, borrekin. Irutxuloko Hitza kazetako berriemaile bat ere kolpatu dute, borraz.

Azkenean, 16:30 aldera kaleratu dituzte etxebizitzan zeudenak.

Azora funtsak eskatuta, hainbat desjabetze eta kaleratze egin ditu Ertzaintzak azken hilabeteotan.

Martxoaren 16an, ondasunak jasotzeko tarterik utzi gabe kaleratu zituzten Ategorrieta auzoko etxebizitza bateko bi maizterrak. Tentsio uneak bizi izan ziren orduan ere, eta pertsona bat atxilotu zuten. Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako ordezkariak orduan esan zuenez, Azora bera zen etxegabetzearen «errudun bakarra». Donostiako Udalari galdegin zion Azora erakunde non grata izendatzeko.

Orduan ohartarazi zuten Azoraren beste hamar bat maizter ere arriskuan zeudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.