Pastor
Darwin eta gu

Puta hori, Saioa

2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Matxismo arrastoak badituela aitortu du Oscar Puente ministro espainiarrak, elkarrizketa batean. Bere esaldi eta portaera batzuk oso egokiak ez direla adierazi du; jarrera horrek antzinako moduak islatzen dituela. PSOEko kideak mea culpa esan du. Jokaera horiek «kontzienteki» edo «ohartu gabe» ateratzen zaizkio. «55 urteko gizona naiz», azaldu du, bizkarrean daraman motxila erakutsi nahian.

Kritikak segituan heldu zaizkio Puenteri. Antza denez, ez da oso politikoki zuzena norberak, gustukoa ez badu ere, oraindik tik matxistak dituela aitortzea. Matxismoaren zuztarrak guztiz erauziak ez dituela jakinaraztea. Bai, PSOEko politikaria, itxuraz Pedro Sanchezentzat bulldog lanak egiten dituena, zakarra izan daiteke hizkeran zein jokamoldean —eta batzuetan halakoxea da—. Finezia ez du berezkoa. Nahiz halakoa den, kritikatu egin behar dugu matxismoa oraindik gainditu ez duela esan duelako?

Hori egin dute sare sozialetan. Basapiztia, gaizki hezia, harroputza, ahozabala eta abar deitu diote hainbat lagunek. Gizonezko batek idatzitako mezuak harritu nau, bereziki: «Ni 65 urteko gizona naiz eta ez naiz matxista». 65 urteko gizon bat matxista ez dela aldarrikatzen. Ea, bada, lagun: zer museotan gorde zara orain arte? Non aurkitu duzu 65 urterekin jadanik matxista ez izateko formula, edabe magikoa? Gainontzeko gizonok gustura asko jakingo genuke sendagaia non erosi duzun, mendetako matxismoa, muinetaraino barneratua duguna, errotik mozteko.

Zeinen erraza den matxistak ez garela esatea. Pentsatu egin nahi nuke hori dioten gizonezko gehienek fede onean edo ezjakintasunean oinarrituta hedatzen dutela adierazpena. Hala ere, horrek ez dio indarrik kentzen argudio nagusiari: gizonok nahikoa lan dugu geure balio sistema aldatzen eta geure burua garai berrietara egokitzen. Bide luzea dugu aurrean. Jadanik matxistak ez garela esateak ez digu laburtuko. Bakar-jokoan tranpak egitea da.

Gainera, zer da matxista izatea? Areago: zer da matxista ez izatea? Badago hori berehala jakiteko modurik? Ospitalean plakak jarri eta segituan antzematen dute medikuek hezurretan edo gibelean zerbait duzun edo ez. Matxismoaren gaitzetik sendatu garela diagnostikatzeko erradiografiarik ez dago. Kamera ezkutu bat ipini beharko ligukete soinean, zer egiten dugun ikusteko. Grabagailu bat, lagunekin zer esan eta nola jokatzen dugun jakiteko. Txip bat buruan, egunerokoan zer pentsatzen dugun azaleratzeko. Zenbait pentsamendu ondo bideratzen ditugun edo, erreprimiturik ere, barrena erretzen diguten jabetzeko.

Zeren arabera sailkatuko ditugu geure makro eta mikromatxismoak? Big Brother lanean aritu baino hobe genuke geure buruari begiratu eta hausnartuko bagenu. Hobe erne ibiliko bagina, matxistak ez garela lasai asko botatzen hasi baino. Arduragabekeria da besterik gabe matxista ez zarela esatea. Matxista izan nahi ez izatea ez da nahikoa matxista ez izateko. Bide errazenera jotzea da. Gaizkiak gu guztiok kolpatzen gaitu. Gazteak ere bai. Mutilak eta… neskak. Pentsa 65 urteko gizonak!

Astearte arratsaldea. 14-15 urte inguruko neska-mutilak besarkatuta doaz autobusean, elkar musukatzen. Lagun batek errieta egin die, txantxetan, hain gozo ibiltzeagatik. «Zer nahi duzu, Paula? Nobioak gara atzodanik. Bazen garaia!», esan dio neskatoak. Gero, mutilarengandik kolpetik urrundu eta serio begiratu dio: «Mutil-laguna izatea gauzarik txarrena da. Nik nola jakingo dut orain nitaz ez zarela nekatuko eta ez zarela joango puta horrekin, Saioarekin?».

Oihuka bota du ahokada. Jendea bueltatu egin da. Nor ote…? Eta nor ote da puta hori, Saioa? Bilorik gabe segitu du nerabeak: «Guarra asko daude hortik. Nola jakingo dut egun batean mozkortu eta ez zarela batekin joango?». Eta hor jardun du «Saioa puta» gora, «Saioa puta» behera. Eta neskak guarrak, zikinak direla. Neskak. Mutilak, ez. Haiek garbiak dira, guarra horien tentazioan erraz erortzen diren gizajo ahulak. Zer da guarra izatea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.