Euskara

Puntueusek ondorioztatu du Googleko bilaketetan euskara diskriminatzen dutela

Puntueus behatokiak euskarak Interneten duen hedapenaren azken datuak eman ditu: Euskal Herriko webguneen %14 daude euskaraz; '.eus' domeinua erabiltzen dutenen artean, lautik bat.

Puntueus fundazioaren aurkezpena, gaur goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko uztailaren 11
17:49
Entzun

Interneten euskarak nolako egoera duen ikertzea eta .eus domeinuaren joerak aztertzea. Horixe du helburu Puntueus behatokiak. Gaur goizean eman dute azken ikerketaren ondorioen berri Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak eta Lorea Arakistain Puntueus fundazioko marketin zuzendariak. Urtero egiten dute ikerketa hori, baina aurten berrikuntzak txertatu dituzte: aztertu dute Googleren bilaketa zerbitzuek euskara diskriminatzen ote duten. Eta ondorioa argia izan da: ikusi dute euskara diskriminatzen dutela, gazteleraren mesedetan, eta, hori horrela, euskarak ikusgaitasuna galdu duela Interneten.

Hala azaldu du du Waliñok: «Euskal erabiltzaileen bilaketei Googlek gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die. Horrek ondorio larriak ditu, euskara baztertu eta gazteleraz nabigatzera eramaten dituelako erabiltzaileak, euskararen ikusgarritasuna murriztuz». Orain, ikerketa sakonagoa egin asmo dute, «emaitzek euskal Interneten izan duen eragina neurtzeko eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak aztertzeko».

Katalunian dago ikerketaren abiapuntua. Hain zuzen, Katalanaren Presentzia Digitalaren Aldeko Aliantza erakundeko koordinatzaile Albert Cuestak azaldu duenez, bilaketak egitean Googleren algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu dute, eta nabaritu dute 2022ko udaberritik gaztelerazko emaitzak lehenesten ari direla eta katalanezkoak «zigortzen». Hain zuzen ere, 639 webgune eleaniztun ikertu dituzte; hirutik bik katalanezko bisitak galdu dituzte, eta kasuen %80tan gaztelerazko bertsioek irabazi dute. Kritika egin du Cuestak: «Fenomeno horrek ez du zerikusirik erabiltzaileen hizkuntza lehentasunarekin, bilatzaileek ez baitute errespetatu».

Euskal Herriari dagokionez, ikerketa ez da hain sakona izan, baina zenbait bilaketa eginda atzeman dute «diskriminazioa» badagoela. Halaber, euskarazko Wikipediaren arduradunek ere Googleren algoritmoaren aldaketa nabaritu dute. Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariaren esanetan, bisita kopurua geroa eta handiagoa da, baina jaitsiera neurtu dute hainbat alorretan: «Iaztik alor jakin batzuetan trafikoa galtzen ari gara. Googletik bideratutako bilaketetan dago gakoa; oso argi daukagu».

.eus, gero eta zabalduago

Beste batzuetan legez, euskarak Interneten duen presentzia datuekin neurtu dute. Azaldu dutenenez, Euskal Herriko webguneen %14k daukate edukiren bat euskaraz. Kopurua handiagoa da .eus domeinua erabiltzen dutenen artean: %75ek euskarazko edukia argitaratzen dute. Alderaketa eginda: .com domeinua dutenen %8 aritzen dira euskaraz ere eta .es domeinukoen %6. Gainera, gailuen konfigurazioari erreparatuta, duela bost urte —orduan neurtu zuten azkenengoz— Euskal Herriko gailuen %2 zeuden euskaraz konfiguratuta; orain, berriz, %4 daude. Datua baikorragoa da erabiltzaile euskaldunen artean: %15ek dute gailua euskaraz.

Gainera, zehazki begiratu diote .eus domeinuari. 2021etik 2022ra %9ko hazkundea izan zuen, eta, orotara, 14.266 webgunek dute domeinu hori. Fidelizazio tasa handia dutela ere ziurtatu dute, erabiltzaileen %89k berritu baitute. Datuak «oso onak» direla ondorioztatu dute. Izan ere, orokorrrean, %2,5ekoa izan da hazkunde tasa eta %70ekoa berritze tasa.

Gehiago aletu dute domeinuaren egoera. Banaketa geografikoari dagokionez, batez ere Gipuzkoan (%41) eta Bizkaian (%34) erabiltzen dute, eta %9 Euskal Herritik kanpokoak dira. Eta tipologiari erreparatuta, nagusiki enpresa pribatuak dira erabiltzaileak (%40). Atzetik daude hezkuntza arlokoak (%9,6); kulturakoak (%9,6), norbanakoak (%9,4); eta erakunde publikoak (%9).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.