«A ze zortea izan dugun!». «Gaur ez gara institutura hain berandu iritsiko». «Marka guztiak hautsi dituzte!». Horiek dira Irungo (Gipuzkoa) tren geltokian 08:17an entzun diren oihuetako batzuk, pozez eta txalo artean erranak guztiak. Berez, trena 08:07an iristekoa zen, eta hamar minutu atzeratu da, baina «hain gutxi» itxarotea «salbuespena» izan ohi dela dio Maialen Gajatek. Egunero hartzen du tren hori lanera joateko, eta ia inoiz ez da garaiz iristen: «Hamar minutu itxoitea ospatzeko modukoa da: gehienetan askoz denbora gehiago behar izaten du trenak iristeko».
Irun da C1 aldiriko trenbidearen abiapuntua, eta 28 geldialdi egiten ditu azkeneko geltokira iritsi bitarte, Brinkolara (Gipuzkoa). Ibilbide hori estrategikoa da Gipuzkoarendako, sei eskualde lotzen baititu: Urola Garaia, Goierri, Tolosaldea, Buruntzaldea, Oiartzualdea eta Bidasoa. Renfek kudeatzen du zerbitzu hori, eta urteak pasatu ahala gero eta «eskasagoa» dela dio Gajatek: «Arazoa ez da itxaronaldia bakarrik; inoiz ez da garaiz iristen hurrengo geltokietara. Hemendik behar den garaian aterata ere, berdin-berdin iristen gara berandu. Denborak ez dituzte ondo kalkulatuak». Gajatek esaldi hori amaitzear duela iritsi da trena geltokira, eta lasterka sartu dira bidaiari guztiak. Ikasleak dira gehienak; tartean langileak eta turista batzuk ere badaude.
Ibilgailuko ate automatikoak zeharkatu bezain laster, bidaiari gehienek kaskoak belarrietan jantzi, burua makurtu eta sakelakoan iltzatu dute begirada. Bakan batzuek, baina, liburuak dakartzate besapean. Horietako bat da Gorka Perez, eta, tren zerbitzuaren gabeziei buruz galdeturik, irriz hasi da: «Pazientzia besterik ezin dugu izan: ohituta gaude jadanik. Okerrena da arazoa ez dela konpontzen, eta txarrera egiten ari dela».
Tolosara (Gipuzkoa) joateko hartzen du trena egunero, eta, ia beti berandu iristen denez, duela hilabete batzuk erabaki zuen 45 minutu lehenago irteten dena hartzea. «10:00etarako egon behar dut lanean, eta badago tren bat garaiz iritsiko balitz bikain letorkidakeena. Baina puntualtasun falta dela eta, aurrekoa hartzen dut, eta 40 minutu inguru egon behar izaten dut lanera sartzeko zain». Perezek dio anitz baldintzatzen duela trenaren atzerapenen menpe ibili behar izateak. Puntualtasun falta horrengatik, beraz, zerbitzu hori darabilten bidaiariek inoiz gutxi dakite zer ordutan iritsiko diren helmugara.
«10:00etarako egon behar dut lanean, eta badago tren bat garaiz iritsiko balitz bikain letorkidakeena. Baina puntualtasun falta dela eta, aurrekoa hartzen dut, eta 40 minutu inguru egon behar izaten dut lanera sartzeko zain».
AITOR PEREZ
Baina bidaiarien ezinegona ez da soilik gibelapenek sortua, arazo horiek komunikatzeko moduan ere gabeziak baitaude. Aiora San Miguelek ongi daki hori: «Trena iristeko zenbat falta den jartzen du goiko pantaila horietan. Ordu hori iristen bada eta trena ez badago hemen, pantailatik desagertu egiten da, eta, berandu bazatoz, ez dakizu atzeratu egin den edo galdu egin duzun». Horrelako egoerak egunero bizi behar izateak «asko» baldintzatzen duela dio San Miguelek, azterketa baterako apunteak errepasatzen dituen bitartean.
Ikaztegieta, Itsasondo, Beasain… aurrera doa trena, eta geltoki guztietara hamar minutu berandu iritsi da. Ibilgailura igotzen diren guztiak marmarka sartzen dira. Gipelapenez eta komunikazio faltaz gain, bidaiari anitzek diote ibilbidearen azkeneko bi geltokiak «ahaztu» egiten dituztela maiz, anitzetan trena ez baita geltoki horietara iristen edo horietatik pasatzen Irunera bidean.
Zerbitzu falta hori salatu eta konponbideak eskatzeko, Legazpiko Udala Renferekin jarri zen harremanetan joan den urrian, herritar anitzek propio eskatuta. Enpresak erantzun zien aldez aurretik ez dutela egoera horien berri izaten, eta, horregatik, halakoetan taxi edo autobus zerbitzuak jartzen direla bezeroen esku. Baina geltoki horietan langilerik ez dagoenez, bidaiariek geltokietako interfonoen bidez eskatu behar dute ordezko garraiobidea.
«Trena iristeko zenbat falta den jartzen du goiko pantaila horietan. Ordu hori iristen bada eta trena ez badago hemen, pantailatik desagertu egiten da, eta, berandu bazatoz, ez dakizu atzeratu egin den edo galdu egin duzun».
AIORA SAN MIGUEL
Udalak, baina, azaldu zien halakoak ez direla noizean behin gertatzen, eta ordezko garraiobideek ez dutela arazoa konpontzen. Hala, Renfeko zuzendaritza orokorrari kexa bat igorri zioten, konponbide zehatzak eskatzeko.
Oraingoan, behintzat, azkeneko geltokira iritsi da trena; berandu, lehenbiziko geltokiko gibelapenak ez baitu barkatzen.
Beti mantso
Irunera itzultzeko trena 11:27an atera da Brinkolatik, puntual. Lagun bat bakarrik igo da, baina hurrengo geltokian dozena bat behintzat badira zain. Nabarmena da bidaiak aurrera egin ahala aldatu egin dela erabiltzaileen soslaia: 50 urtetik gorakoak dira gehien-gehienak, eta erosketak edo administrazio lanak egitera doaz, hirigune handiago batera. Badira tartean haur kotxeak dituzten aitatxi-amatxiak ere.
Kontxi Etxeberriak, adibidez, erosketak egiteko baliatu behar du goiza, datozen egunetan bilobak izanen dituelako bisitan. Maiz erabiltzen du zerbitzua, eta, haren kalitateaz galdetzean, sorbaldak mugitu eta etsita erran du «dagoena» dagoela: «Egia da lehen askoz hobekiago funtzionatzen zuela, dudarik gabe, baina ezin dugu ezer egin, dagoenarekin konformatu beharko dugu. Nigatik balitz, egunero jarriko nituzke erreklamazio orriak, beti dago-eta zerbait gaizki, baina ezin gara horrela ibili».
Etxeberria ez dabil oker, bere bagoiko ate bat puskatuta baitago: ez da irekitzen. Bertatik sartzen saiatzen dira bidaiari anitz geldialdi bakoitzean, eta atean kas-kas egiten dute, barnekoei irekitzeko eskatuz. Ez dago matxuraren berri ematen duen oharrik; beraz, emakume bat sarrera horren alboan eseri da, eta, geldialdi bakoitzean, zera oihukatzen die bidaiariei: «Ez da irekitzen!». Urnietan bagoira sartu den emazteki batek eskerrak eman dizkio. «Ikusten? Horrela ibili behar dugu egunero. Eskerrak gure artean ondo konpontzen garen, bestela akabo!», erran du Etxeberriak, eserlekutik zutitu eta Donostiako geltokian atera baino lehen. Dagoeneko bost minutu berandu dabil trena.
Ordutegien «menpe»
«Arrazoi du. Penagarria da egunero hainbeste jendek erabiltzen duen zerbitzua horrela egotea». Etxeberriaren parean eserita zegoen gizona mintzo da; Martin Gonzalez du izena, eta Irunera doa, anaia bisitatzera, asteartero bezala. Ez du ulertzen nola garai batean «hain ondo» funtzionatzen zuen zerbitzu bat horrela gain behera etorri izana: «Nola da posible egoera honetara iritsi izana? Ezin gara garraio zerbitzu publiko baten ordutegien menpe bizi».
«Nola da posible egoera honetara iritsi izana? Ezin gara garraio zerbitzu publiko baten ordutegien menpe bizi».
MARTIN GONZALEZ
AHT abiadura handiko trenari buruz ere badu zer erran: «Obra horiengatik sekulako arazoak izaten ari gara aldirikoan, baina guk ez dugu [AHTa] erabiliko. Hemengoek egunero erabiltzen dugun garraioa gero eta okerrago dago, nahiz eta kanpokoek erabiliko dutena bikaina izango den». Zerbitzu bat bertzearen bizkar hobetu eta eraikitzea ez zaio «bidezkoa» iruditzen. Nabaria du haserrea, euritakoa indarrez estutzen baitu hitz horiek erran bitartean.
Trena azkeneko geltokian da jada, eta, Brinkolatik garaiz atera bada ere, hamar minutu berandu iritsi da. Goizean bezala, eguerdian ere gazte talde batek erran du «zortea» izan dutela, hamar minutu baino ez direlako izan. Baina Gonzalezek aurpegia zimurtu du esaldi horiek entzutean. «Zortea? Gure denboraz ari gara, ezer baino hobeto zaindu behar baitugu. Noiztik da zorte ona izatea egunero-egunero trenean denbora hori zakarretara botatzea?», erran du kapelua jantzi, aterkia hartu eta trenetik atera baino lehen. «Hamar minutu asko dira; ikasi hori berandu baino lehen», erran dio gazte taldeari.
ALDIRIKOAK: ARAZO ITURRI
Renferen C1 aldirikoa ez da arazoak dituen bakarra, Bizkaian ere antzeko egoeran baitaude. Hala, EH Bilduk hainbat galdera helarazi dizkio Espainiako Senatuari C3 Bilbo-Urduña zerbitzuaren «narriadurari» buruz. Adierazi dute erabiltzaileak etengabe kexatzen ari direla, baina zerbitzua ez dela hobetzen. Udan, adibidez, 6.230 intzidentzia erregistratu ziren.
Eskumenak Espainiak dituen arren, datorren asteartean bilduko dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, transferentziez hitz egiteko. Zehazki, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, eta Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikako ministroa bilduko dira. Garamendik aurreratu du aldirikoen transferentziei buruzko proposamena «oso landuta» dagoela.