Suediako Zientzien Errege Akademiak Kimikako Nobel saria eman die Moungi Bawendi, Louis Eugene Brus eta Aleksei Ekimov ikerlariei. Puntu kuantikoak aurkitu eta sintetizatu dituzte, eta, horri esker, elektrizitatearen eremuan zein medikuntzan erabilgarriak diren propietateak lortu dituzte.
Elektroiak biltzen dituzten nanokristalak dira puntu kuantikoak, eta telebistetako pantailak eta LED argiak garatzeko erabil daitezke haien propietateak. Pantailetan eta bonbilletan ez ezik, minbiziaren diagnostikoan eta tratamendu esperimentalean ere erabilgarriak izan daitezkeela ondorioztatu dute.
Aleksei Ekimovek ikusi zituen lehenengo aldiz puntu kuantikoak kristaletan, 1981ean. Horiek argiaren edo elektrizitatearen bidez estimulatzean, elektroiek energia gehiago hartzen dute. Eta elektroiak hasierako egoerara bueltatzen direnean, puntu kuantikoek distira sortzen dute. Sortzen den argi horren kolorea nanokristalaren tamainaren, konposizioaren eta formaren araberakoa da. Eta horiek manipulatzen ikasi zuten Brusek eta Bawendik. Epaimahaiaren iritziz, «aurrerakuntza garrantzitsua izan da, gainerako Kimikako Nobel sariak bezala, nanomundua ezagutzeko».
Sari banaketan galdera batzuk telefonoz erantzun zituen atzo Bawendik, eta esan zuen nanoteknologiaren «hastapenak» ari direla ikusten oraindik: «Komunitate zientifikoak etorkizunean aurkituko dituen aplikazio berriak ikusteko irrikan nago».
Kimikako Nobel saridunak behar baino lehenago jakinarazi ditu akademiak, Suediako prentsak atzo goizean egindako filtrazioaren ondorioz.
Puntu kuantikoen aurkitzaileek jaso dute Kimikako Nobel saria
Moungi Bawendi, Louis Eugene Brus eta Aleksei Ekimov saritu dituzte. Haien lanari esker garatu dira telebistetako pantailak eta LED argiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu