Puntako teknologia euskaraz

Hizkuntza gutxituak eta berrikuntza uztartzeari buruz jardun dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Euskaraz funtzionatzen duten zenbait gailu aurkeztu dituzte

Euskarari eta teknologiari buruzko solasaldia, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Ez dut ulertu, baina egunero ikasten dira gauza berriak», erran zuen Mycroft bozgorailu adimendunak Igor Leturia ikertzaileak galdera bat egin zionean. Gaur egun, munduko nahiz Euskal Herriko edozein etxetan aurkitu daitezke tresna horiek, enpresa erraldoiek sortutakoak guztiak. Horiek, baina, ez dute euskara ulertzeko eta euskaraz mintzatzeko gaitasunik. Teks taldea garatzen ari den Mycroft bozgorailuak, ordea, bai.

Hori bezalako gailu, tresna eta sistema andana bat erakutsi zuten atzo Donostiako Tabakaleran. Etorkizuna eraikiz kongresuaren barruan, eta, Badalabek antolatuta, euskara eta teknologia uztartu zituzten atzoko saioan. Hala, galdera hau erantzuten ahalegindu ziren zenbait aditu: Teknologiak baldintzatuko al du hizkuntzen etorkizuna?

Orotara, hogei pertsona inguru bildu ziren solasaldian. Tarteka kuxkuxeroren bat ere bertaratu zen, zerbait interesgarria entzunen zuelakoan. Alferrikako ahaleginak izan ziren denak, mikrofono guztietatik irteten ziren soinuak parte hartzaileek zituzten entzungailuetara bideratuta baitzeuden. Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendariak eman zion hasiera saioari, eta azaldu zuen teknologia dela hizkuntza gutxituek etorkizunean bizirik irauteko gakoetako bat.

Jarraian, Oiartzabalek aditu hauek elkarrizketatu zituen: Arantza Del Pozo Vicomtech guneko Ahotsaren eta Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Teknologien zuzendaria, Itziar Aldabe Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldeko ikerlaria eta Beñat Irasuegi Talaios kooperatibako kidea. 30 minutuan, euskarak eta teknologiak bat egiten duten arloari buruzko xehetasun andana azaldu zuten hiru adituek, argi eta labur.

Egungo diagnostikoa

Del Pozok azaldu zuen hiru elementu funtsezkoak izan direla gaur egun euskarak arlo teknologikoan duen lekua izateko: sare neuronalak, datuak —irudiak, bideoak, testuak eta abar— eta azpiegitura egokiak. Hiru hizlariak ados zeuden ideia batekin: euskara hizkuntza gutxitua izanik ere, aurrerapausoak eman ditu eremu teknologikoan lekua egiteko.

Hala eta guztiz ere, Aldabek erran zuen arlo horretan «ikerketa beharrezkoa» dela oraindik ere, merkatuan dauden zenbait tresnaren ereduak ez baitira aplikagarriak euskaraz. Horrekin lotuta, Irasuegik azpimarratu zuenenez, anitz ikertuta ere eta teknologia aurreratua izanda ere, bertze hizkuntzen «hegemoniak» euskarari «itzal egiteko gaitasun handia» du oraindik.

Erronka horri aurre egiteko, euskararen eta euskaraz garatutako tresna teknologikoen erabilera bultzatzea funtsezkoa dela azaldu zuten Del Pozok eta Irasuegik. Aldabe ere ados zegoen, baina erran zuen euskaldunek haiendako propio egindako teknologia erabiltzea nahi bada ezinbertzekoa dela «sistema onak» garatzea eta arlo horretan lan eginen duten adituak trebatzea.

Lan anitz

Hiru adituek argi utzi zuten ahulgune, indargune eta erronka ugari daudela arlo horretan, eta nabarmendu zuten oraindik lan anitz dagoela egiteko. Eginda dauden bertze hainbertze lan ere badaudela erran zuen Oiartzabalek. Bigarren aldiz hitza hartu, eta bertaratu zen sortzaile bakoitzarieskatu zion garatutako tresnaren nondik norakoak azaltzeko.

Teks taldea izan zen hitza hartu zuen lehenbizikoa, Mycroft bozgorailu adimenduna sortu duen taldea. Igor Leturiak gailuaren funtzionamendua azaldu zuen, eta zenbait proba ere egin zituen. Eguraldiari eta orduari buruz galdetu zion bozgorailuari, erraterako. Silvia Portelak, berriz, azaldu zuen genero ikuspegia txertatu nahi izan dutela gailuan. Izan ere, merkatuan dauden gisa horretako tresnek emakumezko baten izena eta ahotsa dute. Mycroft-ek, ordea, izen neutroa du, eta ahots neutroa izateko lanean dabiltza.

Hitz taldeko Ander Salaberriak eta Ekain Arrietak, berriz, galdera-erantzun sistema bat eta testuetatik abiatuta irudiak sortzeko tresna bat aurkeztu zituzten. Bigarren gailuaren funtzionamenduak interes berezia sortu zuen bertaratuen artean. «Hiru kalabaza erraldoi sagarrondo baten azpian» bezalako esaldietatik abiatuta irudiak sortzeko probak egin baitzituen Salaberriak. Emaitzak ikustean, irriz hasi ziren guztiak, kalabazak ematen zituen arbola bat agertu zelako, bertzeak bertze.

Tresnaren funtzionamendua sinplea da: esaldia sisteman sartu,eta azken horrek ingelesera itzultzen du. Itzulpenarekin lotutako irudi bat osatzen du gailuak, datu baseko irudiak aztertu eta gero. Prozesu hori, noski, ezkutuan egiten da, eta hogei segundo itxaron behar dira irudia lortzeko.

Del Pozok bertze hiru arlorekin lotutako tresnak erakutsi zituen: itzulpengintza automatikoa, transkripzio automatikoa eta ahotsaren sintesia.

Gailu, tresna eta sistema horiekin, bertaratuek argi ikusi zuten euskarak baduela lekua eremu teknologikoan. Hala ere, adituek erran zuten zailagoa izanen dela euskalkiek presentzia izatea. Ahozkoan batez ere, sistemei zaila zaie euskalkiak ulertzea, baina hizlariek azaldu zuten balitekeela aurrerago ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.