Eneritz Garro Larrañaga (Arrasate, Gipuzkoa, 1976) Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da. Eskoletako errealitateak hain askotarikoak izanda, hari finarekin ondu beharreko akordio bat beharko delakoan dago.
Lantaldean nahiko iritzi konpartitua izan da egungo eredua gainditu beharra.
Hiru hamarkadetan gizartea aldatu egin da, eta legeak aldaketa horiei erantzun beharko lieke. Bereziki interesgarria iruditzen zait hezkuntzaren gaia mahai gainean egotea, ez bakarrik hezkuntzako eragileen artean, baizik eta modu zabalagoan, eta begirada horiek elkarrizketan egotea modu emankorrean eta foro ezberdinetan. Iruditzen zait hori dena garrantzitsua dela: denon artean zer nahi dugun eta behar dugun pentsatzeko aukera hori.
Hainbat korapilo atera dira. Segregazioarenaz zer diozu?
Konplexutasun handia dauka, eta erpin asko. Hala ere, helburuak argia izan behar luke: ikasle guztiak gaitzea gizarteak sortzen dituen desberdintasunak orekatzeko. Horrek izan behar du eskolaren helburu nagusienetako bat. Horretarako, agian, kasuan-kasuan, bideak ezberdinak izan daitezke.
Tokian tokiko ereduei erreparatuz, eskola kontseiluen ideia garatu dute lantaldean. Zer iruditzen zaizu?
Eskola kontseiluek plataforma bat eskaini dezakete, ez bakarrik segregazioaren gaia lantzeko, baita euskararen gaia lantzeko ere, besteak beste. Esaten badugu hezkuntza komunitatearen inplikazioa ezinbestekoa dela, eta eskola ez dela nahikoa erronkei erantzuteko, herrietako eragileak
izateak aukerak ematen ditu hainbat gai jorratzeko. Lankide batzuk ikertu zuten udal batzuek nola esku hartu zuten pandemiaren hasieran. Saretzea egituratuta zutenek baldintza landuagoak zituzten berehalako erantzuna artikulatzeko. Arakatu behar den formula bat dela iruditzen zait.
Ereduak badira.
Bai, uste dut esperientzia onak badaudela. Elkarrekin pentsatu behar dugu nola sistematizatu. Askotan helburua garbi daukagu, baina nola egin, horretan galtzen gara, eta ulertu behar da helburua bezain garrantzitsua dela bidea. Kontseilu bat sortzen bada, eta harreman pertsonalak sortzen direnean, eta gaien inguruan eztabaidatzen hastean bestearen ikuspuntuak ulertu behar dituzunean, askoz errazagoa da gero gauzak ateratzea. Indarrak hor jarri behar direlakoan nago.
Hizkuntza ereduen gaia ere azaleratu da batzordean.
D ereduak zabalkunde handia izan du, eta hori oso berri ona da. Etxetik euskaldunak ez diren ume pila bat euskalduntzen ari gara. Agian ez dugu lortzen guk nahiko genukeen erabilera maila. Hor asmatu behar dugu. Hainbat alderdi sartzen dira hor.
Adibidez?
Hizkuntza gutxiagotu baten irakaskuntzan ari garenean, oso kontziente izan behar gara horretan ari garela. Ez da berdina etxetik euskalduna den haur baten ikaskuntza prozesua, edo etxetik euskalduna ez denarena; gaitasuna ez ezik, erabilerarako bitartekoak ere eskaini behar dizkiegu ikasleei. Horretarako, inplikazio handia behar da, ez bakarrik eskolarena, komunitate osoarena baizik.
Zer tresna egon litezke?
Gaitasunaz ari garenean, ikasleak euskaraz hitz egitea nahi badugu, hitz egiten erakutsi behar diogu, eta horretarako guneak sortu behar dira eskoletan, eta ahozkotasunak leku handia eduki behar du maila formalean eta informalean. Hori igarri behar da didaktikan, metodologian, irakaslearen diskurtsoan... Helburu bat jarri, eta tresnak sortu behar dira. Hori guztiek egin behar dute; ezin du bakarrik euskarako irakasleak egin. Eta beste irakasleez ari garenean ere, eskatu bakarrik ez, eskaini ere egin behar diegu. Matematika euskaraz irakasteko, adibidez, irakasle horrek zer baliabide eta ezagutza behar ditu? Puntada fina behar da: kafea denontzat ereduak ez du balioko.
Euskara finkatzeko eredurik?
Helburua baldin bada euskaraz ikastea, eta hori da lehenik argi izan behar duguna, indartu beharrekoa hizkuntza gutxitua da. Hor ez dago inolako zalantzarik. Nahi dugu denok euskara jakitea? Hori ez da erabaki pedagogiko bat; beste maila batekoa da.
Eredu bakarrak kohesioan lagundu dezake?
Ereduaren hautuaren ondorioez jabetzea inportantea da. Batak zer ematen dizu, eta besteak zer ez dizu ematen. Gurasoek jakin behar dute eredu batzuetan bere seme-alabak ez direla euskaldunduko. Eta, euskalduntzea nahi badu, agian D eredua ere ez dela nahikoa izango. Gurasoek informazio hori behar dute.
Curriculumak ere badu zeresana.
Euskarak berarekin dakar euskal kultura, eta horren transmisioan gehiago egin genezake. Eguneroko ariketetan zer erreferente ematen dizkiegu ikasleei, zer gertaera historiko azpimarratzen ditugu, zer musika jartzen diegu, zer adibide ematen dizkiegu, zer mundu ikuskera ematen diegu. Egiteko moduetara jaitsi behar dugu.
Irakasleen prestakuntza ere hizpide izan da.
Ebaluazioa horrela uler dezakegu: nola hobetu dezaket nik nire lana, eta guk, kolektibo moduan, nola hobetu dezakegu gure lana. Klaustroetan gure lanaz hitz egiteko guneak sortzen baditugu, eta hitz egiten badugu gure lanaren nondik norakoez, eta horrek etorkizuneko gure egiteko moduetan eragina baldin badu, hori dena ebaluazioa da. Hori zor diogu gure lanbideari, ez? Irakasle batek ezin dio beldurra izan ebaluazioari; izan diezaioke beldurra epaiketari. Iruditzen zait, ordea, sistematikoki irakasleek ez daukagula tresnarik gure lana ebaluatzeko, eta ebaluazioak lotuta egon behar du garapen profesionalarekin eta prestakuntzarekin.
Jarraitu irakurtzen: Hezkuntza itunerako bidea testu bilduma