Aintzane Pujanaren auziaren epaiketaren bertze saio bat egiten ari dira gaur, akusatutako bi herritarren deklarazioarekin. Gizona izan da lehenbizikoa, eta ukatu egin du hilketan parte hartu izana: bertze akusatuari egotzi dio guztia, eta «manipulatzaile» gisa definitu du. Atsedenaldiaren ondoren deklaratu du andreak, eta Ertzaintzari egindako deklarazioetan oinarritu du bere hitzaldia: aitortu du Pujanari labankadak eman zizkiola, baina zehaztuta bertze akusatuak «behartu» egin zuela hori guztia egitera. Behin betiko ondorioak aurkeztu dituzte: fiskaltzak erabaki du akusatutako gizonaren zigor eskaera ez aldatzea, eta emakumearendako ez eskatzea espetxealdi iraunkor berrikusgarria.
Orain arte Gipuzkoako Fiskaltzak zigor eskaera bera proposatzen zuen bi akusatuendako: espetxealdi iraunkor berrikusgarria hilketagatik, bortz urteko kartzela zigorra Pujana legez kanpo atxikitzeagatik, eta hiru urte eta sei hilabetekoa sexualki esplotatzeagatik. Orain, baina, Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea gizonari soilik egozten diote, eta hilketaren egilekide gisa aurkeztu dituzte biak. Horrek zigor eskaeran eragin du, emaztekiari dagokionez: ospitale psikiatriko batean egon beharko du gehienez ere hogei urtez —epaimahaiak erabakiko du urte kopurua—, eta hori bete ostean, hamar urteko kartzela zigorra bete beharko du –aldi horri orain kartzelan eman dituen urteak eta ospitalean emanen dituenak kenduko zaizkio—.
Atzoko saioa hasi baino lehenago, fiskalak berak kazetariei jakinarazi zien aztertzen ari direla atzera botatzea akusatutako emakumearentzat eskatzen zuten espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Izan ere, emaztekiak %78ko desgaitasuna duela frogatu ahal izan dute prozesuan zehar, eta «hiltzeko beldurra» zuela, gizonaren mehatxupean bizi zelako.
Akusatutako gizona, baina, bertzela mintzatu da emakume horri buruz, «manipulatzaile» gisa definitu baitu: «Bizitzan filosofia argia du: lortzen ez badut, bazterrak nahasiko ditut». Zehaztu du gizona bera «maiteminduta» zegoela, eta horregatik jarraitzen zuela andrearekin. Hilketaren gauaz galdetuta, adierazi du ez zuela «inolako parte hartzerik izan». Biktima eta akusatutako emakumea eztabaidatzen ari zirela erran du, eta bera ez zela tartean sartu. Izan ere, azaldu duenez, ohikoa zen bi horien artean liskarrak egotea, eta zerbait erraten zien aldiro, akusatutako emakumeak zera erantzuten zion: «Emakumeen kontuak dira, ez sartu». Gau hartan ere gauza bera erran ziola zehaztu du.
Gizonaren arabera, urtarrilaren 1eko gau hartan ere gauza bera erran zion akusatutako emakumeak, eta Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) etxetik bidali zuen. Gizona ordu eta erdi inguru egon zen etxetik kanpo, eta itzuli zenean biktima ez zegoen han, eta ez zuen hari buruz ezer galdetu. Gizonaren defentsak behin betiko ondorioak aurkeztu ditu saio amaieran, eta, bertze behin, haren «absoluzio librea» eskatzen dutela defendatu du.
«Beste aukerarik ez»
Akusatutako emakumeak kontrakoa erran du, orain arte defendatutako bertsio bera jarraituta. Aitortu egin du bera dela «hilketaren egile materiala». Halere, zehaztu du bertze akusatuak hala erranda hil zuela Pujana, ez ziolako «bertze aukerarik utzi». «Aintzaneri egin zion gauza bera eginen zidanaren beldur nintzen, mehatxatu ninduen», erran du.
Ildo horretatik, emaztekiaren defentsak behin betiko ondorioetan gogoratu du «nahasmendu larria» duela, eta «okerrera» egin duela kontsumitutako drogarengatik. Fiskalak eskatutako zigorrarekin bat egin du.
Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira bi akusatuak, emakume bat eta gizon bat, eta 23 eta 24 urte zituzten orduan, hurrenez hurren. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Hortaz, Pujana legez kanpo atxiki eta sexualki esplotatu izana leporatzen diote gizonari, eta hilketaren egilekide gisa aurkeztu dituzte bi akusatuak. Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxeratzea ebatzi zuen bi akusatuendako 2020ko urtarrilaren 15ean.