Eskola publikoaren aldeko aldarrikapenak eta festak bustiko du Ordizia (Gipuzkoa) gaur; hain zuzen ere, bertan egingo dute Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia, Publikoa ai do! lelopean. Herriko Urdaneta eskolako eta Oianguren institutuko hezkuntza komunitatea arduratu da festa antolatzeaz, eta nahi duen oro bertan parte hartzera animatu dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute.
Hiru ardatzen bueltan ondu dute festa, Urdanetarrak guraso elkarteko kide Naroa Elortzak azaldu duenez. Aniztasuna eta inklusioa da lehenengoa. Izan ere, horiexek dira Ordiziako eskola publikoen ezaugarririk behinenetarikoak. Orotara, bi ikastetxeen artean ia 1.200 ikasle hartzen dituzte. Jatorri, hizkuntza eta egoera sozioekonomiko askotarikoak dituzte. Elortzak emandako datuen arabera, esaterako, datorren ikasturterako Urdanetan matrikulatutako HH2ko umeen %60 inguruk daukate familia atzerritar jatorrikoa. Horrek hizkuntzan ere badu eragina: orain bi urteko datuen arabera, ikasleen %15ek bakarrik dute etxean euskaraz dakien norbait.
Horiek horrela, Ordizian «arazo bat» dagoela nabarmendu du Oianguren institutuko zuzendariak, Gorka Arretxek: «Ordiziako elkarbizitza, euskalduntzea eta kohesioa kaltetuta daude. Arazo bat dago, eta erantzun bat eman behar zaio, ez baitugu ghettoz osatuta egongo den Ordizia zatitu bat nahi». Bide horretan lanean ari direla nabarmendu du: «Guretzat erronka bat bihurtu da ikasle hauek euskalduntzea, haien ongizatea eta inklusioa lortzen saiatzea. Eta gu gauden tokian gaude horretan sinesten dugulako; konbentzituta gaude euskal eskola publikoaren aldeko borroka hau eta aldarrikapen hauek direla gure lekua: ekitatea eta desoreka orekatzea». Ordea, laguntza ezinbestekotzat jo du Urdaneta eskolako zuzendari Onintza Zubeldiak: «Eskola publikoa babestu eta lehenetsi behar da. Egiten dugun lana aitortzea eta desoreka honi aurre egiteko neurri eta tresna zehatzak jartzea eskatzen ari gara etengabe [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailari».
«Egiten dugun lana aitortzea eta desorekari aurre egiteko neurriak eta tresnak jartzea eskatzen ari gara etengabe».
ONINTZA ZUBELDIAUrdaneta eskolako zuzendaria
Hain zuzen, horixe da bigarren ardatza: publiko izaera defendatzeko ere baliatu nahi dute gaurko eguna. Arretxek, esaterako, ezinbestekotzat dauka eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz bihurtzea. «Baliabideak eta inbertsioak ere behar dira». Urdanetako kasua azaldu du Zubeldiak: «Eraikinaren eraberritze integral bat behar da ja». Oiangurenen egunerokoan bizi duten egoera ere ez da xamurra, Arretxeren hitzetan: «Ez daukagu gimnasiorik, eta soinketa egitera kiroldegira joan behar dugu. Patiorako estalkirik ere ez daukagu; euria egiten duenerako badugu zerbait, baina 500 eta piko ikasle dira, eta ez dira kabitzen». Baina, Ordiziatik harago, Euskal Herriaren luze-zabaleko eskola publikoen bozgorailu izan nahi dute gaurkoan, Zubeldiaren hitzetan: «Publikotasunaren aldeko aldarrikapena Euskal Herri osoko euskal eskola publiko guztiek egin beharko dugu».
Festako hirugarren zutabea, berriz, hizkuntza izango da: euskara. Aitortza baten beharra ikusten dute, eta horretarako baliatuko dute festa: «Ikastetxeek euskalgintzan eduki duten rola ez da aitortu, eta aitortza bat ere izango da: zer egin duen Ordiziako hezkuntza komunitateak urte hauetan euskalduntze prozesuan, inklusioan, kohesioan...». Horretarako ere laguntza eskatu du Zubeldiak: «Administrazioari eta udalari laguntza eskatzen diogu euskararen inguruan eta hizkuntzarekiko atxikimendua sustatzeko lanean». Herri erronka bat delakoan dago Elortza: «Eskola euskaldundu nahi badugu, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, horrek herri mailako apustua eskatzen du». Horren araberakoa izango baita etorkizuna, Arretxeren esanetan: «Ghettoak dituen herri bat nahi dugu? Edo herri inklusibo bat nahi dugu non guztiok nahastuta biziko garen, guztiok euskaraz hitz egingo dugun eta guztiok aukera berak edukiko ditugun?».
Egitarau osoa prest
Baina, aldarrikatzeko ez ezik, ospatzeko ere izango da gaurko eguna. Hala dio Arretxek: «Euskal eskola publikoaren komunitatea egiten ari den lanaren aitortza eta ospakizuna izango da». Herriko eragileekin lankidetzan aritu dira egitaraua ontzeko, Elortzak kontatu duenez: «Badago elkar elikatzeko misio bat».
«Ghettoak dituen herri bat nahi dugu? Edo herri inklusibo bat nahi dugu?».
GORKA ARRETXEOianguren institutuko zuzendaria
Urte osora begira aritu dira lanean. Elortzak azaldu du zenbait ekintza antolatu dituztela, festa aitzakia gisa hartuta: «Urte guztira eraman nahi izan dugu; ez dugu uste egun bateko edo asteburu bateko kontua denik». Esaterako, publikotasunaren inguruko hitzaldi bat egin dute, eta euskalduntzeari buruzko beste bat. Gainera, Munduketariak liburua ere argitaratu dute. Hainbat gai landu dituzte: kultur aniztasuna, identitatea, munduaren ezagutza...
Halere, ekainaren lehen asteburu hau izan dute egutegian gorriz borobildua. «Asteburu osoko plana dugu», nabarmendu du Elortzak. Izan ere, atzo ere izan zen festarako aukerarik: kontzertuak eta goitibeherak izan ziren, besteak beste.
«Eskola euskaldundu nahi badugu, horrek herri mailako apustua eskatzen du».
NAROA ELORTZAUrdanetatarrak guraso elkarteko kidea
Ordea, gaur izango da egun nagusia, Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Lau gune atondu dituzte herrian: Plaza Nagusia, Garagartza plaza eta Goen plaza; Barrena parkea; frontoia eta arboleda; eta Jose Migel Barandiaran gunea. Aukera zabala egongo da goizetik iluntzera: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia, kirol gunea, bazkariak, kontzertuak... Bertan izango da BERRIA ere: hari esker, 14:00etan, Izaskun Mujika ipuin kontalariak Ipuinen lapikoa ikuskizuna emango du Barrena parkean.
Ateak zabal-zabalik
Festa antolatzea «lan gogorra» izan dela aitortu du Elortzak. Baina gustuko lekuan aldaparik ez: «Ilusio pila bat dugu». Eta nahi duen oro gonbidatu dute Ordiziara joatera. Arretxe: «Aldarrikapen eguna bai, baina jai eguna ere izango da. Ateak irekita dauzkagu, eta jaia guztiona eta guztiontzat izango da».