Nafarroako Gobernuak hezkuntzan eginiko murrizketak ari dira eragiten ikastetxeetan. Eskola kontseiluak egin du oharra. «Egoera ez da hobea murrizketekin, eta hori nabari da heziketa lanean», azaldu du Pedro Gonzalezek, kontseiluko presidenteak. Oso argigarriak dira datuak: sare publikoan, ikasle bakoitzeko 6.061 euro erabili zituen Nafarroako Gobernuak 2011n; 4.939, 2012an. Mila eurokoa baino handiagoa da mozketa. Horiek horrela izanik ere, Gonzalezek nabarmendu du sistema «eraginkorra» dela Nafarroakoa. «Emaitza garrantzitsuak ditu».
Nafarroako Eskola Kontseiluak 2012-13ko ikasturteari buruzko txostena kaleratu du oraindik orain, eta, horri buruzko argibideak emateko, parlamentuan izan zen atzo Gonzalez. Egoera ez da samurra ikastetxeetan, haren esanetan —«gutxiago inbertitzea ez da ona»—, baina nabarmendu du egoera ona dela, «irakasle eraginkorrak dauzkagulako, egoeraren gainetik lan egiten dutenak».
353 irakasle gutxiago
Irakasleen murrizketak agerikoak izan dira azken ikasturteetan Nafarroan. Ordezkapenetan egin zuten lehen mozketa, eta, ondoren, eskola orduak areagotu zizkieten irakasleei, langile gutxiagorekin eman ahal izateko eskolak. Gainera, ratioak igo egin zituen gobernuak, ikasle gehiago pilatu geletan, maisu-maistra gutxiagorekin moldatzeko asmoz. Izan dira gorabeherak kopuruarekin. Behin betiko datuekin, kontseiluak azaldu du 2012an 353 irakasle gutxiagok jardun zutela.
Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko desorekak gutxitu egin dira. 2012an, ikasle bakoitzeko inbertsioa 3.254 euro zen itunpeko sarean, publikoan baino 1.700 euro apalagoa. Diferentzia 3.000 euro ingurukoa zen 2009an.
Etorkizunera begirako hari batzuk josten hasi beharraz ohartarazi du Gonzalezek parlamentuan. Irakasleen adinaz aritu zen bereziki. 50 urte baino gehiagokoa da hirutik bat, eta, beraz, urte gutxiren buruan erretiratuko da. Irakasle gazteak hezi behar direla adierazi du eskola kontseiluak.
Publikoko ikasle bakoitzeko mila euro gutxiago ari da erabiltzen Iruñeko gobernua
Mozketen eragina ari da pairatzen ikastetxeetan, Nafarroako Eskola Kontseiluaren arabera: «Egoera ez da hobea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu