Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hezkuntza arautzeko legea egitekoakordioa onartu berritan, justu aurretik deitutako greba bertan behera utzi eta egun gutxira, Steilasek ezohiko Kontseilu Nazionala egin du, puri-purian diren gaiei buruz aritzeko eta sindikatuak geroan egin beharreko pausoez hausnartzeko. Atzo batu ziren sindikatuko kideak, Gasteizko Artium Museoan, eta zehaztuta utzi zuten beren ildoa, ohar batean azaldu zutenez: «Euskal Eskola Publikoa erdigunean jarriko duen hezkuntza lege baten alde borrokatzen jarraituko dugu».
Bilkurak bi ardatz nagusi izan zituen. Alde batetik, azken egunetan hezkuntza arloan izan diren mugimenduen inguruan hitz egitea. Zehazki, Hezkuntza Legea eta sindikatuen arteko bilera izan zituzten mintzagai.
Beste aldetik, maiatzaren 27an eta 28an egitekoak diren kongresura begira jarri ziren. Sindikatuko kide Nagore Iturriozek azaldu zituen lan ildo nagusiak: «Steilasen ponentzia garatu, eta publiko egingo dugun hezkuntza proposamenaren hausnarketaren ildoak jorratu ditugu». Hezkuntza Legearen inguruko «mugimenduak» ere egingo dituzte aurki. Hezkuntza publikoaren aldeko elkarretaratzea egin zuten. Euskal hezkuntza legean, publikoa helburu leloa hartu zuten.
Akordioarekin kritiko
Steilas kritikoa da EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Hezkuntza Legearen oinarriak ezartzeko erdietsitako akordioaren edukiekin. Lehen zirriborroa aurkeztu berritan, esan zuten «zehaztasun falta handikoa» eta «abiapuntutzat hartu ezin dena» zela proposamen hori, eta, batez ere, publikotasunarekin, segregazioarekin, itunpeko sarea eta sare publikoa mantentzearen ondorioekin eta euskararen presentziarekin zerikusia zuten zuzenketak egin zizkioten testu hari. Gainera, zabalik utzi zuten protestara jotzeko aukera, eskola publikoa defendatzea beren helbururik behinena dela nabarmenduta.
Azkenean, mobilizazioetara eta grebara deitu zuten ELA, LAB eta CCOOrekin batera, hezkuntza «publikoa, euskalduna eta propioa» aldarrikatzeko. Baina astehonen hasieran, greba bertan behera uztea erabaki dute. Steilasen irudiko, ordea, ez da oraindik ere «borroka» eteteko garaia. Esan zuten oraindik ez zutela testuaren berri, baina heldu zitzaien informazioren arabera ez duela hezkuntza publikoa babesten eta itunak «blindatzen» dituela.
Publikoa «erdigunean» ipiniko duen lege bat defendatu du Steilasek
Sindikatuak ezohiko Kontseilu Nazionala egin du Gasteizen. Hainbat mintzagai izan dituzte: besteak beste, Hezkuntza Legea, sindikatuen arteko bilera, eta hurrengo kongresuko txostena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu