Hemen da Euskal Eskola Publikoaren Jaia. 31. aldia du, eta igande honetan egingo da, Ordizian (Gipuzkoa), antolatzaileek Publikoa aI do leloaren inguruan ardaztu duten egitarau osoarekin. Gaur eman dituzte zertzelada nagusiak, eta bertara joateko deia egin dute.
Bezperatik hasiko dira ja hainbat ekitaldi, larunbat arratsaldean. Haur eta gaztetxoentzako ekitaldiak izango dira aurrena, eta ilunabar-iluntze partean, kontzertuak. 19:00etan, Esanezin taldearen emanaldia; 22:00etan, Etxeperena.
Igandean bertan, lau gune nagusitan banatuko dute jaia. Plaza Nagusian eta Garagartza eta Goen plazetan egongo da lehen gunea. Puzgarrietan gozatzeko era izango dute han umeek, eta perkusio tailer bat ere egingo da. 12:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimotsen emanaldia izango da. Eta arratsaldean bi kontzertu: Goxua'n Salsa eta Dupla ariko dira.
Barrena parkea izango da jaiaren bigarren gunea, eta, 11:00etan, bertan izango da jaiaren hasiera ekitaldia. 12:00etan dantzaldia izango da Oihan Vegarekin, eta 14:00etan, Izaskun Mujika ipuin kontalariaren txanda izango da; BERRIAren lankidetzari esker, Ipuinen lapikoa ikuskizuna eskainiko du. Arratsaldean, dantza eta antzerkia izango dira. Jolaserako hainbat gune ere izango dira Barrenan.
Bazkariak-eta frontoiaren inguruetan egingo dira. Eusko labela duten produktuak dastatzeko era egongo da, eta Urdanetarrak guraso elkarteak, Biziola elkartearekin batera, paella ekologiko bat prestatuko du. Haur eta gaztetxoek ere izango dute propio han zerekin gozatua: Go!azen telesaileko artistak-eta elkartuko dira 13:30 aldera, bertaratzen direnekin argazkiak-eta egiteko.
Jose Migel Barandiaran gunea izango da laugarrena, haren izena duen plazan. Kirolgunea jarriko dute han, eta hainbat ekintzatan parte hartzeko era izango da.
Herri guztia hartuko du jaiak, hainbat ekintza ibiltari ere izango baitira: Xixka magia elkarteko magoak, Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak, Ordiziako Musika Eskolako Banda, Ordiziako txistulariak eta abar kalez kale ibiliko dira.