Zer da subiranotasuna? Zer da eredu publiko-komunitarioa? Kontzeptu horien atzean egunerokoan herritarrei eragiten dieten gaiak daudenez, eduki horiei buruz gogoeta egin zuten atzo, Subiranotasuna Europako Herrietan SEH masterrak antolatutako jardunaldi batzuetan.
Subiranotasuna(k) izan dituzte aztergai laugarren urtez, Parte Hartuz ikerketa taldeko Iker Iraolak azaldu zuenez. Aurten, eredu publiko-komunitarioan ardaztu nahi izan dute gogoeta. «Subiranotasunak zertan datza eta zer lotura dago eredu publiko-komunitarioarekin?». Maddi Alberdi San Martin EHUko ikerlariak jaurti zuen galdera, eta Jon Azkune Torres EHUko irakasleak erantzun. Subiranotasuna herri burujabetzaren ikuspegitik ulertzen bazen ere, kontzeptu hori aldatzen ari delakoan dago. «Erakundeek gero eta gaitasun txikiagoa dute herritarren mesederako gobernatzeko, demokraziaren pribatizazioarengatik». Estatuak ere garatzen ari direlakoan dago. Estatu izateko gaitasuna izanda ere mendekotasun gero eta handiagoak daudenez gero, «tentsioa dago botere kontzentratuaren eta botere sakabanaketaren artean».
Jadanik ez da subiranotasuna: subiranotasunak dira. Izan ere, herri edo komunitate politiko baten subiranotasunaz gogoeta egin litekeen moduan, elikaduraren, gorputzaren, lurraren eta beste hainbat kontzepturen gaineko subiranotasunaz ere jardun daiteke. «Mugimendu eta subjektu berriak sortu dira». «Trantsizio batean» gaudela uste du Azkunek. Alde horretatik, egokia iruditu zaio Marina Sagastizabal ikerlariak burujabetzaren inguruan egin duen definizio «gaurkotua»: burujabe esatean, buru hitzarekin norbere buruaren jabe, gorputzaren jabe izatea uler litekeelako; eta jabe hitzarekin, berriz, horretarako ahalmen politikoa aldarrikatzen delako.
«Herri mugimenduak administrazioarekin harremanetan jartzen direnean, talka bat egon ohi da. Bidelagun figura bat sortu behar da gatazka horiek bideratzeko».
ANDERE ORMAZABAL GASTONParte Hartuz-eko ikertzailea
Burokrazia
Subiranotasun hori lortzeko bidean, ordea, badira tirabirak eta gatazkak. Eta erabakigunea norberarengatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta subiranotasun gutxiago dago, ikerlariek ondorioztatu dutenez. Ideia hori garatu zuen Andere Ormazabal Gastonek. Azaldu zuen demokrazia liberalaren krisi betean sortu zela eredu publiko-komunitarioaren kontzeptua; 1990eko hamarkadan, gizarte zibilaren ahotsa indartzen hasi zen. «Demokrazia neoliberalean gaude. Merkatuak agintzen du estatuaren aurrean, eta hor prozesuak opakoak dira». Horri aurre egiteko, gizartean sortu izan diren mugimenduei adi erreparatu diete ikerlariek. Erakundeak, merkatua eta gizartearen arteko harreman tentsiozko eta gatazkatsu horiek ikertu dituzte.
Ormazabalen esanetan, «erabakitzeko gunea eskalan zenbat eta gorago egon, gobernantza publiko-komunitarioak orduan eta zailago du erabakiak hartzea, eta merkatuak orduan eta errazago». Eta, lankidetza publiko-komunitarioan ere, tokiko gobernuetan, ez dira zailtasunak falta. Administrazioetako teknikariengan jarri du arreta. «Nork du ezagutza? Teknikariak. Bada, hark agintzen du». Beste hainbat ikerlari ere ari dira gai horretan sakontzen, eta Quim Brugue Torruellak egindako saiakera aipatu du. «Administrazio deliberatibo bat» proposatu du, efizientziaren izenean. «Dakiten administrarietatik ikasi nahi duten administrarietara pasatzea proposatzen du», Oso zaila baita administrazio barnean ezer aldatzea, Ormazabalen arabera. Gehiago esan zuen: «Herri mugimenduak administrazioarekin harremanetan jartzen direnean, talka bat egon ohi da. Bidelagun figura bat sortu behar da gatazka horiek bideratzeko. Lidergo erraztaileak planteatu behar dira». Izan ere, erakundeetan nagusitzen den eredua oso burokratikoa eta hierarkizatua delakoan dago.
«Diskurtso oso aurrerakoiak erabilita, eredu publiko-komunitarioaz jardunda, zenbateraino irekitzen zaio atea pribatizazioari?».
JON AZKUNE TORRES Parte Hartuz-eko ikerlaria
Baina ikertzaileak aipatu zituen esperientzia onak ere. Donostiako Emakumeen Etxearen eta udaleko Berdintasun Sailaren arteko elkarlanaz hitz egin zuen, eredu publiko-komunitarioaren eredu on gisa. Tirabirak eta gatazkak ukatu gabe, urteetan lankidetzan aritu direla eta esperientzia hori erreferentzia gisa balia litekeela esan zuen.
Azkunek, baina, argi du politika publiko-komunitarioak arrakastatsuak izateko aukera gehiago dituztela tokian-tokian. Gogoeta bat ere utzi nahi izan zuen: «Diskurtso oso aurrerakoiak erabilita, eredu publiko-komunitarioaz jardunda, zenbateraino irekitzen zaio atea zerbitzuen pribatizazioari?».