PSOEri «bide baketsu eta demokratikoak» erabiltzeko eskatu dio ezker abertzaleak

Alde guztien ekarpenak beharko direla eta euskal gizarteak ekarpen horiek eskatzeko orduan jarrera aktiboa izan behar duela dio. «Nora ezean» ikusten dute EAJ, Madrilek utzitako «apurren kudeaketa partekatzen»

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Zenbaitzuk konponbiderako egoeraren beldur dira», ezker abertzalearen irudiko. Baina, beldurrak beldur, ETAk igandean Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei egindako keinuak «itzulezina den prozesuan murgilduta gaudela baieztatzen du», haien ustez. Hala adierazi zuten atzo Miren Legorburuk, Txelui Morenok, Nico Morenok eta Maider Zigandak Donostian emandako prentsaurrekoan. Bide horretan, erakunde armatuak nazioarteko eragileei elkarlanerako deia egin ostean, «modu proaktiboan» erantzuteko deia egin diote nazioarteko komunitateari.

ETA urratsak egiten hasi dela ikusita -ekintza ofentsiboen etena, aurrena, eta nazioarteko eragileekin konponbiderako urratsak aztertzeko prestasuna, gero-, «bake justu eta iraunkorraren» alde egiteko unea dela adierazi du Legorburuk, eta, horregatik, PSOEk jarrera aldatu behar lukeela uste dute. Ezker abertzaleak bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua egin duela gogora ekarri ostean, gauza bera egiteko eskatu dio PSOEri: «Ares, Rubalcaba eta PSOEri eskatzen diegu bide baketsu eta demokratikoen konpromisoa har dezatela, legez kanporatzeak, atxiloketak eta tortura albo batera utziaz».

Izan ere, ezker abertzalearen ustez, «etorkizuna libreki erabakiko dugun egoera» lortzeko baliatu beharko litzatekeen une honetan, kezkatuta dago alde batetik «PP-PSOE tandem espainolistak» eta bestetik EAJk erakusten duten jarrerarekin.

PPren eta PSOEren jarrera nahikoa ez izateaz gain «saboteatzailea» eta «arduragabekeriaz betea» ere badela nabarmendu du Legorburuk. Prozesua bere bidetik atera nahian ikusten ditu, hor kokatzen ditu Adierazi EHrenmanifestazioa debekatzea eta joan zen astean bederatzi euskal herritar atxilotzea.

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariaren jarrera ere kritikatu du. «Heldutasun» eta «gaitasun» falta izatea egotzi dio. «Biolentzia polizial eta juridikoa» erabili, eta oinarrizko eskubideak urratzea leporatu dio, «aldaketarako aukera ezkutatu nahian».

EAJ, berriz, «nora ezean» dago, ezker abertzalearen ustez, «iraungitako autonomismo espainolaren» eta «azalarazten ari den independentismoaren» tarteko espazioan galduta. Nahaste horretan, «Madrilek uzten dizkion apurren kudeaketa partekatzen duen alderdi erregionalista» gisa definitu du ezker abertzaleak jeltzaleen jarrera. PSOEk ezarritako bidea jarraitzen ari direla eta «eskubide urraketaren» inguruan ahots propiorik ez duela kritikatu du.

Alfredo Perez Rubalcabagandik aldendu, eta arduraz jokatzeko deia egin dio ezker abertzaleak EAJri. Gainera, bide horretan elkarlanerako prest agertu dira: «Prest gauzka eskubide nazional kolektibo eta indibidualak defendatzeko estatuarekin konfrontazio demokratikoa gauzatzeko».

Testuinguru horretan, ezker abertzale barrura begirako mezua ere eman dute Legorburuk eta Morenok, «probokazioetan» ez erortzeko deia eginez. «Bide politiko eta demokratikoen bidez soilik» egingo den prozesuaren aldeko apustua berretsi ostean, honakoa esan du: «Erabaki honetatik kanpo dagoen edozein jarduera, eta guztioi betetzea dagokigun estrategiatik at gelditzen da. Erabaki hau ez dago eta ezinda egon Espainiako Estatuaren probokazioen menpe».

Gizartearen ardura

Alderdi horietako politikarien jarrerak kezkatu egiten baditu ere, ezker abertzalea gustura dago euskal eragile politiko sozial eta sindikalek hartu duten jarrerarekin. «Estatuaren itxieraren aurka» eskubide guztien defentsan mobilizazio sozialaren alde egin izana goretsi du.

Era beran, gizarteari «eragile eta protagonista aktiboa» izateko dei egin dio. Alde guztietako konpromisoak eta ekarpenak beharko direla ohartarazi du, eta ekarpen horiek eskatzea izango dela gizartearen egitekoa. «Euskal jendarteak izan behar du prozesu politiko normalizatuaren garapenaren eta bake eta konponbide demokratikoaren bermea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.