Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Juantxo Lopez Uralde. Elkarrekin Podemoseko Arabako zerrendaburua

«PSOEren oinarriek nahi dute Sanchezek gurekin akordioa lortzea»

Lopez Uralde ez da fio Sanchezekin, eta hari leporatu dio ezkerreko gobernu bat ez izatearen errua. PSOErekin «desengainua» hartu duten herritarrei eskatu die igandean Elkarrekin Podemosi emateko botoa.

edurne begiristain
Gasteiz
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Equo alderdiak Mas Paisekin bat egiteko erabakia hartu ondotik, alderdia utzi, eta Elkarrekin Podemosekin bozetara aurkezteko hautua egin du Juantxo Lopez Uraldek (Donostia, 1963).

Sei hilabete igaro dira azken hauteskunde deialditik. Zer aldatu da apiriletik?

Aldaketa nagusia da Pedro Sanchezen estrategiak porrot egin duela. Marketin aholkularien gomendioei jarraitzeagatik, Sanchezek arriskuan jarri du apirilean ezkerreko indarrok genuen gehiengo argia. Apirilean Sanchezek gurekin gobernua osatu nahi izan balu, orain ezkerreko gobernu bat izango genukeen. Argi dugu ez duela inoiz gurekin gobernatu nahi izan. Sanchezek jazarpen estrategia bat abiatu zuen gurekin amaitzeko asmoz, baina bere apustuak porrot egin du.

Ezkerreko boto emaileek arrazoiak dituzte haserre eta etsita egoteko?

Bai, baina bereziki PSOEren boto-emaileek, Pedro Sanchezek hondoratu egin dituelako ezkerreko ametsak.

Nola animatuko zenituzke herritarrak zuen alde bozkatzera?

Esango nieke guk aintzat hartuko ditugula haien botoak, ez ditugula oparituko. Boto horiek erabiliko ditugula politika sozialak eta berdintasun politikak bultzatzeko, pentsioak igotzeko, motxila austriarra deiturikoaren aurka borrokatzeko, eta jasangarritasun politikak sustatzeko. Politika horiek benetan martxan jartzeko bermea gara, eta ezkerreko boto erabilgarri bakarra gurea da.

Mas Pais alderdia sortu izanak kalte egingo dizue? Ezkerra ahulduko du?

Ez dut uste. Aitortu behar dut hasieran kezka eragin zigula alderdi berriaren sorrerak, baina, orain, gure lehentasuna da galtzeko arriskua dagoen boto hori eskuratzea. Toki askotan eserleku bat dantzan egon daiteke Podemosen eta eskuineko alderdi baten artean, eta herritarrek oso ongi pentsatu beharko lukete nori eman botoa, eskuineko alderdiei mesederik ez egiteko.

Equotik ateratzea erabaki zenuen. Nolakoa izan da erabakia maila pertsonalean?

Ez da samurra izan, nik asko eman dudalako proiektu horren alde. Duela hamar urte apustu pertsonal oso garrantzitsua egin nuen Equoren alde, eta nire bizitzako hamar urte eman nituen ekologismo politikoaren alde borrokan, oso baldintza zailetan. Eta, orain, inoiz berdearekiko kezka izan ez duten hainbat sektorek gaiarekiko interesa agertu dute. Baina Unidas Podemos izan da benetan ekologismoaren aldeko apustu serioa egin duen bakarra; horregatik nago bertan.

Unidas Podemosen barruan espazio berde bat sortzeko asmoa agertu duzu.

Funtsezkoa da Unidas Podemosen politiketan eta proposamenetan ikuspegi berdea egotea. Ezinbestekoa da, beraz, alderdi barruan espazio berde bat egotea. Orain arte Equok bete du espazio hori, eta hemendik aurrera aukera egokiena izango da Unidas Podemosen barruan ekologia politiken balioak ordezkatuko dituen alderdi berri bat sortzea.

Eta zer gertatuko da Equorekin?

Hartutako bidea okerra izan da. Inkestek diote Mas Paisek ez dituela emaitza onak izango, eta horrek, noski, eragin zuzena izango du Equorengan.

Askotan berdea ezkerreko alderdien marka bihurtzen da. Zergatik ez da posible apustu politiko ekologista independente bat sortzea?

2011n Equo Gorteetarako hauteskundeetara marka propioarekin aurkeztu zenetik, argi geratu zen estatuan boto ekologistak kuantitatiboki ez duela garrantzi handirik, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta. Eta horregatik uste dut koalizioak direla ekologismo politikoa erakundeetara eramateko tresnarik eraginkorrenak. Gogoeta horretatik dator Unidas Podemosen aldeko nire apustua. Koalizio horren barruan dugu aukera ekologismo politikoaren proiektuak garatzeko. Epe ertainean ez dut aukerarik ikusten alderdi berde batek, bere kabuz, ordezkaritzarik lortzeko.

Zer argazki utziko dute igandeko bozek?

Nire irudipena da apirilaren 28ak utzitako argazkiaren oso antzekoa utziko duela. Akaso, aldaketa nagusia izango da Ciudadanosera zihoazen botoak Voxek eskuratuko dituela, eta hori oso kezkagarria izango da. Eskuinak berak hauspotu egin du eskuin muturraren gorakada; izan ere, harekin akordioak eginez zuritu egin du faxista eta frankista den alderdi bat. Aldaketa nagusia, beraz, hortik etor liteke.

Hauteskundeen ondoren, PSOErekin negoziatzeko aukera baldin baduzue, zer exijituko diozue?

Guk hasierako jarrerari eusten diogu, koherenteak garelako. PSOEri eskua luzatuta jarraitzen dugu ezkerreko gobernua eratzeko. Baina argi diot: ezkerrera dagoen gobernu bat nahi dugu, eta ez eskuineko politikak egiteko ezkerreko botoak baliatzen dituen gobernu bat. Gure helburua gobernatzea da, eta Sanchezek ulertu behar du ezin duela berriro arriskuan jarri ezkerreko gehiengoa.

Sanchezekin fidatzen zara?

Ez, ez naiz fidatzen. Nik konfiantza dut boto emaileengan, eta espero dut Sanchezen politikak baldintzatzeko adina indarra ematea.

Sanchezek dio ezkerrera begira dagoela eta zuek zaretela bere aliatu nagusiak.

Ez diot sinesten. Baina ez dut zalantzarik PSOEren oinarriek benetan nahi dutela gurekin akordioa lortzea.

PPren abstentzioarekin gobernatzen ahaleginduko dela uste duzu?

Bai, ez dut zalantzarik. Horregatik dei egiten diegu PSOErekin desengainua hartu duten boto emaileei guri emateko botoa.

Arabari dagokionez, zeintzuk dira kezka gehien sortzen dizkizuten gaiak?

Besteak beste, oso kezkatuta nago automobilgintza sektorearekin. Lanpostuak mantentzeko hartu beharreko neurriez hitz egiteko garaia da, sektore hori Arabako ekonomiaren oinarria baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.