Ikus-entzunezkoen legeak pauso bat gehiago eman du aurrera Espainiako Kongresuan. PSOEk atera du aurrera, PPren abstentzioari esker. EAJk babestu egin du; EH Bilduk, berriz, aurka bozkatu du.
EAJk baiezkoa defendatzeko eman duen argudio nagusia da hasierako testutik hobekuntza nabariak jaso dituela, besteak beste, «EITBren autoantolakuntzarako gaitasuna eta euskararen sustapenerako lortutako akordioa». Irtenbide bat eskatu dute ekoizle indendepenteentzako: «Ez da guk egingo genukeena, baina garrantzitsuena libratu dugu», esan zuen Joseba Agirretxea EAJko diputatuak. EH Bilduk, berriz, aukera bat utzi zuen irekita atzoko eztabaidan: ERCrekin eta Podemosekin batera aurkeztutako erdibideko zuzenketa onartu izan balute, prest zeuden babesteko. Telebistek gutxienez bete beharreko kuota bat dute ekoizle independenteekin. Horri eusteko eskatzen zuen EH Bilduren, ERCren eta Podemosen zuzenketak. Baina PSOEk ez zuen onartu, eta aurrerantzean telebista kate handiek euren ekoizpenak egin ahal izango dituzte.
Horrenbestez, EH Bilduk erabaki zuen ezezkoa ematea. Negoziazioetan hizkuntza gutxituen kuota igotzea lortu duten arren, dibertsitate kulturala ez dutela inolaz ere bermatzen; hala san zuen Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak: «PSOEk eta PPk lortutako akordioak zinema eta telesail independenteen ekoizpena suntsitzen du. Onartezina da ekosistema kulturalaren aurkako azken erasoa. Atzera egiteko eta ekoizle independenteen aniztasuna eta kalitatea berreskuratzeko garaiz zaudete oraindik».
PSOEk prozesu honetan egondako negoziazio prozesua goretsi, eta, PPren abstentzioarekin, legeak aurrera egitearen alde egin zuen.
Euskalgintza, aurka
«Hizkuntza berdintasuna bermatzen ez duten urrats txikiak besterik ez dira», esan zuten hizkuntza gutxituen eskubideen alde jarduten duten zenbait eragilek; besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak. Eragileek elkarretaratzea egin zuten, atzo, Kongresuaren aurrean legearen gabeziak salatzeko. «Ez dira bete aurreikusitako helburuak, eta gure hizkuntzak ikusezin bihurtzen dituen lege bat onartu dute», salatu dute eragileek. Izan ere, plataforma handiek euren diru sarreren %0,52 baino ez dute erabili beharko hizkuntza koofizialetan egindako lanak sustatzeko. Besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak, A Mesak, Plataforma per la Llengua eta Iniciativa pol Astunianuk agerian utzi zuten Ikus-entzunezkoen Legeak «eskubideen urraketa betikotu» duela. Zenbait arrazoi eman zituzten, hala nola ez diola erantzuten Espainiako Estatuko hizkuntza errealitateari: «Estatuko berezko hizkuntzen presentzia duina ez da bermatu, eta berdintasunerako aukera galdu da».
Hizkuntza gutxituen aldeko eragileek uste dute eskaerak ez direla «inondik inora» kontuan hartu: «Jarrera proaktiboa izan dugu; besteak beste, aurreproiektuaren ekarpen zehatzak eginez, alderdiei gure proposamenak helaraziz eta herritarrak aktibatuz».
Eragileek presio politikoa eta soziala egin dute gutxieneko hizkuntz eskubideak txertatzeko plataformen katalogo kuotetan, TVEko emankizunetan eta finantzaketa aurreratuan. Presio hori «erabakigarria» izan arren, aldaketak «erabat eskasak» eta testigantzazkoak direla esan dute.