Anitz dira Euskal Herrian dauden etxe turistikoak, eta bertze hainbertze horietako joan-etorriak jasan ezin dituzten bizilagunen komunitateak. Gisako alokairu ereduak erregulatzeko helburuarekin, bizilagunen komunitateen esku utzi nahi dute erabakimena. Hau da, bizilagunek erabaki ahalko dute beren komunitateetan horrelako jarduerak jarri edo ez. Espainiako Diputatuen Kongresuko talde sozialistak aurkeztutako proposamena da hori. Zehazki, Espainiako Jabetza Horizontalaren Legeari egindako zuzenketa bat da.
Arau horrekin, norbaitek etxe turistiko bat jarri nahiko balu, komunitatearen «onespena» lortu beharko luke; jabeen hiru bostenena, gutxienez. Onartuz gero, jartzen diren etxeei aplikatuko zaie araudia. Salbuetsita geldituko dira dagoeneko martxan dauden etxebizitza turistikoak, baldin eta dagokien araudiari jarraitzen badiote. Horrez gain, norbaitek erregistratu gabeko eta komunitateak onartu gabeko etxe turistiko bat baldin badu, jarduera eten beharko du hala eskatuz gero. Gainera, komunitateak erabaki ahalko du etxe turistiko horrek gainerakoek baino komunitate gastu gehiago ordaintzea.
Neurri horiek guztiak etxe turistikoek eragindako ondorioengatik hartu dituztela diote: «Etxebizitza turistikoak dauden komunitate askok jasaten duten bizikidetza egoera larriagatik, bizitegi alokairurako etxebizitzen murrizketagatik, ohiko etxebizitzetako errenten prezioen igoeragatik eta, askotan, auzo askoren etengabeko gentrifikazioagatik». Horregatik guztiagatik, egoerari aurre egiteko neurrien beharra azpimarratu dute sozialistek.