PSOEk PPrekin adostu du 'soilik baietz da baietz' legearen erreforma

EAJk ere babestu du sozialisten testua; EH Bilduk, ordea, ez. Bihar bozkatuko dute bilkuran

Espainiako Kongresuko Justizia Batzordea, atzoko bileran. ZIPI / EFE.
Maite Asensio Lozano - Jone Arruabarrena
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak atzo onartu zuen soilik baietz da baietz legea aldatzeko irizpena, eta, beraz, erreforma bihar eztabaidatuko dute osoko bilkuran. Funtsean, PSOEk otsailean aurkeztutako lege proposamenak egingo du aurrera: kondena murrizketak saihesteko, sexu erasoen zigor tarteak zabalduko eta igoko dituzte, erasoetan bortizkeria edota larderia dagoen kasuetan. Testuak, ordea, ez dauka Berdintasun Ministerioaren eta Unidas Podemosen babesik; azken asteetako adierazpenetan aurreratu bezala, sozialistek PPrekin adostu dituzte zuzenketak, aste honetan batzordean izandako eztabaidetan. EAJk ere babestu du PSOEren testua; EH Bilduk, aldiz, aurka egin du.

Eztabaida handia eragin du PSOEren lege proposamenak. Sozialisten testuak ez du berreskuratu abusuen eta erasoen arteko bereizketa, baina bortizkeriaren eta larderiaren baldintzak berrezartzea ekarri du, egungo zigor tarteei mailaketa bat erantsiz; hau da, sarketarik gabeko sexu erasoen zigor handienak igoko dituzte, eta bortxaketen gutxieneko zigorrak handituko dituzte, erasoan indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea dagoenean —eta froga daitekeenean—.

Berdintasun Ministerioaren arabera, ordea, aldaketa horrek zentralitatea kentzen dio onespenari. Iritzi bera agertu dute asteon hainbat aditu eta jurista feministak eta zenbait kolektibok, manifestu batean: uste dute PSOEren proposamena ez dela «eraginkorra» izango, eta onespena legearen ardatz gisa mantentzea galdegin dute. Manifestuak mila pertsonaren eta ehun talde baino gehiagoren babesa lortu du lehen orduetan, eta hura babestu dutenak mobilizazioetara deitzen ari dira gaurko: Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak egingo dituzte, 20:00etan, justizia jauregien aurrean.

PSOEren hasierako testuari aldaketa gutxi egin dizkiote egun hauetan: PPk proposatutako «moldaketa tekniko batzuk», sozialisten arabera, ez dutenak edukian eraginik izango, ezta «onespenaren definizioan» ere. Aldaketa esanguratsuenen artean dago 16 urtetik beherako adingabeen aurkako sexu erasoak sustatzen dituzten edukiak zabaltzea ere zigortuko dutela.

PSOEko diputatu Laura Berjak adierazi du erreforma «beharrezkoa» dela, legea berez «oso ona» den arren: «[Arauak ekarritako] paradigma aldaketa blindatu egingo dugu erreforma honekin». Unidas Podemoseko diputatu Martina Velarderen ustez, ordea, «aurreko legedira» itzultzea ekarriko du erreformak, eta, biharko osoko bilkurara begira, hausnartzeko eskatu die sozialistei, beste akordio bat erdieste aldera. Halere, aukera hori baztertu egin du PSOEko Berdintasun idazkari Andrea Fernandezek.

Izan ere, ez da giro gobernu bazkideen artean. Irene Montero Berdintasun ministroak gogor egin du PSOEren aurka, erreforma PPrekin adosteagatik. Adierazi du «lege feminista bat» eskuinarekin adosteak «emakumeei ondorio izugarria» ekarriko diela, haien eskubideetan «atzerapauso bat» ekarriko duelako.

EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak PSOEren jarrera kritikatu du, eta «inbestidurako blokeari bizkarra ematea» aurpegiratu dio; atzera egitea ere galdegin dio, «onespenaren paradigma salbatzeko». Antzera mintzatu da ERCko ordezkari Pilar Vallugera: erreforma «arduragabetzat» jo du, Estatuko Fiskaltza Nagusia ematekoa den instrukzioari ez itxaroteagatik. EAJk, berriz, txalotu egin du lege erreforma aurrera atera izana, zigor murrizketek eragindako «nahasmenari eta ezinegonari konponbide bat» emango diolakoan.

Hala, azkar onetsi nahi dute lege erreforma. PSOEk adierazi du Senatuak «ahal bezainbeste» laburtuko dituela arau berria onartzeko epeak, apirilaren 26ko osoko bilkuran «presaz» onar dadin, bihar Kongresuan oniritzia jaso ondoren.

'Rhodes legea'

Rhodes legea deiturikoan, hau da, Haurrak Indarkeriatik Babesteko Legean zuzenketa bat egiteko ere baliatu dute soilik baietz da baietz legearen erreforma. Izan ere, lege horren paragrafoetako batean zehazten zen adingabeen sexu askatasunaren aurkako delituek jazo eta 35 urtera preskribatzen zutela —hori zen epe zuzena—, baina beste paragrafo batean tartea 18 urtekoa zela adierazten zen. Oker hori ahal bezain laster zuzenduko zuela hitzeman zuen Espainiako Gobernuak, eta, azkenean, Unidas Podemosek, Ciudadanosek, JxCk eta Mas Paisek aurkeztutako zuzenketa baten bidez aldatu dute, Vox ez beste alderdi guztien babesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.