Memoria historikoa

PSOEk eta eskuinak atzera bota dute frankismoaren krimenen ikerketa errazteko proposamena

EAJk, EH Bilduk, ERCk, JxCk, CUPek, BNGk eta Compromisek proposatu dute Espainiako Zigor Kodea moldatzea, gizateriaren aurkako krimenetan atzerako eragina aplikatzeko.

Bel Pozueta, Espainiako Kongresuan, gaur. MARISCAL / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 15a
17:11
Entzun

Legediaren atzeraezintasuna da Espainiako auzitegiek frankismoaren krimenak ikertzeko eskaerei jarritako oztopo nagusia, egileen heriotzekin eta 1977ko Amnistia Legearekin batera. Traba hori baztertzeko lege proposamena aurkeztu du CUPek Espainiako Kongresuan, EAJren, EH Bilduren, ERCren, JxCren, BNGren eta Compromisen babesarekin. Ez da, baina, aurrera atera, aurka bozkatu baitute PSOEk, PPk, Voxek eta Ciudadanosek.

«Diktadura frankistak egindako gizateriaren aurkako krimenen ikerketa faltak eragindako inpunitate egoeraren» aurrean, talde abertzaleek proposatu dute 1995eko Zigor Kodeari 2 bis artikulua gehitzea, nazioarteko legediak jasotako krimenak —genozidioa, gizateriaren aurkako delituak...— ikertzeko modua emateko, egin zirenean Espainiako legediak haiek jasotzen ez bazituen ere.

EAJko diputatu Aitor Estebanen esanetan, lege proiektuaren helburua biktimei «justizia» eskaintzea da. Zehatzagoa izan da EH Bilduko Bel Pozueta: «Espainiako estatuak ukatzen jarraitzen duen egia, justizia eta erreparazioa ematea». Kataluniako alderdien artean, ERCk nazioarteko legediak jasotako oinarrien defentsa egin du, eta JxCk Espainiako Trantsizioak eragindako aldaketa eza salatu. CUPek, berriz, justizia eskaintzeko rola Argentinako auzitegiek hartu behar izana kritikatu du. Erakundeen rola izan du hizpide UPko Jaume Asensek ere: «Demokraziari eskatzen dizkiogu kontuak, ez diktadurari. Hura da biktimak hobi komunetan mantentzen dituena».

Proposamenaren aurkako argudio gisa, eskuin unionistak ETA, Hego Amerikako gobernuak, komunismoa eta Espainiako II. Errepublikako gobernuen jarduna ez gaitzestea leporatu die egileei. Ezezkora batu da PSOE ere. Indalecio Gutierrez sozialistaren esanetan, «ez dago frogatuta» nazioarteko legediak estatuko legedietan atzerako eragina ezarri ote dezakeen. Beraz, aldaketak «lege ordenamenduaren oinarrizko printzipioak» urratu ditzakeela uste du.

2004tik atzera

Zigor Kodeko lehen bi artikuluen arabera, ezin dira epaitu eta zigortu legedian aurrez tipifikatu gabe zeuden delituak; gizateriaren aurkako krimenen kasuan, 2004an txertatu zituzten Espainiako Zigor Kodera. Argudio hori behin eta berriz erabili dute auzitegiek eta fiskaltzak diktadurari egotzi zaizkion krimenak ikertzea galarazteko, baita Argentinako auzitegiek eginiko erreguzko mandatuak exekutatzea errefusatzeko ere. Izan ere, fiskaltzaren arabera, gertaera haiek preskribituta daude: «Data berantiarrago batean ezarri zen genozidio eta gizateriaren aurkako delituen preskribaezintasuna».

Proposamena aurkeztu duten taldeen arabera, horrek ez luke hala izan beharko, nazioarteko hitzarmenetara batzearekin batera Espainiak haietan jasotako araudiak onartu baitzituen. Beraz, baita herrialde barruan eginiko nazioarteko krimenak penalki jazartzeko eta biktimen eskubideak bermatzeko betebeharrak ere, nahiz eta haiek barne legedian aurrez tipifikatu gabe egon. Gizateriaren aurkako krimenei dagokienez, diputatuek argudiatu dute horiek nazioartean «modu argi eta ulergarrian» definituta zeudela, baita frankismoak krimen horiek egin aurretik ere. Izan ere, tipifikazio horren oinarriak buruzagi nazien aurkako Nurenbergeko epaiketetan daude.

Halere, 2 bis artikulua gehituta edozein zalantza uxatuko litzatekeela uste dute proposamenaren egileek, eta «diktaduraren biktimei eta euren senideei justiziara sarbidea izateko eskubidea modu eraginkorrean» aitortuko zaiela, «Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak exijitutako estandarrekin bat eginez».

Amnistia Legea

Alderdien eskaerarekin bat egin dute Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak eta Amnesty Internationalek. Kongresuaren aurrean eginiko agerraldian, erakundeek adierazi dute «oinarrizko» aldaketa bat dela. Halere, ez dute Memoria Demokratikorako Legearentzako alternatiba gisa jo, eta hura ere aldatzeko eskatu dute, 1977ko Amnistia Legearen moldaketa kontuan hartuta.

Ildo horretatik, Espainiako Presidentetza, Gorteekiko Harremanak eta Memoria Demokratikorako Ministerioaren Memoria Demokratikorako lege proiektuari 30 zuzenketa aurkeztea adostu zuten PSOEk eta UP Unidas Podemosek azaroan. Horien artean zegoen Amnistia Legea Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren pean interpretatzeko eta aplikatzeko betebeharra, baina hura ezeztatu edo moldatu gabe.

UPko diputatu eta Agenda 2030erako estatu idazkari Enrique Santiagoren hitzetan, aldaketarekin frankismoaren krimenak ez ikertzeko «aitzakia» izateari utziko dio Amnistia Legeak, eta atea irekiko, besteak beste, torturak ikertzeari. ERCk eta EH Bilduk, ordea, ez dute nahikotzat jo testuan eginiko aldaketa, eta legea moldatzeko exijitu dute. Felix Bolaños ministroak baieztatu zuen haien kezka. Hark aitortu zuen ez zuela halako ondorio praktikorik izango, ez baitu 1977ko legea bertan behera uzten.

Gauzak hala, Pozuetak eta Asensek salatu dute Memoria Demokratikorako Legea «izoztuta» dagoela, eta hura berreskuratzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. EH Bilduko diputatuak, gainera, urratsak exijitu ditu lapurtutako haurren eta sekretu ofizialen legeak ere aurrera ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.