Nafarroan PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erdietsi duten akordio programatikoa ez du begi onez ikusi Euskararen Defentsarako Sareak, eta alderdi euskaltzaleei eskatu die «txeke zuririk» ez emateko Maria Txibiteri. Atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Parlamentuaren aurrean, PSN = euskarafobia. Txeke zuririk ez zioen pankartaren atzean. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren kontra mintzatu ziren, eta iragarri zuten euskalgintzak eta alderdi euskaltzaleek mugarik paratu ezean hizkuntza politika «euskarafobikoa» izanen dela lau urtez. Etzi izanen da inbestidura saioa, eta asteartean izendatuko lukete Txibite lehendakari, EH Bilduren abstentzioarekin.
Pankarta nagusiaren atzean zenbait kartel zabaldu zituzten aldarri hauekin: Haur eskolak euskaraz, Euskara ofiziala, Lerinen D eredua eta Ez ezazue PAI inposatu. Nafarroako bi bandera ere bazituzten, armarriaren azpian euskaraz idatzia zutenak, eta askotariko oihuak bota zituzten; hala nola «Euskal Herrian euskaraz», «Euskara ofiziala Nafarroa osoan», «PSN euskararen etsaia», «Gimeno kanpora» eta «PSN, UPN, berdin da».
Fermintxo Zabalza Euskararen Defentsarako Sareko kidearen irudikoz azkenengo lau urteak «penagarriak» izan dira euskararentzat: «PSNk gidatu du gobernuaren euskara politika, eta erabat euskarafobikoa izan da. Ikusi dugu alderdi euskaltzaleak ez direla hori geldiarazteko gai izan».
Gimenori kritika
Gogora ekarri zuen PSNren azken «erasoa» gobernua negoziatzen ari ziren bitartean etorri zela, ekainean, Musikariak Ikastetxeetan programa bertan behera utzi zuenean. Protesten ondotik, azkenean atzera egin, eta Euskarabideak hartu zuen programarekin jarraitzeko konpromisoa. «Horrek esan nahi du PSNk ez duela inolako beldurrik, eta asmoa duela berdin segitzeko beste lau urtez».
Alderdi abertzaleei ere kexa agertu zien Zabalzak: «Ez dugu deus ere ikusi, ez negoziazioetan —publikoki behintzat— eta ez akordio programatikoan, pentsatzeko hurrengo lau urteak diferenteak izanen direla». Gimenoren kontra mintzatu zen Zabalza, aurrerantzean ere Hezkuntza kontseilari izanen delakoan, eta alderdi euskaltzaleek haren lana «publikoki zalantzan jarri ez izana» txarretsi zuen. Gogora ekarri zuen Iruñeko Lezkairu auzoko ikastetxe berrian D eredua eskainiko dutela, «teorian», baina ez dute uste hala izanen denik: «Inork ez digu azaldu egiaz irailean D eredua hasiko ote den. Susmoa dugu ezetz».
Egoera ikusirik, protestekin segituko dutela iragarri zuen Zabalzak: «Ikusten dugu beste lau urte berdin izanen direla, politika euskarafobikoekin, Carlos Gimeno kontseilaria jo eta ke euskararen kontra, eta segitu beharko dugu mobilizatzen». Kontseiluak eta EHEk ere salatu dute akordio programatikoak «atzera» egiten duela 2019koarekin alderatuta.
PSNri «txeke zuririk» ez emateko eskatu dute zenbait euskaltzalek
Txibiteren hizkuntza politika «euskarafobikoa» salatu du Euskararen Defentsarako Sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu