Hitzarmenak lortzen saiatuko dela esan zuen Jose Javier Esparzak UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztean, baina harentzat ere zaila izango da PSNrekin akordiorik lortzea. Gutxienez, hori dio Juan Jose Lizarbe PSNko eledunak: «Barcina bigarrena da». Yolanda Barcinarekin akordiorik egingo ez duela argi adierazi zuen PSNk, eta Lizarbek uste du Esparzarekin egoera bera izango litzatekeela: «Barcinarekin gaizki gaude, eta, noski, Barcina bigarrenarekin egoera bera izango da: txarra». Nafarroako Gobernuak aldaketa behar dutela dio Lizarbek, baina egoera ez dela konponduko Barcina Esparzarekin ordezkatuz.
Antzera iritzi dio Ezkerrako Txema Mauleonek: «Kontrakoa esaten duen arren, Barcinaren hautagaia da». Barcina buru izan edo ez, UPNren politikak eta helburuak berberak izango direla uste du Bilduk ere. Alderdiak egin duen aldaketa «ebakuntza estetikoa» dela uste du Bakartxo Ruizek:«Baina beranduegi da UPNrentzat».
Esparza Barcinaren jarraipena dela esan du Patxi Zabaleta Aralarreko eledunak: «Esparza beti egon da UPNren agintarien alboan; ezin dugu ahaztu Itoizko Urtegiaren Fundazioaren afera, ezta erregimenaren ustelkeriaren itzalpean gertatutakoak ere».
Juan Ramon Rabade, lehian
Beste hautagai bat egon daiteke. Tuterako Reina Sofia ospitaleko zuzendariak eta UPNko Berme Batzordeko presidenteak arratsean jakinarazi zuen hautagaitzaaurkezteko gogoeta egiten ari dela eta erabakia «%80an edo %90ean hartua» duela. Rabadek esan du Barcinari helarazi diola ezbaian dagoela, eta horrek bere neutraltasuna ziurtatu dio. Miguel Sanzek, berriz, zortea opa dio. Esparza ere hautagai ona dela iritzi dio, eta, haren moduan, argi utzi du ezein taldek ez duela babestu «ni Juan Ramon Rabade naiz». Bi legealditan osasuneko zuzendari izan zen, eta 2003tik 2011ra Barne Departamentuko zuzendari ere bai.
PSNren ustez, Jose Javier Esparza «Barcina bigarrena» da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu