PSNren pendulua

Duela lau urte hasitako bidea berretsi du negoziazioetan Alderdi Sozialistak. 2007ko abuztuan zein 2013ko martxoan Ferrazek ez zion utzi UPNrekin hausten.

Uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzak aztertzeko PSNren zuzendaritzaren bilera. Txibitek gaztetu egin du alderia. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Frantziako Zientzien Akademiak 1791n ezarri zuen, hain zuzen, metro bat luze den pendulu batek behar duen denbora dela segundo bat. Mugimendu erregularra da penduluarena, zehaztasun handikoa. Politikan, berriz, penduluen joan-etorriak ez dira beti gertatzen, eta, izatekotan, irregularrak eta zehaztugabeak izaten dira. PSNrena bezalakoa. 1980ko hamarkadan, Gabriel Urralbururen gidaritzapean indar hegemoniko zen hura ustelkeriak irentsi zuen, eta UPNren itzalpean jardun zuen. Urte haiek atzean uztea lortu zuen Maria Txibitek, eta, 2019an, beste norabide bat hartu zuen penduluak. Gobernua osatzeko negoziazioetan berretsi egin du bere apustua, baina zenbateraino aldatu da PSN?

Nafarroaren memorian iltzatuta geratu zen 2007ko abuztuan gertatutakoa. 2003-2007ko legealdian, ezker abertzalearen ilegalizazioak lagunduta, UPNren eta CDNren arteko koalizio gobernuak gehiengo osoa izan zuen. Oposizioko indar nagusia Fernando Purasek eta Carlos Txibitek gidatutako PSN zen. Indar handiz zetorren hiru urte lehenago osatutako koalizioa abertzalea, Nafarroa Bai. ETAren su-eten iraunkorraren testuinguruan, eskuinak gogor egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren aurka. UPNk «Nafarroa saltzea» aurpegiratu zion PSOEri.

Handik hilabete gutxitara, hitz haiek ironia garratzaren zentzua hartu zuten. Izan ere, 2007ko maiatzeko hauteskundeek UPNri gobernua kentzeko aukera ireki zuten. Ekainetik uztailera, NaBaik, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak gobernua osatzeko saiakera serioa egin zuten, eta zenbaitetan sozialistek NaBai negoziazioa uztera behartu zutela ematen bazuen ere, abuztuan akordioa gauzatu zuten. 24 ordu baino ez zuen iraun. Ferrazek agindu zion PSNri ezin zuela akordio hura aurrera eraman. Isilpean, Miguel Sanzek PSOErekin negoziatu zuen aurreko hilabeteetako kritika gordinak ahazturik, eta, operazio hura egin zenean, sozialista nafarrek bete egin zuten Ferrazen agindua.

Jimenez, buruzagi

Lurrikara politiko hark luzarora ondorio sakonak utzi zituen. Epe motzean, baina, ez zuen eragin handirik izan. Sozialista bakan batzuk alderditik atera ziren, eta Fernando Purasek lema utzi zuen. Haren ordez, Roberto Jimenez iritsi zen 2008an.

Ez zen Ferrazek esku hartu eta UPNrekin aliantza egiten zen lehen aldia. Ez zen azkena izango. Jimenezen eskutik, UPNrengana are gehiago hurbildu zen PSN, eta, 2011n, koska bat harago joan zen. Hauteskundeetan 23.000 boto galduagatik, UPNrekin koalizio gobernua osatu zuen.

Akats estrategikoa izan zen. UPNren antzera, PSNk ez zuen jakin irakurtzen 2008an hasitako finantza krisiaren larritasuna, Gastu eta inbertsio publikoan murrizketa handiak egin behar izan zituen gobernu hark. Urtebete baino ez zuten iraunsozialistek. Barcina eta UPN bakarrik geratu ziren, eta murrizketen kontrako mobilizazio handien eta beste hainbat eskandaluren ondorioz basamortuko zeharkaldi luzea egin behar izan zuten.

2014ko otsailean, Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiaren salaketa batek jomugan jarri zuen Lourdes Goikoetxea orduko presidenteordea, eta oposizioak abagune politikoa baliatu zuen. Parlamentuan ikerketa batzordea osatu zen, eta, haren amaieran, taldeek Barcinaren aurkako zentsura mozioa hitzartu zuten.

Zalantzak zeuden sozialistak hitzemandakoa betetzeko prest izango al ziren. «Nafarroan, PSOE ni naiz», erantzun zien kritika haiei Roberto Jimenezek. Handik ordu gutxitara, Alfredo Perez Rubalcabak gogoratu zion Nafarroan benetan nor zen PSOE, eta PSNk men egin zuen.

Une hartan, Jimenezek ez zuen dimisioa eman, «erantzukizunagatik». Alta, argi zegoen hilotz politiko bat zela, eta, 2014ko udazkenean, Maria Txibitek hartu zuen gidaritza. Inkoherentziak krisi betean murgildua zuen alderdia, eta, 2015ean, behea jo zuen boto kopuruan. Barkosen gobernuaren legealdian, egoera hari buelta ematea izan zuen zeregin nagusia. UPNren lorratzari segika oinarritu zuen oposizio lana, baina barrutik alderdiko egiturak gaztetu eta eraberritu zituen.

2019an sortu zitzaion aukera. Madrilen, Pedro Sanchezek alderdiari emandako bultzada probestu zuen PSNk. Foru hauteskundeetan EH Bilduren eta Geroa Bairen aurretik geratzea lortu zuen, eta Ferrazek lema kolpea jotzea babestu zuen oraingoan. Sanchezen konfiantzazko gizonen artean zegoen (eta oraindik ere hala dago) Santos Cerdan milagroarra, eta hark bermatu zuen norabide aldaketa.

Egungo PSN

UPNrekin batera aritzeak haren makulu izatera behartzen zuen bezala, egungo aliantza jokoak nagusitasuna bermatu dio PSNri, hauteskunde emaitzei esker. Gobernuan dagokiona baino botere gehiago lortu du, hark markatzen du erritmoa, eta gauzak noraino hel daitezkeen zehazten du. Hala, politika sozialetan sakontzeko arazorik ez du izan, baina Madrilekin tentsioak sor zitzaketen gaietan tentu handiz zaindu du PSOEri enbarazu ez eragitea; eta euskararen arloan, eskuinaren estrategiarekin bat egin du.

Jarrera horrengatik, Geroa Baik konfiantza galdu du. Negoziazioetan PSN saiatu da bere botere organikoa handitzen, eta,eroso dagoen bitartean, oraindik tartea du aurrera egiteko. Madrilen, Sanchezek eta Cerdanek politikoki biziraun dute, eta badirudiFerrazengandik nahi duena eskuratzeko ahalmena galdu duela UPNk.Dena den, eskuinarekiko loturak ez dira erabat hautsi: 2022an lan erreformaren inguruko akordioak edo Iruñeko, Lizarrako edo Barañaingo udaletan gertatutakoak gogorarazten du penduluak noizbait zentzua alda dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.