Oibar eta Barañain dira orain, baina aurretik Mendigorria, Larraga eta Lerin izan ziren. Baita Lezkairu eta Antzin ere. Nafarroako eremu geografiko ia osoa hartzen du euskararen aurkako oztopo administratiboen mapak. 2016an D eredu publikoan ikasteko eskubidea herrialde osora zabaldu zuten arren, udalerri eta auzo askotan salatu dute administrazioak «era guztietako trabak» jartzen dizkiela euskarazko eredua hautatzen duten familiei. Horiek denak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur dozenaka lagunek, Euskararen Defentsarako Sareak deituta, Iruñeko Sarasate pasealekuan.
PSNren egoitzaren aurrean elkartu dira manifestariak, uste baitute euskararen aurkako trabek ez dutela etenik izan 2019. urtetik, hain justu Maria Txibiteren alderdia agintera iritsi zenetik: «PSNren eskuetan dago Hezkuntza Departamentua, eta beti ari da euskarari trabak jartzen», laburbildu du Fermintxo Zabaltzak, Euskararen Defentsarako Sareko kideak: «Egoera bertsuak ikusi ditugu Mendigorrian, Lerinen, Iruñeko Lezkairu auzoan, Larragan... Kasu denetan, gurasoek mobilizatu behar izan dute eskoletan euskarazko lerroa zabaldu ahal izateko». Nafarroako Gobernuari eta PSNri egotzi diete «hitz politak» erabiltzen dituztela euskararen alde, baina praktikan euskarazko hezkuntzaren aurka ari direla: «Politika euskarafoboa ezarri du Carlos Gimeno kontseilariak».
Zabaltzaren esanetan, hizkuntza politika hori nozitu duten azkenak izan dira Oibarren D eredua eskatu duten familiak eta Barañaingo Alaitz institutuko ikasleak: «Oibarren, haur eskola irekitzeko baimena ukatu dute, eskaera aurkeztut zuten hamar familiek euskarazko eredua nahi zutelako; Barañaingo Alaitz institutuan, aldiz, euskarazko ikasgela bat kendu dute, 26 ikasle kanpoan utzita». Hala ere, arazoak erro sakonak dituela uste du Euskararen Defentsarako Sareko bozeramaileak: «Mendigorriko, Larragako eta Leringo kasuek erakusten digute aukera bakarra dela kalera ateratzea eta mobilizatzea».
Aurrez, ekainaren 13an antzeko protesta bat egin zuten hainbat familiak Oibarren, Nafarroako Gobernuak euskarazko ikasgela bat zabaltzeko jarritako oztopoen harira.