Hauteskundeak. Negoziazioak

PSNren beharrik gabe, EH Bilduk akordioa lortu du Tafallan

Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta Iniciativa por Tafallaren udal taldeekin inbestidurarako ituna hitzartu du. UPNk bere lau botoak eskaini ditu «EH Bilduk ez dezan gobernatu»

joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Iruñea, Barañain, Eguesibar etaLizarra. PSNk du Nafarroako udal nagusietako giltza, eta guztietan sozialistek argi utzi dute ez dutela ezer jakin nahi EH Bildurekin. Jarrera politiko horrek aginte makila ziurtatzen dio UPNri. Sozialistak gehiengorako erabakigarriak ez diren beste udaletan, berriz, zailago du eskuinak udal gobernura iristea. Horietako bat da Tafalla. Bertako lehen indarra EH Bildu izan da, eta, lehen postu horrek Xabier Alkuazi alkatetza errazten badio ere, inbestidurako akordioa erdietsi du hiru udal talderekin: Geroa Bai, Iniciativa por Tafalla eta Zurekin Nafarroa.

Aurreko bi bozekin alderatuta, parte hartzeak behera egin zuen Tafallan iragan maiatzaren 28an. Panorama orokorrarekin bat eginez, parte hartzea %67,44koa izan zen, eta, abstentzioaren handitzearekin batera, EH Bildu ez beste indar guztiek egin zuten behera, boto kopuruari dagokionez. Koalizio abertzaleak, aldiz, %10 egin du gora, eta hautetsi bat gehiago eskuratu du —sei guztira—.

UPN eta PSNk launa hautetsi lortu dituzte, eta sozialisten kasuan, aurreko legealdian baino zinegotzi bat gehiago izango dute. Dena den, herrian iraganeko garai oparoak amaitu zaizkie bi alderdiei. Izan ere, 1983tik 2015era bitartean, udala bi indar horien artean banatzen zuten. Batik bat, eskuineko alderdiak izan du nagusitasuna: 2015etik sei agintaldi atzera eginez gero, UPNk bostetan izan du udal gobernua.

Iragan horrekin hautsi du EH Bilduk 2015etik. Bereziki adierazgarria da 2015eko hauteskundeen emaitza, mugarria ezarri baitzuen: 2.405 botorekin gehiengo osoa eskuratu zuen. Arturo Goldarazena izan zen lau urtez alkate, baina, lau urte geroago, ia mila boto galdu zituen koalizioak, eta, bost boto eskasegatik, Navarra Suma gailendu zitzaion. Alta, orain gertatu den bezala, PSNk ez zuen giltzarik izan, eta EH Bilduk beste hiru udal talderekin hitzartu zuen Jesus Arrizubietaren inbestidura. Itun hori agintaldi osora eraman zuten, eta udalak aurrera egin du EH Bildu, IT, Ezkerra eta Geroa Bairen elkarlanarekin.

Lankidetza hori baliagarri izan da oraingoan. ITk duela lau urte baino hautetsi bat gutxiago eskuratu du, eta Geroa Baik udalean sartzeko beharrezkoa den %5eko langa gutxigatik gainditu du —botoen %5,4 eskuratu ditu—. Hala, talde bakoitzak zinegotzi bat du, eta, EH Bilduren seiak gehituta, gehiengo osoa ziurtatu du —hamazazpitik bederatzi, alegia—. Lehen indar izanda, bidea errazagoa du, baina UPNk eta PSNk bietako hautagairen bati bozkatzeko arriskua dago. Ustekabeei tarterik utzi gabe, aurreko lau urtetako lankidetza berrestea erabaki dute lau taldeek. Horri esker, Arrizubietaren eskutik jasoko du aginte makila Alkuazek.

UPNren eskaintza

Ez dirudi, hortaz, UPNk egin duen azken saiakerak inongo aukerarik izango duenik. Eskuineko alderdiak bere zinegotzien lau botoak eskaini ditu EH Bilduk alkatetza izan ez dezan. «Bildu da zerrenda bozkatuena, eta berriro ere gutxiengoan dago. Ez dugu utzi behar beste lau urtez gobernatu dezan eta bere politika sektarioak egin ditzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.