Foru Hobekuntzak 40 urte beteko ditu datorren urtean. Urteurren horren harira, atzo, Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren egunean, EH Bilduk eta Geroa Baik proposatu zuten Nafarroaren esparru juridiko politikoa zehazten duen lege organikoa berritzeko eztabaidari ekitea: proposamenean, EH Bilduk aipatu zuen negoziazio horren amaieran «subjektu politiko gisa» nafarren erabakitzeko eskubidea errespetatu behar dela; Geroa Baik eskatu zuen egungo autogobernua osatzeko eta haren gaineko azterketa egingo duen lantaldea eratzeko parlamentuan. PSNk ezezkoa eman zion EH Bilduren proposamenari, eta baiezkoa Geroa Bairenari. «Betiere, konstituzioaren barruan», argudiatu zuen Inma Jurio PSNko parlamentariak, eta gogorarazi zuen hala zetorrela zehaztuta 2019an sinatutako akordio programatikoan.
Bezperako eztabaida luzearen ostean, Nafarroaren egoerari buruzko saioaren bigarren egunak beste formatu bat hartu ohi du urtero. Taldeek aukera dute zenbait gairen inguruko ebazpenak aurkezteko. Onartzen diren testuak ez dira lotesleak, baina eztabaidak balio du ikusteko alderdien estrategiak eta ikuspegiak non diren. Adibidez, atzo, Navarra Sumak PSNren kontraesanak bilatu zituen; PSNk, ñabardurei garrantzia eman ordez, adostasun orokorrak irudikatu nahi izan zituen, eta beste indarrek beren lehentasunak azpimarratu zituzten. Esaterako, Geroa Baik eta EH Bilduk autogobernua sendotzeko beharrari erreparatu nahi izan zioten.
PSNren «pellokeria»
Sozialistek egindako zehaztapena «pellokeria» zela erantzun zion Geroa Baiko Maria Solanak Inma Juriori: «Esparru [konstituzional] horren barruan bakarrik egin daiteke erreforma. Jakina hala izango dela, nahiz eta beste batzuek nahiago genukeen bestela balitz. Partida hau jokatzean, hori da mahai gainean dagoen taula. Geroa Bairentzat, soil-soilik demokratikoki adierazitako herritarren borondate libreak ezarri behar dio muga autogobernuari. Besterik ez. Ez izan beldurrik eztabaidari».
Aipamen horrek agerian utzi zuen noizean noiz txinpartak ateratzen direla gobernuko bi bazkide nagusien artean, eta atzo ere ohartarazpen argi bat egin zuen Solanak. Izan ere, esan zuen bezperan elkarrizketaren eta aniztasuna errespetatzearen aldeko Txibiteren diskurtsoa «hitzekin baino gehiago ekintzekin» frogatu behar dela: «Gehiegitan, ozta-ozta gainditzen da elkarrizketarako ahalmen proba hori gobernu barruko bazkideen aurrean, eta herritarren aurrean kale egiten dute zenbait departamentuk eta kontseilarik».
Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak gogora ekarri zuen duela berrogei urte irregulartasunak egon zirela Foru Hobekuntzaren edukia negoziatzeko orduan: «1980an, Nafarroako Parlamentuak oinarriak jarri zituen negoziazio batzordeak kontuan har zitzan, baina hori ez zen errespetatu». Era berean, indar abertzaleak elkarrizketa mahaitik kanpo geratu ziren, eta, hortaz, «errealitate abertzalea ez zen aitortua izan», haren hitzetan. Azkenik, gogorarazi zuen Madrilek eta Nafarroak adostutakoa ez zela erreferendum bidez berretsia izan. Horregatik, EH Bilduko Laura Aznalen arabera, «une politikoa heldu da» herritarrek «beren esparru juridikoaren inguruan» erabaki dezaten.
Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko parlamentariaren esanetan, Foru Hobekuntzak ez zuen berme demokratiko nahikorik izan sorreran, eta gerora ere «gutxi» garatu da. Aznarezen ustez, eskumenei dagokienez legealdi hau besteak baino «emankorragoa» izaten ari da, baina, bide horretatik joateko borondatea agertzeaz gain, prest azaldu zen haren edukia berrikusteko. Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, «funtsezko eztabaida» da, baina «zaila» izango da ados jartzea.
«Pazientzia estrategikoa»
Bezperan egin bezala, atzo parte hartu zuten Navarra Sumako parlamentari guztiek etengabe egin zioten erreferentzia EH Bilduri, zilegitasun politikoa kentzeko asmoz. Hitzik gogorrenak Carlos Perez Nievasek erabili zituen: esan zuen «ETAren beso politikoa» izan direla eta Foru Hobekuntzan ez zutela «inoiz» sinetsi.
Adolfo Araizek Navarra Sumari argitu zion EH Bilduk ez duela presarik. «Azalduko dizuet zein den gure jarreraren zergatia: pazientzia estrategikoa. Alemaniarrek realpolitik deitzen dioten horixe».
PSNk zehaztu du «konstituzioaren barruan» egin behar dela eztabaida
Foru Hobekuntza berrikustea aztertuko duen lantaldea osatzearen alde da gehiengoa. Geroa Baik PSNri ohartarazi dio elkarrizketaren aldeko jarrera «ekintzekin» frogatu behar dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu