«PSNk urteak daramatza berdintasunaren aldeko borrokan, baina oraindik arrakala asko geratzen dira ixteko». Hitz horiekin ekin dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakari eta PSNko idazkari nagusiak Alderdi Sozialistaren XIII. Kongresuari. Gaur hasi eta bihar bitarte, oso presente egongo dira feminismoa eta korronte atzerakoien mehatxua. Gaur, mahai inguru bat egin dute hizpide hartuta hala arrakalak txikitzeko neurriak nola sare sozialek gizartean duten eragina leuntzekoak. Bihar, berriz, Txibite hautatuko dute berriro PSNren lema hartzeko.
Ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi da Kongresua. Baluarte jauregiko pasabide zabal batean antolatu du hasierako saioa. Hizki larriz Nafarroa gidatzen dioen leloak bereganatzen zuen ikusleen begirada. Ehun bat ordezkari sozialista bildu dira, baina haien artean kongresuko protagonista nagusiak falta ziren. PSOEren historia laburtzen zuen bideo bat jarri dute, eta, ustekabea eman nahirik, goialdean hari begira zegoen ikusle talde bat: Maria Txibite, Elma Saiz, Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza ministroa, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia, Ramon Alzorriz eta Santos Cerdan.
Ikusi gehiago
PSOEren ereserkiak lagunduta, arrandiaz sartu dira buruzagi sozialistak eta jarraian ekin diote mahai inguruari. Gidari lanak egin ditu Txibitek, eta, bertan azaldu duenez, azken urteetan berdintasun arloan aurrerapausoak eman badira ere, haren kontrako korronte atzerakoi bat indarra hartzen ari da munduan. «Ekintzara pasatu behar dugu, eta ez soilik salatu». Etorkizun berdinzalego eta feministago bati buruz galdetu die solaskideei.
Pilar Alegriak uste du hezkuntza «erreminta boteretsua» dela arrakalak murrizteko, eta oraindik ere bizirik dauden genero arloko rol bereiziak desegiteko. Adin txikietatik landu beharreko kontua deritzo. Garrantzia eman dio neskentzat baliagarriak izango diren erreferentziak gizarteratzeari: kasurako, emakume zientzialari aitzindariak.
Sare sozialen eraginak ere izan dituzte hizpide. «Gure garaiko erronka handia dira», aipatu du Zapaterok. Haren ustez, kapitalismoak lortu du haren bidez etekin izugarriak lortzea bere erabiltzaileen doako esplotazioa sustatuz eta aldi berean joera indibidualista eta nartzisistak areagotuz. Nerabeen jokabidea aldatzeko gaitasunaz ohartarazi du, eta bereziki pornografiaren mehatxua jarri du adibide gisa. —Netflix-eko Adolescence seriea gomendatu du—. Haren ustez, pornografia arautu egin beharko litzateke. «Nik tabakoa debekatu nuen tabernetan, eta sekulakoak eta bi entzun nituen. Begira orain». Aurrerago adierazi du sare sozial publikoa eratu behar litzatekeela, egungoaren alternatiba izango den eredu publikoa.