Uda honetan bi urte bete ditu PSNk Nafarroako Gobernuko presidentetzan, eta, Ramon Alzorriz Nafarroako sozialisten Antolaketa idazkari eta parlamentuko bozeramaileak atzo nabarmendu zuenez, aurtengo ikasturtea izanen da gobernuak aitzinera eraman behar dituen proiektuen «egonkortzearena». Baina ez hori bakarrik: urte politikoari hasiera emateko Iruñean eginiko agerraldian, PSNko eledunak nabarmendu zuen Nafarroa «susperraldiaren hasieran» dagoela, baita eredu ekonomiko, sozial eta produktiboaren «eraldaketaren» hasmentan ere.
Modu baikorrean hasi du ikasturtea PSNk, beraz, eta gainerako alderdiei eskua luzatuta ere bai. Izan ere, Alzorrizen ustez, «ezinbestekoa» da «gaur egungo beharren araberako» aurrekontuak onartzea, eta, horiek lortzeko, akordioetarako prest agertu zen atzo: «Nahi dutenak egonen dira hemen, betorik gabe». Hala, bertze talde politikoekin «elkartzen» dituenari erreparatu nahiko lioke Alzorrizek, «bereizten» dituena alde batera utzita. Navarra Sumak haiekiko duen jarrera gaitzesteko ere baliatu zuen atzokoa PSNko kideak: «Haien helburu bakarra gobernuari eraso egitea eta Nafarroaren irudi txarra ematea da».
Navarra Sumako legebiltzarkide eta UPNko buru Javier Esparzaren ustez, ordea, «Bildurekin sinatutako itunen prezioa pagatzen» hasi da PSN. Besteak beste, «argindarraren garestitzea» eta «osasun arretaren okertzea» egotzi zizkion Txibiteri.
Ezkerrak ere gobernuaren balorazioa egin zuen atzo, eta adierazi zuen haren ustez «aurrerapenak» egin dituela akordio programatikoaren betetzean. Nolanahi ere, «anbizio handiagoa» izateko galdegin zion PSNri.
EAJren «mugarriak»
Iñigo Urkulluk ere urtea bete zuen atzo Eusko Jaurlaritzako legealdi honetako lehendakari karguan, eta EAJk urtearen errepasoa egiteko baliatu zuen. Agintaldiaren lehen urtearen «balantze positiboa» egin zuten jeltzaleek: haien iritziz, pandemiaren aurkako borroka «eraginkorra», gizarte zerbitzuak «indartzea» eta ekonomia eta enplegua «suspertzea» izan dira legealdiaren lehen urteko «mugarriak».
PSNk uste du «susperraldiaren hasieran» dagoela Nafarroa
Akordioetarako eskua luzatu die bertze taldeei. Ezkerrak «anbizio» handiagoa eskatu du. EAJk «positibotzat» jo du Jaurlaritzaren lehen urtea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu