PSNk uko egin dio Iruñeko Erorien Monumentua botatzeari, baina prest azaldu da «eraiste partzial bat» onartzeko

Mausoleo frankistaren «adieraberritzearen alde» agertu da Marina Curiel bozeramailea, baina ez liokete trabarik jarriko ideia lehiaketa bati, «baldintza gisa jarrita eraikina osorik ez eraistea».

Erorien Monumentuaren aurkako protesta egin zuten hainbat elkarte memorialistak, apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Erorien Monumentuaren aurkako protesta egin zuten hainbat elkarte memorialistak, apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 5a
14:00
Entzun

Ez dute osorik bota nahi. PSNren udal taldeak atea itxi dio Iruñeko Erorien Monumentua eraisteari, eta, auzia udalbatzan eztabaidatzeko garaian, «adieraberritzearen bideari» eutsiko diote. Mausoleo frankistari beste esanahi bat emateari, alegia. Sozialistek, dena den, zabalik utzi nahi izan dute adostasunerako zirrikitu bat, udal gobernua osatzen duten taldeekin gutxieneko akordioak erdiesteko xedez: PSNren Iruñeko bozeramaile Marina Curielek iragarri du Iruñeko Udalak eraikinaren etorkizunari buruzko beste ideia lehiaketa bat antolatuko balu sozialistek ez luketela trabarik jarriko, «baldintza gisa jarrita eraikina ez dela osorik eraitsiko».

PSNren udal taldeak gaur eginiko agerraldian egin ditu adierazpenak Curielek. Urte politiko berriko erronkak aletu ditu zinegotziak, eta ohartarazi du PSN «erabakigarria» izanen dela 2025eko udal aurrekontuak onartzeko tenorean: «Orain arte baino are zorrotzagoak izanen gara», adierazi du. Kontuen gaineko eztabaidan kokatu du memoria historikoaren gaineko auzia ere. Curielen esanetan, aurrekontuetako proiekturik garrantzitsuenetako bat izanen da Elkarbizitzarako Udal Plana, eta, horren barruan, Erorien Monumentua «adieraberritzearen alde» eginen du PSNk: «Bada garaia Iruñeak espazio hori berreskura dezan, esanahi frankista duen eta indarkeria politikoaren apologia egiten duen eraikin batek okupatu baitu urteetan».

Espazio hori berreskuratzeak, baina, ez du esan nahi mausoleo frankista eraitsi behar denik, Curielen ustez: «Espazioaren esanahia errotik aldatzeko eta testuinguru historiko berri bat emateko ekinbideak helburutzat izan behar du bakearen, elkarbizitzaren, memoria demokratikoaren eta giza eskubideen defentsaren balio unibertsalak zabaltzea». Helburu horrekin, PSN prest azaldu da eraikinaren zati bat eraisteko, baina ez monumentu osoa.

Ikusteko dago zer dioten udal gobernuari eusten dioten taldeek PSNk jarritako baldintza berri horri buruz, iaz adostu baitzuten Erorien Monumentuaren auziari konponbidea ematen saiatuko direla legealdi honetan, 2019an etendako ideia lehiaketari segida emanez. Orduko hartan, lehiaketara aurkeztutako proiektuetako batek, behintzat, eraikin osoa eraistea planteatzen zuen.

UPNk etendako bidea

2015ean, UPNri aginte makila kendu izanak zirrikitu bat zabaldu zuen auziari behingoz heltzeko eta eremua ikonografia eta mezu faxistez garbitzeko —ordura arte, ikur frankistak oihalekin estaltzea eta eraikina «erakusketa areto» bihurtzea izan zen Yolanda Barcina eta Enrique Maia alkateek egin zuten bakarra, 2007ko Memoriaren Legeak behartuta—. Joseba Asironen udal gobernuak mausoleotik atera zituen Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak, eta lehiaketa bat abiatu zuen monumentua eraisteko edo eraldatzeko —zazpi proiektu iritsi ziren finalera—. Prozesu hura, baina, etenda gelditu zen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat tarteko, eta UPNk, atzera ere alkatetzara itzulita, bazter utzi zuen 2019an. Alkate makila berreskuratuta, bide horri berriro ekitea proposatu zuen Joseba Asironek: «Konponbiderik egokiena izanen da Iruñeko herritarrek beraiek aukeratuko dutena», adierazi zuen.

Zenbait talde memorialistak, ordea, kezka agertu dute: uste dute monumentua eraistea dela aukera egoki bakarra, eta arrasto frankista oro desagerrarazita soilik lortuko dela zauria orbaintzea. «Eraikin honek biktimagileen oroimena betikotzen du, eta biktimena ezabatu; eta haiengatik, biktimengatik, eraitsi beharko litzateke», aldarrikatu zuen Amaia Lergak, Nafse-36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kideak, iragan apirilean eginiko protesta batean.

Izan ere, Nafarroako 26 elkarte memorialistak manifestu bateratua sinatu dute Erorien Monumentua eraisteko eskatuz. Agiria sinatu zuten, besteak beste, Txinparta, Bideko Mitxingorria, Euskal Memoria, Erreniegako Hilobiak, Altafaylla, Orreaga eta Maravillas Lamberto elkarteek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.