PSNk oposiziotik UPNren gobernua babestea baztertu du Jimenezek

Lurralde batzordeak aho batez onartutako ebazpenak dio «jokaleku guztiek» irekita jarraitzen dutela

Roberto Jimenez, atzo, Iruñean egindako PSNko Lurralde Batzordearen bileran. JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Zalantzak ez dira argitu. Atzo bilera erabakigarria zuen PSNren Lurralde Batzordeak, kongresu arteko organo gorenak, eta bertaratutako 162 militanteek, lau ordutik gorako eztabaidaren ostean, aho batez onartu zuten bi orriko ebazpena. Agiriak ez du PSNknorantz joko duen argitzen, eta «jokaleku guztiek» irekita jarraitzen dutela berresten du. Lurralde batzordeak baimena ematen dio Roberto Jimenez idazkari nagusiari hurrengo astean elkarrizketak hasteko beste alderdiekin, «programa sozialistara gehien gerturatzen den formula onena»zehaztu dezan. Hala ere, Jimenezek berak bileraren hasieran esandakoaren arabera, PSNk baztertu egiten du legealdi honetako formula; oposiziotik UPNren gobernua babestea, alegia. «Herritarrek argi eta garbi esan digute egonkortasunerako formula hori ez dutela nahi PSNrentzat».

Ezer ez dago aldez aurretik idatzita. Mezu hori igorri nahi izan dio iritzi publikoari PSNk. Ebazpenak azpimarratzen du beste alderdiekiko ez dutela inongo betekizunik, eta euren ardatz nagusia programa politikoa dela. Hurrengo astean hasiko diren elkarrizketei begira bi baldintza jarri ditu PSNk: batetik, krisitik ateratzeko egonkortasun politikoari eta instituzionalari eustea, eta, bestetik, ongizate estatuari eustea. «Gure programa sozialdemokrata da, eta inoiz ez diogu uko egingo gure printzipio eta balioei. Gure proiektua defendituko dugu, hala gobernutik nola oposiziotik».

Abisua alderdi barrura

Negoziazioei begira kartak agerian ez uzteko asmoari erantzuten dio hein handi batean PSNren ebazpenarenanbiguotasunak, baina, era berean, alderdi barruko kohesioari eusteko borondatea ere adierazten du. Aste osoan PSNko zuzendaritzak Nafarroako eskualde guztietako ordezkarien iritzia entzun du, eta ondo zekien arriskutsua gerta zitekeela lurralde batzordean zatiketa islatzea. Izan ere, bolo-bolo dabil UPN eta PSNren arteko koalizio gobernu bat hitzartzeko aukera, eta, horren aurrean, publikoki hainbat udaletako sozialistek agerian utzi dute formula horren aurka daudela.

Horregatik, atzo goizeko bilera erabakigarriaren hasieran, oso haserre agertu zen Roberto Jimenez publikoki hitz egin duten kideekin. «Zuekiko [militanteekiko] erakutsi dudan errespetu bera beste kide batzuk izatea nahi nuke, hortik zehar gezur hutsak diren gauzak zabaltzen egon beharrean. Nik ez dut inongo iritzirik eman, eta aldez aurretik nire ikuspuntuaren berri ematen ari dena erabat okertuta dago. Erabakiak, hemen [lurralde batzordean] hartuko dira, alderdiari zor zaion errespetuz. Hori hala izango dela bermatzen dut».

Bere hitzaldiaren bidez, mahaian kolpea jo nahi izan du zurrumurru eta aurreiritzi guztien aurrean. Programa eskuetan zuela, militanteei aipatu die egitarau horri zor diotela guztia, eta «ez beste ezeri». «Harritu egiten nau batzuk gurdia idien aurretik ipini nahi izatea, hau aulkien jokoa balitz bezala. Batzuekin-besteekin; han-hemen... hori guztia soberan dago». Bere mezuak ondorioak izan ditu, eta Jimenezek lurralde batzordean zatiketa saihestea lortu du, azken ebazpena aho batez onartu delako. Gainera, organo gorenak bidea libre uzten dio negoziazioei ekiteko.

Dena den, hala Jimenezek nola batzordearen azken ebazpenak beste alderdiei ohartarazi die PSNrekin ituna egin ahal izateko «programa sozialistara hurbildu» beharra dagoela: «Gu alderdi aurrerakoia gara, ezkerrekoa. Hori mundu guztiak daki, eta alderdiren batek ez badaki, azkenean hala dela ikasiko du», ohartarazi du Jimenezek, eta promes egin du ez diola traizio egingo Alderdi Sozialistaren 130 urteko historiari.

«Nafarroa norabide baterantz edo besterantz» joateko giltza du PSNk, eta botere hori baliatu nahi du: «Ulertu nahi ez duenak ez dezala ulertu. Bederatzi parlamentari ditugu, baina baita rol garrantzitsua ere, eta horretaz baliatzera goaz, arraioa».

Zuzenean aipatu ez arren, UPN ere gogoan izan du Roberto Jimenezek. Yolanda Barcina UPNren hautagaiak behin eta berriz esan du koalizio gobernua zehaztu aurretik gobernuaren ildoak eta programa zehaztu behar direla. Era berean, Diario de Navarra egunkariari UPNko iturriek aitortu diote mesfidantzaz ikusten dutela koalizio gobernua, bi ildo politiko exekutibo bakarrean egotea arriskutsu jotzen dutelako. UPNk begi txarrez ikusiko luke PSNko kontseilariak bere kabuz aritzea, eta horregatik «marra gorriak» zehazteko beharra aipatu dute, UPNren profil argia duen gobernua zehazteko.

Kontzeptu hori ez zaio oharkabean pasa Roberto Jimenezi, eta negoziatzen hasi aurretik, ohartarazpena igorri dio Barcinari: «Marra gorriez hitz egiten da hor nonbait», esan du ironia zein sumina tartekatuz. «Marra gorrien, xantaien eta mehatxuen aurrean, ideiak, proposamenak eta programa», erantzun du irmo.

«Emaitza kaskarrak»

PSNko idazkari nagusiakhauteskundeen irakurketa ere egin du, eta «gordinki» onartu du «emaitza kaskarrak» eskuratu dituztela foru eta udal hauteskundeetan. Zergatia azaltzerakoan, PSOEren gainbeherak zerikusia izan duela uste du, eta gogoan hartu du Europa osoan krisiak ordaina pasa diela gobernu ardurak dituzten alderdiei. Halere, Jimenezen ustez, arrazoi horretara mugatzea «beste aldera begiratu eta koldarkeriaz jokatzea» litzateke. Bere ustez, lau urtez PSNk egindako lana ez dute babestu herritarrek. «Herritarrek nondik joatea nahi ez duten adierazi digute», ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.