Inbestidura saioak. Udalak. Koldo Leoz. Lizarrako EH Bilduko hautagaia, jarduneko alkate

«PSNk oposizio gogorra egin du, UPNk egindakoa baino gogorragoa»

Gaur erabakiko dute Lizarrako militante sozialistek eskuinaren udal gobernua ahalbidetzen duten edo ez. Horren zain, Leozek alderdi guztien artean elkarrizketa egon dadila aldarrikatu du, inongo betorik gabe

GORKA RUBIO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Larunbatean erabakiko da nor izango den hurrengo Lizarrako alkatea. Udal hauteskundeetan Navarra Suma izan zen lehen indarra, zazpi hautetsirekin. EH Bilduk gora egin zuen eta sei hautetsi lortu. Geroa Baik hautetsi bat soilik izanik, PSNk du alkatea hautatzeko giltza. Gaur arratsaldean, herriko militanteek batzarra dute eta zer egin erabakiko dute: Ferrazen irizpidea bete eta eskuinari udala eman, edo betoa saihestu eta talka politikoa bilatu. Emaitzaren zain, zuhur mintzo da Koldo Leoz jarduneko alkatea (1979, Lizarra).

PSN alderdi guztiekin bildu da, baita EH Bildurekin ere. Nolakoa izan zen bilera?

Tramitekoa. PSNko hautagaiak publikoki esan zuen guztiekin bilduko zela, eta elkartu ginen. Gutxienez modu normalizatu batean eseri ginen, bakoitzak bere ikuspegia azaltzeko.

Zer adierazi zizueten?

Nahiago dut eurek esatea, ez dudalako ezer korapilatu nahi.

Asteburu honetan, Twitterren, sozialistei mezu bat helarazi zenien elkarrizketa politikoaren alde, oro har eurek ezarritako betoaren aurka. Hori bera esan zenien bileran?

Bai, demokrazia batean, alderdi politikoek egin beharreko funtsezko ariketa da gutxienez hitz egitea. Gero, akordioak egitea zailagoa da; batzuetan lortzen dira, beste batzuetan ez.

Harremana nolakoa izan da lau urteotan?

Hasteko, udal gobernua egin genuenean, UPN eta PSN oposizioan geratu zirelarik, eskatu genien gobernu batzordeetan parte hartzeko. UPNk idatziz esan zigun ezetz, eta PSNk ahoz baino ez, ez zuen idatziz uko egin. Horregatik, gobernuaren batzordeetako aktetan azaldu dira, nahiz eta ez joan bileretara. Eskaini genien batzorde batzuen buru izatea ere. UPNk uko egin zion, eta PSNk hartu zuen kirola. Horretarako, abstenitzea eskatu ziguten. Zergatik? Ferrazen ez izateko zigorrik, pentsatzen dut, gure botoekin ezin baitzuten horrelakorik egin bestela. Egon dira legealdi osoan kirol arloa zuzentzen.

Eta gainontzean, zer jarrera izan dute?

Nahiko oposizio gogorra egin du, UPNk egindakoa baino gogorragoa. Azken finean, beraiek izan dira oposizioa hemen, Lizarran. Bi zinegotzi zituzten, eta gobernu taldeak, hamar. Beti aurrera ateratzen genituen gauzak gehiengo osoa genuelako. Eurak izan dira oposizio gehien egin dutenak, eta, hori hala izanda ere, ez da eragozpen izan hainbat mozio eta kontutan berdin bozkatzeko.

Aurrekontuetan, kontra bozkatu dute ala egon da adostasunik zerbaitetan?

Kontra bozkatu dute, baina altxortegiko soberakinak inbertsioetan banatzeko orduan, ez ziren kontra jarri. Ez dut gogoan alde edo abstenitu ziren. Egon dira uneak non saiatu diren ezkerreko indarren alboan ipintzen.

Eta zer espero duzu gaur?

Ezin dut ezer esan gertatzen dena jakin arte. Kalean bai ikusten dut PSNko militanteen artean dagoela eztabaida, eta batzuk guri botoa ematearen alde daudela, eskuindarrei atea ixteko.

Haserrea nabari da kalean?

Oraindik goiz da. Oraintxe ez nuke esango haserrea dagoenik kalean, baina badaude jarrera kontrajarriak, eta batzarrean ikusiko da zein jarrerak duen sostengurik handiena. Horren isla izango da haien botoa.

Aurreko legealdian gehiengoa zenuten. Zergatik galdu duzue gehiengo hori?

Oso erraza da azaltzea. Estatu mailan ikusi da, eta Nafarroan ere nabaritu da Podemosen hondoratzeak eraman dituela aurretik gauza asko. Hemen elkarrekin joaten ziren Podemos, Ezkerra eta Lizarrako talde independente batzuk. Duela lau urte, horrek jende ezkertiarrengan ilusioa piztu zuen. 1.100 boto lortu zituzten eta hiru zinegotzi; orain, berriz, bananduta joan dira, eta, Nafarroan eta Iruñean izan dituzten liskarrak ikusita, jendea desmotibatu egin da. Ez dute lortu ordezkaririk. Haien boto asko itzuli dira PSNra, eta beste batzuk etorri dira EH Bildura. Hori izan da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.